Gotzon Gomez Gerediaga Alkarteko buru eta Asun Elorriaga buruorde dira nobedadeak

Bizkaie! 2025-05-26 13:09   Kulturea

Azken 22 urteetan Gerediaga Alkarteko buru izandako Nerea Mujika badoa.

Asun Elorriaga, Nerea Mujika eta Gotzon Gomez. | Ikusi handiago | Argazki originala



Gerediaga Alkarteak astegoienean Abadiñoko Gerediaga auzoko foru-zelaian urteroko Batzar Nagusia egin eban. Urte birik behin, zuzendaritza taldeko kideak barritzeko prozesua zabaltzen da eta 60. urteurrenagaz batera, Zuzendaritza Batzorde barria eratu da. Batzar Nagusian, aho batez, Zuzendaritza Batzorde barria eta batzordeko karguak be onartu dira.

Zuzendaritza barria

Azken urteetako Zuzendaritza Batzordeagaz konparauta, lagun bik euren kabuz itxi dabe parte-hartzea eta beste persona bi sartu dira. Danetara, 9 lagunek osotutako Zuzendaritzea izango da.

Azken 22 urteetan Gerediaga Alkarteko buru izan dan Nerea Mujikak eta azken urteetan diruzaina izan dan Belen Bengoetxeak alkarteko zuzendaritzea ixteko erabagia hartu eta ez eben barrizte prozesura euren burua aurkeztu. Batzordeko kide barri modura, barriz, Abadiñoko Oihana Azkorbebeitia izan zan persona bakarra.

Batzar Nagusian onartutako ordezkaritza karguak honeek izan dira:

  • Burua: Gotzon Gomez Barrenetxea.
  • Buruordea: Asun Elorriaga Albizu.
  • Idazkaria: Aingeru Mimentza Sanchez.
  • Diruzaina: Gemma Telletxe Kortabarria.
  • Bokalak: Karmele Etxanagusia Atutxa, Mikel Agirregabiria, Goiuri.Aldekoa-Otalora Txintxurreta, Olatz Plazaola Sopelana eta Oihana-Azkorbebeitia Urizar.

Nerearen agurra

Hamarkada bitako ibilbidea laburbatzeko ikus-entzunezko baten ostean Nerea Mujikak ondokoa zehaztu eban: emozionauta nago, pozik noa, 44 urtegaz sartu nintzan buru eta Elkartea bera be bai, ezbardinak ginan eta alkarterako kudeatzaile bat izateak esangura askotan aurrerapausua izan da.

Urte honeetan guztietan Gerediagan ezagutu dituan ikerlari eta historialariak eta bidelagunak eskertu zituan eurekaz batera ikasteko eta Durangaldearen alde lan egiteko aukerea emotearren. Gerediaga Alkartearen agiriko arpegia bera izan arren, talde handi bat izan dauela lagun, eta oso eskertuta agurtu zan Nerea.

Buru eta buruorde barriak

Gotzon Gomez Barrenetxea

Gotzon Gomez durangarra da. 1970. urtean jaiota, Deustuko unibersidadean filologia ikasi eban. Gero, Durangoko Jesuitak ikastetxean emon ditu 30 urte baino gehiago euskera eta literatura irakasle lanetan. Gotzon, Durangoko Errugbi Taldeko kide modura be ezaguna da herrian. Bertan jokalari eta entrenatzaile ibilitakoa da. Kirol taldean euskera arduraduna be izan da 30 urtez. Gerediaga Alkarteko zuzendaritza batzordeko kidea izan da azken 8 urteetan eta Deustuko Unibersidadean be irakasle izan zan Nerea Mujikak animauta.

Gotzon Gomezek ere hartu zuen atzo hitza elkarteko lehandakari izendatutakoan. Txikitatik euskararekiko maitasuna transmititu zioten ama eta aitarentzat izan zituen lehenengo berbak. Baina, batez be, jesuitatan irakasle izandako Koldo Isusi eta Gerediaga Alkarteko sortzaile be izan ziran Koldo Alzibar eta Bego Urizar eskertu zituan.

Asun Elorriaga

Orain arte Gerediaga Alkarteko idazkari izan dana, orain, buruordea izango da. Gotzon Gomezegaz batera Alkartearen ordezkaritzea izango dau. 1958an jaio zan Muxikako Maume auzoan.

Bartzelonako unibersidadean ikasi eban filologia eta Hizkuntza eskoletako irakasle izan zan, tartean Durangoko hizkuntza eskolako zuzendari be izan zan, jubilau arte. Gerediaga Alkarteko zuzendaritzako kide 2012tik da eta idazkari lanak bete ditu ordutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu