Ihintza Orbegozo: 'Harro gagoz egindakoaz'

Koldo Isusi Zuazo 2020-10-13 08:10   Barriketan

Durango Plateruena Kafe Antzokiko kultura arduraduna.

Oraintsu esan euskuen Plateruenak ateak zarratu behar dituala arrazoi ekonomikoakaitik eta pandemiak eragindako egoera bereziagaitik. Abenduaren 31n izango da Plateruena zabalik ikusteko azken eguna. Egun batzuk barru, urriaren 28an, barriz, hamasei urte egingo ditu Berbarok martxan jarritako kooperatibeak eta urteotan guztiotan bizitako esperientzia danak hor joango dira nonora.

Bizi-bizia eta tabernea eta jatetxea be izan dan espazioan makinatxu bat ekitaldi izan dira urteotan, bi milatik gora, kultura arlo guztietakoak eta gitxi izango dira han sekula egon bakoak.

Kontu ugari doguz Ihintza Orbegozo, kultura arduradunagaz jorratzeko.


1.- Golpe handia hartu genduan Plateruenak agur esan euskunean. Hamasei urte ez dira joan alperrik baina zeintzuk izan dira holako erabagia hartzeko arrazoiak?

Badakigu kulturearen mundua eta ostalaritzea hankaz gora dabizela, deskalabrua sekulakoa da eta, zoritxarrez, oraindino etorriko jakuz holako barri baltz gehiago be. Kontuak kotu, gure kasuan, arrazoi nagusia ekonomikoa izan da. Ezin eutsita ibili gara azken urteotan eta pandemiak jota itxi gaitu. Ez egoan besterik, inondik inora ez egoan segiduterik.


2.- Ohiko zeregin eta enparauetarako gastu handiak be egin izan dozuez eta horreei aurre egin beharko jake. Zelan dago kontua?

Orain 16 urte obra eta enparauetarako hipoteka-mailegua eskatu geuntsan bankuari eta zorraren zati txiki bat pagetako dago oraindino; gainera, hau lokala ezagutzen dauenak badaki egunerokotasunari eusteko gastu finkoak oso handiak dirala eta, halan da be, inguruko hornitzaile txikiakaz eta zorrik ez ixtea erabagi genduan.


3.- Durango euskaldunago baten alde lan egin gura eban Berbaro alkarteak ekin eutson saltseari eta izatez bazkidez osotutako kooperatibea zan Plateruena. Hasierako urteetan ilusinoa eta pasinoa izango ziran osogai nagusiak...

Duda barik. Edozein proiektu martxan jarteko zagozanean, dana da poza eta ilusinoa. Holan gengozan edo egozan, ze nik sei urte edo daroadaz kulturearen ardureagaz baina badakit hemen jentea pozarren ibili zala. Esan dozun moduan, Berbarok upealako lana egin eban hau guztia aurrera eroateko; taberna txikia eukan Berbaro Alkarteak, taberna hori saldu eta finantziazinoaren zati bat hortik etorri zan. Berbaro bazkide nagusitzat hartu daiteke baina mila ta piku herritarren babesa be izan dau Plateruenak. Esango neuke egoerea sano negargarria izan arren, oraindiko ilusino faltarik ez dagoala Durangon, jentea hurreratu eta egindakoa txalotzen deutsuenean suspertu egiten zara.


4.- Oraintsu, barriz, COVID19 pandemiak bazterrak astindu ditu eta kulturearen mundua izan da kaltetuenetako bat. Zelan eragin deutsue itxialdiak, aforoa gitxitzeak, jentearen arteko distantziak, ordutegiak, maskarak?

Goitik behera eragin deusku. Sekula bizi bako egoerea gagoz biziten, holakorik ez genduan ezagutzen eta golpera etorri jaku dana. Aforoaren mugeak kalte handia egin deusku ze kontzertu batzuk ezin zeinkez programau, askotan taldeak berak ez dauelako gura jentea jesarrita ikusi. Ordutegia murrizteak be pentsaizu zelako eragina izan leiken gurea lako topagunean, tabernako konsumoa zein kontzertuak hasteko orduak aurreratzea ez da bape gozagarria.


5.- Ikusten deutsazu amaierarik egoera baltz eta gorri honi?

Konponbidea ez da erraza baina ni baikorra naz izatez eta zeozelan atzera edo aurrera egingo dogula pentsetan dot. Erakundeetatik eta zeozertxu etorriko ete dan esperantzeagaz gabiz baina horri begira be ezin zara egon, artista, sortzaile eta kulturgintzea jota gagoz eta asko izan daitekez zulora joango diranak. Pandemiari aurre egiteko PCR azterketotan, positiboek gora ala behera egin, murrizketak zorrozten edo malgutzen doaz eta hori ez da ona kulturearen sektorerako. Txertoa noiz etorriko ezin gara egon.

Dana dala, Bartzelona aldean, areto batek asmoa ei dauka sartu baino lehen publikoari antigeno proba azkarrak aplikau eta negatibo emoten dabenak baino ez hartzeko. Kutsatuak edo positibo emoten dabenak kalean geratuko litzatekez eta holan, aretoan distantziarik barik egongo litzateke jentea. Bartzelonara begira gagoz, ia handik zer datorren.


6.- Kontratautako ekitaldi batzuk be bertan behera geratuko ziran edo atzeratu behar izan dozuez...

Jakina. Konfinau gintuenean, astegoien hori beteta geunkan, hurrengoak be bai, kontzertu piloa egoan programauta eta dana geratu zan bertan behera. Maiatzean edo bagilean egitekotan geratu ginan baina ezinezkoa izan da. Musika gogorra egiten daben taldeak, jentearen inplikazinoa eta eskatzen dabenak ezin dira egin, askotan taldeek eurek ez dabelako ondo ikusten jentea jesarrita egotea. Ekitaldiaren arabera, murrizketak, distantziak, garbitasuna, maskarak eta enparauak aplikauta gauza batzuk egin daitekez, berbarako, joandako astegoienean, Izaki Gardenak taldea izan da hemen eta polito geratu zan, jesarrita, lagunartean gustora.


7.- Urriaren 28an, 16 urte beteko ditu Plateruenak. Hitzordu seinalatua ekitaldi bereziak atontzeko. Oraingoz zer pentsau dozue?

Bai. Hamasei urte, ez dira gitxi. Zeozertxu egin beharko dogu baina oraindino ezin deutsut ezer aurreratu, zoratu beharrean gabiz eta Plateruena zarratzeak eta gizartean izan dauen erantzuna kudeatzen gabiz.


8.- Abenduaren 31n, ateak zarratu ostean, zer? Bateren batek hartu ahal izango dau kudeaketea? Esangura horretan, pausurik emon dozue?

Galdera ona. Jakingo bageunke zer pasauko dan berehala erantzungo neuskizu. Ganerakoan, abenduaren 31n zarratuko ditu ateak Plateruenak. Gogoan izan, Plateruena Durangoko Udalarena dala eta, beraz, harek hartu beharko ditu erabagiak, zer egin, zelan kudeatu, ze erabilera emon eta horreek danak. Zarratzeko erabagia hartu genduanean, inori baino lehen Udalari jakinarazo geuntsan eta ordutik hartu-emonetan gagoz eurekaz eta borondatea erakutsi deuskue gaur egun dan honen bidetik joko dabela, prozesu parte-hartzaileari ekin eta herriko talde, alkarte eta erakundeakaz gaia aztertuko dabela. Hori bai, argi dabe euskerea eta kulturea buztartuko dirala sortuko dan espazio barrian.

Espero dogu, orai arte izan dan honek zeozertarako balio izatea, gu prest egongo gara laguntzeko eta gure ekarpenak egiteko.


9.- Ez da izango Euskal Herriko musika talderik Plateruenan jo ez dauenik. Arrazoi bategaitik edo besteagaitik, kontzerturen bat gogoan daukazu?

Arrazoia, gitxi izango dira Plateruenan jo ez dabenak. Baina musika talde baten izena aitatzea ez da erraza, asko bota beharko neukez. Kontzertuetan ezustekoak be hartu izan dodaz, ezagutzen ez neban talde batek atrapau egin nauelako baina kontzertuak eta momentuak be nabarmenduko neukez. Izenak gura badozuz, Berri Txarrak taldearen azkenak esango deutsudaz, batez be, bigarrena, gustoko taldea da niretzako eta azken-azkenak izango zirala jakinda oso espeziala izan zan niretzako.


10.- Plateruenako kulturearen arduraduna zarenetik, mugarriren bat edo nabarmenduko zeunke?

Herritik eta herriarentzako sortu ginan eta horren harian, urteurrenak nabarmenduko neukez. Oso emotiboak izaten dira bazkideontzat, giro ederra sortzen da, bazkideek eurek atondutako gauzak be izaten dira eta holakoetan asko disfrutetan dot.

Beste alde batetik, Berbarok atondutako urteko azken bertso saioa be ez dot ahaztu gura, abenduaren 31n izaten da eta ez daukat ahaztuteko.


11.- Durangoko 55. Azokearen bueltan, egitarau berezirik atonduko dozue?

Sekula ikusi ez badogu be, saltzeko etxola bako azokea izango da, erosketak denda birtualean egiteko aukerea emongo dauena. Aurrez aurre gauza batzuk egingo badira be, aforoak, maskarak eta distantziak gogoan hartuta egingo ditue.

Geureari jagokonez, Durangoko Azokan diran guneen artean dago Plateruena baina kontzertu eta enparauen egitaraurik ezin deutsut aurreratu.


12.- Aparteko mezurik bialdu gura zeunke?

Eskerrak emon gura deutsedaz urte honeetan guztietan geugaz ibili diran sortzaile, kulturgile, babesle zein gure Plateruenara etorri diran guztiei. Bazkaltzen, kafe bat hartzen etorri diran guztiei be eskerrak.

Ziklo baten amaierea da hau baina ikusten dogunagaitik eta eragin dogunagaitik lan ona egin dogula emoten dau, harro gagoz egindakoaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu