Bizkaie!, 57. Durangoko Azokan

Dabi Piedra 2022-12-08 09:28   Kulturea

Hango giroaren eta nobedadeen barri ekarriko deutsuegu eguenean eta barikuan.

Bigarren eguna dau gaur, hilak 8, Durangoko Azokearen 57. edizinoak. Ikastetxeetako gazteak protagonista izan zituan lehenengo egunaren ostean, jai eguna aprobetxauko dabe herritar askok eguenean, Landako Gunera eta ganerakoetara hurreratzeko, euskal kulturgintzako azken nobedadeen bila. Durangon izango da, ganera, Bizkaie!.

Izan be, eguenean eta barikuan, Bizkaie!-ko kazetariak ibiliko dira Azokan gunerik gune, hango guztia bertatik bertara kontetako: aurkezpenak, giroa, erakusmahaiak, ikuskizunak... Webgunea ez eze, sare sozialak be erabiliko doguz, hortaz, adi ibili!

Egun betea da bigarrena, goizetik iluntzera arte. Goizean ezagutu ahal izango doguzan proiektuen arteko bat da Loa eta Laia, euskerazko marrazki bizidunen telesail digitala. Irudienean ikusi ahal izango dira kapitulu batzuk, 11:00etan. Zugaza zinema-aretoan dago Irudienea, urtero lez. Loa eta Laia-ko arduradun Josu Bergararen berbak irakurri hemen.

12:00etan, ostera, Landako Gunean izango dira Estitxu Fernandez eta Erika Lagoma, euren liburua aurkezten: M ama* eme* ume*, amatasuna ikuspegi barritzaile batetik jorratzen dauen lana. Ahotsenean, Katixa Agirrek Berriz zentauro nobelea aurkeztuko dau, 12:30ean.

Alderdi literarioa zein musikala  ditu Ahotseneak. Bigarren horretan, Plateruenan, Ines Osinaga izango dogu, Itsasoa da bide bakarra bilduma barria zuzenean aurkezten. Neomak, Willis Drummond, Kurkuma, Kristonak, Sutan... be oholtzan izango dira gaur. Ahotsneea literarioan barriz, Harkaitz Cano, Ekaitz Goikoetxea, Fito Rodriguez eta beste asko.

Umeen eta hezkuntzearen txokoan, Saguganbaran, Labayru Fundazinoaren txandea izango da (18:00). Munduenea proiektu barria dakar, munduko hamar ipuin batzen dituan bildumea, jatorrizko hizkuntzetan eta euskeraz. Labayruko zuzendari Igone Etxebarriaren berbak irakurri hemen.

Ikerlan eta saiakerei jagonekez, aitatzekoa da Euskaltzaindiak aurkeztuko dauena: Euskal Herriko Aintzinaroko jainko eta jainkosen izenak. Irulegiko eskuak gure hizkuntzearen antxinako arrastoen inguruko interesa berbiztu dauen honetan, argitalpen interesgarria da. UEUko Iratxe Retolazak eta Kepa Sarasolak, ostera, Urratuen arrastoan liburuaren barri emongo dabe.

Azken horreek biak Landako Guneko Talaian aurkeztuko ditue: Euskaltzaindiak 16:30ean eta UEUk 17:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu