Karmele Mitxelenak eta Goio Ramosek irabazi dabe XXIII. Agustin Zubikarai Bekea

Bizkaie! 2023-11-06 07:54   Kulturea

Idazle bien artean ex-aequo banatu da aurtengo saria.

Karmele Mitxelena Etxebeste eta Goio Ramos Villanueva. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak atontzen daben Augustin Zubikarai sarian, hogeita hamabi lan aurkeztu dira guztira, oso maila onekoak. Halanda ze, proiektu bi saritzea erabagi dabe Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak; Karmele Mitxelena oiartzuarraren Zoriontasuna, edo antzeko zerbait eta Goio Ramos basauriarraren London Calling.

Bien artean banatuko da zortzi mila euroko saria, eta lan biak datorren urtean argitaratuko dira. Saria, Ondarroako Kofradia Zaharrean jaso eben, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zan igazko proposamen irabazlearen emaitza: Patxi Zubizarretak idatzitako Loak ezkutatzen duena eleberria hain zuzen be.

Zoriontasuna, edo antzeko zerbait 

Zoriontasuna, edo antzeko zerbait da Karmele Mitxelenaren proiektuaren izenburua, eta alargun geratu barri dan emakume heldu batek (Mariak) egindako bidaia kontauko dau, bere burua berrasmau nahian. Sentimenduak nabarmentzen diran eleberri bat da (poza, hasarrea, tristurea, lotsea, errua…), lehen personan idatzitakoa.

Mitxelena 1988an jaio zan Oiartzunen eta bertan bizi da. Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako irakaslea da, ikasketaz eta lanbidez. Literaturan nahiz bertso idatzietan sari ugari irabazitakoa da, besteak beste, Erakusleihoan album ilustratua (Peru Abarka saria), Marrubizko uda haur kontakizuna (Mikel Zarate saria) eta Haragizko mamuak ipuin-bilduma (Donostia Hiria saria).

London Calling 

Goio Ramosek, barriz, bere pasino bi buztartu ditu London Calling nobela-proiektuan, literaturea eta musikea hain zuzen be. 80ko hamarkadan, Hilotzak musika-taldea da ardatza, eta horren inguruan gai ugari agertuko dira, esaterako, drogak, politikea eta hartu-emonak. Taldekide baten alabeak gaur egun Londreseko metroan kantu bat entzutean hasten da kontakizuna.

Ramos 1966an jaio zan Basaurin, baina Ugaon bizi da. Euskal Filologia ikasitakoa da, eta irakaslea lanbidez, Bilboko Iralen. Gazteentzako kontakizun bi idatzi ditu,  Basajaunen misterioa (Baporea saria) eta Izeko Mirenek lagun berria du.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu