Karmele Mitxelena: 'Testua interesgarria eta dibertigarria izatea gustetan jat'

Koldo Isusi Zuazo 2022-07-11 08:05   Barriketan

Idazlea.

Oraintsu irabazi dau gipuzkoarrak Mikel Zarate ume literatura saria Marrubizko uda izeneko istorioari esker. Holan erabagi dau Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak eta idazleak eroango dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko dau.

Lezamako Udalak eta Elkar Argitaletxeak sortu eben sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez eta hamabigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Miren Agur Meabek irabazi eban orain urte bi eta igaz atondu barik geratu zan.

Aurten, dozena bat lan lehiatu dira eta horreen artean Karmele Mitxelenak idatzitako eleberria hautatu dau epaimahaiak. Marrubizko uda izeneko istorio honek familia baten zelebrekeriak ditu ardatz, kanpin batean uda-pasa, umorez eta ironiaz blai.

Karmele Mitxelena Etxebeste Oiartzunen jaio zan 1988an. Irakasletza eta Ume Hezkuntzako gradua ikasitakoa da; irakasle lanetan dabil eta horrezaz gan sari ugari irabazitakoa da bai bertsolaritzan (bertso idatzietan batez be), baita narratiban be. 2019an, Erakusleihoan album ilustratua argitaratu eban (urte
bereko Peru Abarka saria).

1.- Zorionak Mikel Zarate Ume Literatura Saria irabazi ondoren. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte) idatzi behar da kasu honetan eta, akaso, gatxagoa izan daiteke helduentzat idaztea baino. Zein da zure eretxia?

Kanpotik begituta, helduentzako idaztea gatxagoa izan daiteke baina umeentzat idaztea ez da bromea, nahikoa zorrotzak dira eta ez deutsue ezer parkatzen. Jakin egin behar da zeintzuk diran 6-12 urte arteko umeen interesak, gaiak eta holakoak eta idazlearentzat nahikoa lan izaten da umeen barruan zer dagoan
asmetea baina lan ederra da.

2.- Sariaren helburua da umeentzako irakurgai barriak sortzea eta idazleen lana bultzatzea. Zelan bideratzen dozuz testuak, irakurterrazak izatea da baldintza nagusia ala hizkuntzea, egitura eta azpiegiturak, hiztegia korapilatzea izaten da idazlearen egitekoa?

Norentzat idazten dozun jakitea, irakurlea nor izango dan jakitea interesgarria izaten da ze horren arabera idatziko dozu modu batean edo bestean. Helduentzat idazten zabizenean, korapilatze horretan gustora ibilten naz baina irakurterraza baino gehiago testua interesgarria eta dibertigarria izatea gustetan jat.

3. Umorea eta ironia darabilzuz Marrubizko uda lan sarituan. Zer topauko dau irakurleak liburuan?

Istorio errealistea da, kanpin batean uda-pasan, familia baten eguneroko gorabeherak dakarzana, edozein familiatan, edozein herritan jazo daitekezan kontuak jorratu dodaz umorea eta ironia erabiliz. Esan deutsudan legez, holako kontuak gustetan jataz, istorioak dibertigarriak izatea irakurleak di-da erakarteko
modukoak izatea.

4.- Zer izan da saria?

Pozarren nago, batetik, 3.000 euroko saria da eta, bestetik, liburua Elkar argitaletxeak kaleratuko dau udagoienean edo. Liburuaren ezaugarri eta kontetan dodazanen arabera, Elkar argitaletxeak berak erabagiko dau ilustrazinoak nork egingo dituan.

5.- Igazko etenaren ostean, dozena bat lan aurkeztu dira aurten. Eta sarituen artean, Miren Agur Meabek irabazi eban orain urte bi. Bildur-ikararik sentiduten dozu holako idazleak irabazleen zerrendea ikusten dozunean?

Bildur-ikarea baino poza sentiduten dozu ze Miren Agur Meabe idazle bikaina da eta beste handi batzuk be badagoz hor eta irabazleen zerrendan neurea ikustea oso pozgarria da. Lehiaketa honetan garrantzitsuena da liburua argitaratzen deutsuela, jentearengana errazago heltzen zara eta beste kasu batzuetan ez da
holako aukerarik izaten.

Ereduen artean, irakurten dodazan lanon artean eta gauza handirik ezin deutsut esan izen bat nabarmendu eta besteen hasarrea eragin leikelako, danetarik irakurten dot eta umeentzako literaturea asko gustetan jat baina izen batzuk aitatzekotan Eider Rodriguez eta Karmele Jaio nabarmendu neikez.

6.- Sari ugari irabazitakoa zara bai bertso idatzietan, baita narratiban be. Album ilustratuak be egin izan dozuz. Non zabiz gustorago?

Bai. Danak nabarmentzea ez da erraza izango, saltsa guztietan sartzen naz, arlo danatan nabil gustora baina idazle zereginetan asko disfrutetan dot, umeentzat idaztea gustetan jat. Ekin eta ekin zabizenean eta egindakoak saria dakarrela ikustea oso aberasgarria da.

Ganerakoan, bertsotan umetan hasi nintzan eta orain urte batzuk 25. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketea irabazi neban Bigarren eskuko bihotzak lanari esker, Mungiako San Antontxu Bertso Paper Lehiaketea eta birritan irabazitako Durangoko Julene Azpeitia Bertso Paper Lehiaketea be gogoratzen dodaz. Baina plaza kontuak baztertu, egindakoak gogoan hartu eta gaur egun papel zuriaren aurrean nabil gustora.

Ilustrazinoaren munduan be ibili izan naz baina gurago dot horretan espezialistak ibiltea.

7.- Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez sortu eben sariketea Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Arauotan edo oinarriotan ba al dago derrigortasunik gai zehatz batzuk jorratzeko?

Ez, holakorik ez dago. Karakter kopurua, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat idatzi behar dozula eta zehazten deutsuez baina gaiok eta geuk erabagiten doguz.

8.- Bihar-etzirako erronkarik badozu?

Momentuan momentukoa. Idazten jarraitzeko amesa daukat sariok indarra emoten deutsue aurrera egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu