Nerea Mujika: 'Irudi moderno eta gaurkotua egin dau Leire Urbeltzek'

Koldo Isusi Zuazo 2021-10-11 08:05   Barriketan

Pandemiak hankaz gora jarri gaituan arren, igaz online egin zan azokea eta erantzuna ez zan txarra izan eta, beraz, online saltzeaz gan, aurten, Gerediagak aurrez aurrekoa edo presentziala indartu gura dau 2021eko abenduaren 3tik 8ra egingo dan, 56. Durangoko Azokeari erreparauta. Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egongo dira aurrez aurre abenduaren 4tik 8ra eta online dendea martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra hemen. Azokea presentziala eta digitala izango da aurten, beraz.

1.- baDA! goiburupean dator 2021eko Durangoko Azokea. Burukominak burukomin, indarbarrituta datorrelako...

Bai horixe, talde handi batek urte osoan egindako beharraren ondorioz dator 2021eko Azokea, baDA! goiburupean. Burukominak izan doguz, jakina, pandemiaren erdian ibili garelako milazak lagun erakarten dituan azokea atontzen. Igaz erakusmahairik egon ez bazan be, aurten Durangoko Azoka presentziala, aurrez aurrekoa indartu gura izan dogu baina denda birtualari be ez deutsagu uko egin.

2.- Pandemia giroan, aforoak, mugak eta enparauak tartean dirala ez zan erraza izango Durangoko Azokea atontzea. Alarma egoerea bertan behera geratuko zala aurreikusterik ez egoan...

Ez, ez da erraza izan pandemiaren erdigunean holako topagune erraldoia atontzea. Prozesua luzea da, oraindino gauzak batzuk zehaztu barik daukaguz baina gustora gabiz beharrean. Igaz ikasi genduan zer zan azoka digitala, eraginak eta enparauak eta zorionez ondo ibili ginan. Holako saltsatan urteetan ibilteak
eta talde handi baten babesa eta indarra nahitaezkoak dira. Edozelan be, alarma egoerea bertan behera geratu bada be, urrian gagoz eta abendura bitartean, nork jakin ze gorabehera etorriko jakun; gaurko datuakaz egoerea ia-ia normala da eta ezustekorik ezean, aurreikusitako moduan eskainiko dogu Azokea, aurten baDA! horri eutsiz.

3.- Igaz online azokeak publikoaren erantzun ona izan eban eta aurten ez dozue aukera hori baztertuko baina aurrez aurrekoa indartu gura dozue. Zein izango da proportzinoa?

Portzentajerik ez dogu zehaztu baina aurrez aurrekoa eta denda birtuala buztartzea da asmoa. Digitalean saltzeko edozein produktu modu presentzialean egon behar dala erabagi dogu, presentzialean ez dagoana saltzeko intentzinoak baztertu gura doguz.

Ganerakoan, igaz penea izan zan Landakogune biltegi bihurtuta ikustea eta aurten jentearen berotasuna berreskuratzea pozgarria izango da.

4.- Denda birtuala ondo dago baina badagoz guneak, berbarako, Saguganbara aurrez aurre egotea eskatzen dabenak...

Bai. Baina Plateruena zein Landako prest dagoz Saguganbara eta holakoak bideratzeko eta gainera, mundura zabaltzea be bidezkoa izango da teknologia barriei esker. Ez deutsagu uko egingo online azokeari ze sasoiotan teknologia barriak eta dana online egitea bada normalena, geure egitekoa izango da moldatzea edo egokitzea. Geuri jagokunean, erosle eta erabiltzaileek jakin deiela gure denda birtualeko katalogoa begiratzeko modua dabela hemen.

5.- Euskal artista eta zaleak aurrez aurre egoteko lekua da Durangoko Azokea eta online saltzea beti da hotzagoa. Igaz ez zan egon erakusmahairik Landakon baina onlinde dendan 2300 produktu baino gehiago izan ziran aukeran, nobedadeak 852. Aurten zer?

Datu batzuk emongo deutsudaz: 7.800 erosketa eta 27.758 produktu saldu genduzan 2001eko Azokan baina igaz, Durangoko Azokearen prentsaurrekoan, duda-mudako egoeran esan genduan ez genkiala online zer salduko zan, urduri gengozan eta gero etorri zan ezustea ze polito saldu ziran produktuak. Aurten, aurrez aurre eta online saltzea da asmoa eta espero dogu saltzaile, argitxaletxe, musikari eta kulturazaleak gustora geratzea. Ni neu eskola zaharrekoa naz eta presentziala gurago dot baina Durangoko Azokearen esentzia ez ete dan galduko be esan deuskue online bidea hartuta baina ez dot pentsetan holakorik etorriko
danik; Gerediaga eta gure inguruan dabilen taldea sendoa da eta gauza gara egoerak egoera moldatzen joateko eta jakina gure betiko identidadeari eutsiz.

Lehengoagaz jarraituz, mundu birtualaren eragina arlo danatan igarten da eta barriro dinotsut moldatzea, moldatzea etaohitzea, besterik ez dago. Gainera, mundu zabalean bizi diran euskaldunek online egin ahal izan ditue erosketak eta esango deutsut, aurten streaming bidez jarraitu ahal izango dirala Areto
Nagusiko zein Ahotseneako kontzertu eta enparauak.

6.- Sortzaile barik ez dago azokarik eta Ahotsenea barik, igaz Durangoko Azokea Euskal Herrira zabaldu zan, Zu non, han DA! egitasmoaren bidez kontzertuak atonduz Euskal Herriko zortzi herritan. Aurten zein da planteamendua?

Igazko erantzun bikainaren ondoren, holakorik ez dogu oraingoz aurreikusi baina ez ahaztu Ahotsenea aurten martxan egongo dala eta hor egongo dala aukerea musika saio laburrak eta jarraitzeko; gainera, streaming bidez be aukerea egongo dala kontzertuak eta entzuteko.

7.- Plateruena Kafe Antzokia be faltan hartzen dogu askok baina badira mobimentuak eta Plateruenaren ekimen nagusiak zehazteko plangintzea atontzen dabil zinegotzi eta kultur teknikarien talde bat... (Irakurri hemen Ihintza Orbegozo, Durango Plateruena Kafe Antzokiko kultura arduradunari egin geuntsan alkarrizketea). 

Prozesu luzea aurrera doa eta neu be Gerediagaren izenean hor ibili naz eta gure kultureak Plateruena behar dauela nabarmendu izan dot; kontua da ze aurten Plateruena Kafe Antzokia zabalik egongo dala.

8.- 56. Durangoko Azokea iragarriko dauen jartela Leire Urbeltzek egin dau. Desipuindegia izenburupean, Azokako lehenengo edizinoak izan ditu gogoan, sasoi horretako irudien revivalismoa eginez...

Bai, gustora geratu gara. Sorlan enpreseari egin geuntsan enkargua eta pozik gagoz emoitzeagaz; Leire Urbeltzek (Iruñea, 1985) irudi moderno eta gaurkotua egin dau, kartelean kulturearen plazea osotzen daben elementuak topau daitekez (biniloak, liburuak...), Kili Kuir izeneko personaiagaz batera eta Anbotoko magalean.

Urbeltzek Euskal Herriko Unibersidadean Arte Eder lizentziaturea eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasi zituan eta ondoren Bartzelonan eta Madrilen ikasten ibili zan. Urbeltzen lanak Seul, Juarez, Pekin eta AEBetan egon dira ikusgai eta Huarteko Arte Garaikideko Zentroan lanean ibili da zazpi urtez. Egun, sormen lana buztartzen dau bitartekaritza eta hezkuntza lanakaz Nafarroako Unibersidaae Publikoan.

9.- Azken mezurik?

Bai, herritarrak animetan ditut, Durangora etorri daitezala, ez dira damutuko. Enpresa, sortzaile eta herritarren arteko hartu-emonak ez galtzea da burukomina eta helburua, beste begi eta bihotzakaz erreparetea euskal kultura eta tradizinoei.

Bestetik, 56. Durangoko Azokeak egitarauan parte hartzeko epea edegi barri dau, urriaren 8tik 29ra arte, Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango ditue euren proposamenak: Areto Nagusia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@ eta Saguganbara. Szenatokiko egitaraua zarratuta dago eta, beraz, ez da aukerarik egongo kultur proposamenak bialtzeko.

Proposamenak helarazoteko, Durangoko Azokako webgune honetan agertzen dan galdetegia betetea
beharrezkoa izango da. Salbuespen bakarra Ahotsenea izango da (zuzenekoak eta literaturea), izan be, webgunean bete beharko da galdetegia, urriaren 8ko 9:00etatik aurrera.

Horrezaz gan, Areto Nagusiaren kasuan, zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira.

Ahotsenean parte hartzeko erispideak izango dira 2021. urtean kaleratutako diskoa edo liburua izatea eta euskeraz, jakina.

Irudienean, Euskal Herrian azken urtean euskeraz sortutako ikus-entzunezko lanak erakutsiko dira.

Kabi@ gunea digitalaren plazea izango da beste urte batez eta teknologia barriakaz lotutako aurkezpenak egingo dira.

Saguganbaran ume eta gazteei begirako aurkezpenak atonduko ditue: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak...

Eta nabarmendu gura dot proposamena egiteak ez dau esan gura egitarauan lekua ziurtatua izango danik ze jasotako proposamen guztiak aztertu eta guneetako kudeatzaileek erabagiko ditue egitarauaren nondik norakoak.

Lehentasuna izango dabe euskera hutsezko lanek, urte barruan argitaratutakoek eta azokan salgai dagozanek.

10.- Gerediagan urte batzuk badaroazuz buru. Gogotsu aurrera egiteko?

Badira urte batzuk, bai, 2004tik nabil hemen eta indarrez ondo nabil. Argi dago Gerediagaren helburuak beteteko eta zuzendaritza batzordean danetariko jentea gagoz, gazteak, edadekoak eta holako ekipoa izatea oso aberatsa da. Pozik nago lantaldeagaz eta badakit geure esentziari eta helburuei eusteko ez dogula arazorik izango.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu