Nerea Mujika: 'Lauaxeta Saria jasotea bitamina antzekoa izan da guretzat'
2011-11-28 11:58 BarriketanGerediaga alkarteko burua
Lanez ganezka eta agendea topera daukala atrapau dogu Nerea Mujika, baina halan be tartetxu bat hartu dau Bizkaie!-gaz kontu-kontari ibilteko. Gerediaga alkarteak Lauaxeta Saria jasoko dau abenduaren 1ean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Diputadu Nagusiaren eskutik, euskerea eta euskal kulturea Bizkaian zabaldu eta sustatzearren. Gerediaga alkarteko kideak pozarren dagoz autortzeagaz.
1.- Gerediaga alkarteak Lauaxeta Saria jaso barri dau. Espero zenduen holango autortzarik?
Sariak ez dozuz sekula espero, uste dot. Egia esan Josune Ariztondok (BFAko Kultura diputadua) deitu eustanean, poz handia hartu genduan. Golpean akordau nintzan zenbat lagun ibili diran lanean alkartean, zenbat jente; batzuk oraindino lanean dabilzanak, eta beste batzuk ez dagozanak gure artean. Ganera, hasieran baliabide gitxi-gitxigaz egin eben behar. Pentsau neban: hareek bizirik egongo balira!, edo saria hartzera etorteko moduan egon ezkero, zelango poza!
2.- Sariek alkartea indarbarritu egiten dabe, bitamina antzekoak dira zeuontzat?
Garai gogorrak pasau doguz, nik ez dodaz barrutik bizi baina. Orain, gaur egungo egoerea dala-eta mundu guztia larri dabil, eta sari bat jasotea kontraesana dala emoten dau. Bada, bai, bitamina antzekoa, egoera honetan... Lauaxeta Saria jasotea bitamina antzekoa izan da guretzat, bai. Irratia biztu, egunkaria zabaldu, eta dana da tristurea. Sariak beti dauka alde ona, Bizkaiako Foru Aldundiak euskerearen eta euskal kulturearen alde egiten dogun lana autortzea pozgarria da. Errekonozimendua emoteko modu bat da.
3.- Gerediaga alkartea Durangoko Azokea antolatzearren da batez be ezaguna, baina beste hainbat saltsatan ibilten zarie, ezta?
Artxiboetara jo ezkero, han topauko dogu zenbat ekintza handinahi bakoak antolatzen ziran; txapela zelan ipini erakusteko lehiaketea, Durangaldeko lora eta landareen sariketea eta beste hainbat. Gauza txikiak ziran, baina orduan buelta asko emon behar jakozan buruari, Frankismo sasoia zan, eta ezin zan edozein lehiaketa edo ekimen bultzatu.
Gaur egungo Gerediaga desbardina da. Hasierako borondatezko lan horretatik, aspaldi baten langile gitxi batzuk daukaguz orain, eta urte osoan egiten dabe lan. Lau lagun gara alkartean urte osoan, eta beste bi edo hiru gehiago Azoka sasoian. Gerediaga ez dago Azokara begira bakarrik, lan handia emoten dekusku, baina beste ekimen ugari egiten doguz. Gure lemea Durangaldearen alde lan egitea da. Ohiko ekintzak daukaz Gerediagak, berbarako, Ezpatajantzari Eguna eta Dantzaroa Durangaldeko jantzen agerraldia. Guk koordinazino lana egiten dogu, kartelak preparau, eta holango lan txikiak.
Folkloreaz gan, gure beste ardura handia ondarea zabaltzea eta babestea da. Batzutan salaketak egon dira, berba gogorra da, baina bertan bizi garenok konturatzen gara ze egoeratan dagozan eraikin batzuk. Alde errebindikatibo horregaz batera, ondarearen barri eskaintzeko berbaldiak eta bestelako ekimenak atontzen doguz. Ikerketa txikiak be egin doguz; azkenengoa Durangaldeko baserrien inbentario zehatza izan da, argazkiekaz, fitxatxu batzuk eta bibliografiagaz. Lan handia izan da, hau ez da unibersidadea, eta ez gara profesionalak arlo guztietan. Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzen dogu, Aldundiagaz eta Durangaldeko udaletxeekaz batera. Eta horrezaz aparte, Artzai Txakur Txapelketea be antolatzen dogu.
4.- Gerediagak, ganera, artxibategi garrantzitsua dauka...
Ikertzaile eta ikasle askok tesia hastera doazenean, geuregana joten dabe. Izan be, Durangaldeko dokumentategi bitxi bat daukagu, material guztia Durangaldeari lotutakoa da-eta. Horregaz batera, Jon Irazabal be hor daukagu; unibersidade irakaslea nazen aldetik, gura neuke bera moduko irakasle edo ikasleak izatea, hainbeste dakienak. Gure Jon beti dago prest, beti laguntzeko prest. Bera da Gerediagak daukan altxorretako bat.
Azkenengo urteetan, ondarea eta gure nortasuna azaltzeko modu bat topau dogu, Astola aldizkaria. Oraintsu atara dogu bosgarren zenbakia. Historia eta kultura aldizkaria da, Durangaldeko gaiak jasoten doguz, Durangaldeko herritarrentzat interesa daben gauzak.
5.- Alkarteak 46 urte ditu, zeintzuk izan dira mugarri garrantzitsuenak?
Dana ez da izan bikaina, eta beti ez gara gailurrean egon. Nik ez nituan garai hareek bizi, baina Gerediaga hasieran ekintza askoren goardasola izan zan; antzerkia, ikastolak, gaueskolak... Jente asko egon zan beharrean, egoera benetan be larrian. Gerediaga alkarte baimendua zan, ofiziala. Demokrazia ailegau zanean, bakotxak bere bidea hartu eban. Orduan, batzuk pentsau eben Gerediagaren papela amaituta egoala. Detaile askorik ez daukat, hori idazteko dago. Eten bat egon zan garai horreetan, larrialdi bat, baina apurka-apurka alkarteak aurrera egin eban.
Gaur egungo profesionaltasun mailea lortzea momentu garrantzitsua izan zan, orain hamar bat urte. Aldaketa handia izan zan. Aldaketa hori gauzatu zan alkarteak plan estrategikoa egin behar dauela erabagi ebanean. Langileek egunerokoagaz nahikoa eukela, eta kudeatzaile bat behar dogula ikusi genduan, kontuak hobeto bideratzeko, dirua kudeatzeako eta abar. Borondatezko lanaz funtzionetan dauen alkarte izatetik beste horretara igarotea oso inportantea izan zan. Jon Irazabalek lehenengo nominea jaso eban eguna zein garrantzitsua izan zan esaten dau, adibidez.
6.- Orain zortzi urte Gerediagako presidente zarena, zeintzuk izan dira zure buruko minik handienak urteotan? Lorpenik handienak?
Buruko min asko izan dira, ez pentsau. Handiena? Gauzak ondo egitea, etxean erakutsi deuskuen moduan. Eta zer dan gauzak ondo egitea kultura mailan? Logotik hasita, dana ondo egin gura izatea. Logoari zenbat buelta emon geuntsazan gogoratzen dot, logo zaharretik barrira. Lantaldearen egituraketa barria, profesionaltasuna zelan lortu gure baliabide txikiekaz... Gauza asko izan dira urteotan. Gerediaga zer dan gizarteratzea be ardura handia izan da, akaso sari honegaz lortuko dogu. Askoren eretxiz, esaterako listo koadrilea gara. Gerediagak ateak zabal-zabalik daukaz, edonorentzat. Durangaldeko alkarteekaz hartu-emonak izatea be garrantzitsua da, alkarregaz makina bat gauza egin daitekezalako.
Aurtengo buruko min handiena, dana dala, Durangoko Azokea bera da. Aldaketak izango dira aurten, baliabide eta formatu desbardinez osotutako kultura azoka garrantzitsua izango da. Horren ganeko hausnarketea, zutabeak sendo eregitea, izan da gure asmoa azkenengo urteetan. Isil-isilik ibili gara lanean, gure erritmoa txikia da eta. Profesionaleei itaundu deutsegu, lagunei, alkarteei, euskal kulturako persona esanguratsuei... Gure seme-alabek liburuak konsumiduten ditue, baina ez larregi be; gure kultureak beste formatu batzuk ditu. Aurtengo Azokatik aurrera norabide barri hori ikusiko dogu.
7.- Orain urte batzuk azokea egiteko lekua aldatzeko proposamenen bat izan zan, Azokara sartzeko sarrerea kobretako asmoa... Horrek guztiorrek ahaztuta dagoz?
Gerediaga alkarteak ez dau inondik inora ikusten Durangoko Azokea lekuz aldatzea, Durangotik ataratea, Durangok kokapen estrategikoa dauka, kokapen geografikoagaitik. Durangoko Azokea markea da daborduko. Sarrerearen inguruan... Orain arte baliabide publikoak besterik ez doguz erabili, aurten lehenengo aldiz ekarpen pribadua izan dogu. Diru pribadua be izan behar dala pentsetan dogu, bestela diru publikoak besterik eukiteak hipotekau egiten gaitu. Ez zan alkartearen asmoa sarrera karua ipintea, sarrera txiki bat, zenbat gauzatarako ordiantzen ete dogu sarrerea? Egia da polemika handia sortu ebala, eta ordutik aitatu be ez dogu egin alkartean.
8.- Durangoko Azokan jentetza handia ibilten da, jentetza horrek euskal kulturearen errealidadea islatzen dau?
Nik uste dot ez dala faltsua, hor dagozan produktuak hor dagoz, ez dira Txinatik ekarritakoak. Ez dogu Azokea puztu. Beharbada liburuak eta diskoak urte amaieran argiratzen dira, Azokara begira; sasoi ona da, Gabonak bertan dagoz. Hainbat baldintza dagoz jentetza handia batzeko. Topagune soziala be bada, ez da salerosketa bakarrik. Hori bakarrik izan ezkero, ez leuke hainbesteko arrastarik izango.
9.- Aurrera begira, zeintzuk dira Gerediagaren erronkak?
Gure helburua, gure neurria ondo neurtuta, XXI. mendeko Azokea preparetan hastea da. Aurton hasiko gara. Kontrara goaz, gaur egungo egoeran proiektu barrigaz gabilz eta. Erakundeak oso ondo portau dira. Orain, enpresa pribaduengana jo behar dogu, geugaz eta gure helburu nagusiekaz bat egiteko. Horreek dira gure asmoak, gure ilusinoak.
10.- Oraintsu beste zeregin batzutan be hasi zara, Deustuko Unibersidadeko Euskal Gaien Institutuko zuzendari izentau zaitue. Lana lanaren ganean, ezta?
Bai, danera ezin ailegetako, baina gustura eta pozik. 29 urte dira Deustun irakasle hasi nintzanetik. Kontua da orain beste aldea ezagutzen nagoala, zelan motibau jentea, zelan gizarteratu gure lanak eta abar. Ganezka, baina pozarren nabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!