Nerea Mujika: 'Gure erronkea gazteak erakartea da'
2015-06-01 11:05 BarriketanGerediagako presidentea
Egungo Gerediaga Elkartea 1965. urtean sortu zan Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea izen ofizialagaz, eskualdeko bizitza sozial eta kulturala berpiztu guran. Beraz, urteurren borobila dogu aurten, 50 urte bete ditu Gerediagak.
Topa Gerediaga izenagaz, bagilaren 7an ospatuko dau Gerediaga Elkarteak 50. urteurrena. Abadiñoko Astola auzoan dagoan auzitegi-etxearen aurrean egingo dira ekitaldiak, eta bazkideez gan parte hartu nahi daben guztientzat zabalik izango da jaia.
Azken 11 urteotan Gerediagako buru dan Nerea Mujikagaz ondoko barriketaldia egin dogu:
1.- Hasteko zorionak, 50 urteko jarduna ez baita bromea. 50 ez baina urte batzuk badaroazuz zuk Gerediagan, azkenaldion zuzendaritzan. Zelan bizi izan dozuz azken urte honeek?
Bai, 11 urte dira ardura hau hartu nebanetik eta oro har ilusinoz betetako urteak izan dira, ardura handiak be izan dira tartean eta disgusto batzuk be bai baina Gerediaga barrurik ezagutzea ederra izan da, sekulako esperientzia; Gerediagako presidente izanda, Durangaldearen alde lan egitea oso pozagarria da.
2.- Gerediagak izan eban lehen fase bat, 1965tik 1977ra, askatasun bako sasoia, hain zuzen eta hor alkartearen ezaugarrietariko bat izan zan hainbat ekintza eta jardueren babes-gune izatea, izan be, ikastola, gau eskola, jantza talde, Geroa antzerki taldea, euskera batuaren lehen pausuak, nekazari kooperatibak eta bestelakoak Gerediagaren gerizpean sortu eta sendotu ziran eta horregaitik da oso maitea...
Duda barik. Esan dozun lehenengo bolada haretan aterki handi bat izan zan Gerediaga eta oso pozagarria da niretzako sasoi haretan kolore guztietako lagunek osotzen ebelako alkartea eta ez zalako erraza, gaur egun be ez dan moduan, eretxi desbardinetako lagunak helburu jakin batzuen alde batzea, gure kasuan, Durangaldearen ondarea zaintzea, eskualdeko bizitza sozial eta kulturala berpiztea eta alkartearen estatutuetan agiri dan moduan, durangarren ongizatea. Kultura eta gizarte mailan susperraldi sasoia zan eta sasoi haretan helburuak argi eta jarrera sendoa izan eben gizon eta emakume hareei eskerrona adierazo behar deutsegu gaur Gerediaga osotzen dogunok.
3.- Halan da be, batzuentzat alkartea ez zan izan eskualdearen nortasuna berreskuratzeko tresna eta hor tirabira batzuk be izan ziran...
Bai, hori entzunda daukat eta egia esan ez da erraza orduko hasarre, desadostasun edo tirabira hareek ulertzea gaur egun. Baina saltsa horretan ibilitakoek eurek be ez dabe gura izaten holako kontuen ganean berba egiterik. Ez dakit horrenbesterako izan zan ala ez baina alkarte guztietan pasetan dan legez, aurrera egin ahala, eretxi eta jarrera desbardinak egoten dira eta hori bilakaera normaltzat hartu behar dala uste dot.
4.- Ibilbide luze eta emonkorrean, Ezpatadantzari eguna, Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketea, Merinalde Eguna antolatzen dozuez, arte eta historiaren ganeko erakusketak, berbaldiak eta abar. Makinatxu bat lan eginda zagoze...
Bai. Gure jarduera arruntak horrexek dira eta garbi agertzen da horregaz sasoi gogorretan danetara heltzea zala gure asmoa; lehen esan deutsudan lez, beharrizan handiak egozan urte hareetan, Frankismo garaia zan eta, modu apalean bazan be, gauza asko egin gura genduzan eskualdea suspertzeko eta biziarazoteko. Entzunda daukadanez, besteak beste, antzerki emonaldi bat antolatzen zein landare eta arbolen ganeko erakusketa bat atontzeko ardurea hartzen eban Gerediagak.
Era berean, nabarmendu gura neuke momentu batzuetan kontuan hartu dan eretxia izan dala Gerediagarena, berbarako, Aldundiak bultzatuta 70. hamarkadearen hasieran egin zan Eskualdeko Plan Nagusiaren ganean; horretara be ailegau ginan eta argitaratuta dago Durangaldeko Merkataritza Ganberaren liburuan. Gure amak esaten eban lez, jente ilustraua izan ala ez, danak parte hartzen eben eta euren eretxia modu ordenatuan emoten eben.
5.- Horrezaz gan, beste arlo batzuk be lantzen dozuez, berbarako, katalogazinoa, babesa eta ikerkuntzea. Durangaldeko herrien edozein gairi buruzko informazinoa batu eta argitaratu be egin dozue, Astola aldizkaria be argitaratzen dozue...
Gure lerroa beti izan da jagon, ikertu eta zabaldu eta gaur egun be ahalegintzen gara horri eusten. Herri mailako kontuek, ondareak beti izan dabe gure bihotzean eta lanorduetan pisu handia. Zorionez, hamarkada batzuetatik hona badaukagu euskal unibersidade bat, ikerlari talde bikaina, hainbat tresna, erakunde eta abar daukaguz, modu profesionalean lan egiten dabenak eta dana beharrean gagoz. Behin entzun neutsan Jose Angel Barrio Loza, Deustuko Unibersidadeko Arte katedradunari: Herri bakotxean Gerediaga bat egon izan balitz ondare kontuetan gauzak hobeto egon eitekezan. Horregaz zurtz eginda geratu nintzan.
6.- Dokumentategia Gerediagaren altxorra ei da. Zergaitik?
Makinatxu bat lan arlo batzen dira hor: Aldizkariak, Liburutegia, Ikus-entzunezko materialak, Material politiko-sozialak, Eskuizkribuak, Kartografia eta Grabatuak. Edozelan be, dokumentategiaren gaurkotzea eta zabaltzea ardura potoloa dira guretzako eta bihar-etzirako estrategiak lantzen gagozan honetan, ikusi beharko da egungo erabiltzaileek zer eskatzen daben, interesgarria begitantzen jaken ala ez, kasuan kasuko gogoeta eta balorazinoaren ostean, beharrezko aldaketak egiteko.
7.- Gerediagaren 50. urteurreneko ekitaldi nagusia: Topa Gerediaga, bagilaren 7an egingo dozue, alkartearen estatutuak sinatu ziran egunagaz bat eginik, hain zuzen. Zer antolatu dozue?
Bai. Abadiñoko Astolan dogu hitzordua, gure historian leku esanguratsua dan horretan, izan be, Merinoaren kartzelea bertan egon zan, gure egoitzea be bertan izan da urte askoan eta gaur egun be Dokumentategiaren zati bat be bertan dago. Hortxe batuko gara bazkideak eta bazkide ez diranak be, mundu guztiarentzako ekitaldiak antolatu doguz. Goizeko 10:00etatik aurrera, Kameratik ondareari begira argazki zaleak batu eta ondareari argazkiak egiteko ibilaldia izango da; Arkeologoa egun batez umeentzako tailerra be izango da, ustezko aztarnategi bat arakatuko dabe arkeologoen lana zelakoa dan ezagutzeko; Zer da lehentasunezkoa? mahai-ingurua; bazkaria eta kantu-erromeria be bai eta 13:00ean, Esker on ekitaldia izango dogu alkartearen 50 urteotan zuzendaritzako kide izandakoei merezidutako autortzea egiteko. Maite Berriozabalek aurkeztuta, L’Atelier Dantza Eskola eta Durangoko Orfeoiaren laguntzinoagaz.
8.- Gerediaga eta Durangoko Azokea buztartzea normala be bada, izan be, alkarteagaz batera jaio zan euskal kulturearen topagunea dan Durangoko Azokea. Aurten, 50. Durangoko Azokea izango da abenduan. Zeozer aurreratu zeinke?
Dana dator batera eta bai urteurren borobila da. Zeozer berezia antolatuko dogula, ez izan dudarik baina oraindino ez dago ezer zehaztuta. Hori bai, Azokearen inguruan sortzaile izan ziranei omenaldia egingo deutsegu eta Topa Gerediaga ekitaldirako edo Gerediagaren historia batzen dauen liburua argitaratuko dogu eta azokarako, barriz, asmoa daukagu Azokearen historia jasoko dauen liburua be kaleratzeko.
9.- Gaur egun zenbat bazkide zarie Gerediagan? Edozein egin daiteke bazkide? Zelan?
300 bat edo, hortxe bueltan ibiliko gara. Ez da ezelako baldintza berezirik bete behar alkarteko kide izateko, hori bai, ezinbestekoa da Durangaldea maitatzea eta urteko kuotea pagetea (25 euro); Astola aldizkaria, egutegia eta Gerediagako argitalpenak % 20 merkeago eroango ditue eta, beraz, kuota sinbolikoa dala esango neuke.
Interesa dabenek gure webguneko Bazkiden gunean emon leikiez datuak.
10.- Ze erronka ditu Gerediagak aurrera begira?
Lan asko dago egiteko, plan estrategikoa lantzen gabilz orain baina alkarte guztietan pasetan dan legez, erronka nagusietakoak alkartea egungo beharrizan eta interesen arabera egokitzea eta gazteak erakartea izango litzatekez. Gazteek ez dabe alkarteetan batzeko jokerarik baina asmau behar dogu gazte horreek zelan erakarri gurera, eurentzat interesgarriak izan daitekezan eskaintzak eginez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!