Josu Bergara: 'Produktu bat sortu nahi dogu ona, modernoa eta kalidadezkoa'

Dabi Piedra 2022-11-07 08:05   Barriketan

Loa eta Laia proiektuaren bultzatzailea.

Ume euskaldunenentzako ikus-entzunezkoen eskaintzea indartuko dauen egitasmo barria da Loa eta Laia marrazki bizidunetako telesaila. Musikea, euskerea, kulturea eta ohiturak jorratzen dira, baita gizarte hobea eregiteko balioak be. Josu Bergara eta Paul Caballero dira egitasmo honen bultzatzaile eta arduradunak. Musikea sortzen dabil Bergara eta Caballeroren esku dagoz zuzendaritza grafikoa, gidoiak, ilustrazinoak eta animazinoa. Nerea Alberdi, David Sánchez Damián, Ane Martinez eta Leire Aparicio be ezinbestekoak dira.

Jentearen zein erakundeen babesa eskatu dau Josu Bergarak, produktu duin eta profesionala sortu nahi dabelako, euskerazko ikus-entzunezkoetan dagoan hutsunea bete eta balioak zabaltzeko asmoz. Lehenengo atala, zemendikoa, ikusgai dago eta ikustaldi asko izan ditu.

1.- Euskerazko marrazki bizidun digitalak, holantxe aurkeztu dozue telesail barria. Euskerea eta formatu digitala dira, beraz, ezinbesteko ezaugarriak?

Helburutzat jarri doguz horreek, baina behar batetik sortutakoak dira. Nik neuk alaba txiki bi daukadaz, eta marrazki bizidunak alkarregaz ikusten doguz. Lehen, telebistan egoten ziran marrazki bizidunak, baina orain formatu gehiago dagoz, digitalean batez be. Youtuben edo beste plataforma batzuetan bila hasi, eta euskeraz eskaintza txikia dagoala konturatu nintzan, ingelesez edo gaztelaniaz da gehien-gehiena. Hor zeozer egin behar zala pentsau neban.

Hortaz, Loa eta Laia euskeraz izan behar zala garbi egoan. Digitalean egitea be erabagi neban, baina arrakastea badau eta komunikabide tradizionalen bategaz beste bide batetik zabaltzeko akordioa egiten badogu, ba primeran. Batak ez dau bestea kentzen.

2.- Inkestek erakusten dabe ikus-entzunezkoak erderaz izateak umeen hizkuntza-ohituretan eragina dauela, eta Pantailak Euskaraz plataformea be lanean dabil egoereari bueltea emoteko. Modu praktikoan erantzun deutsazue zuek hutsuneari.

Pantailak Euskaraz-ek eskatzen dauenagaz bat nator. Uste dot konponbidea topau behar dogula umeen ikus-entzunezkoen alorrean, euskereak leku zabalagoa izan deian. Baina helduentzako eskaintzan be bai! Ez dot esango pantailetan dana euskeraz egon behar danik, baina euskerearen presentzia bermatzea, gitxienez, bai. Gure lehenengo pausu hau, egia da, umeei begira egin dogu, baina helduena ez da ahaztu behar.

3.- Balioak lantzen dozuez, zeri emongo deutsazue garrantzia?

Aitatu doguz proiektuaren zutabe bi, euskerea eta formatu digitala. Baina honek guztiak badau hirugarren hanka bat be, niretzat inportanteena izan leitekena: balioak. Nire alabakaz ikusi izan dodazan euskerazko marrazki bizidun gehienak 1980ko hamarkadakoak dira, asko atzerrian eginak, adibidez Japonian. Konturatu naz protagonistak beti dirala mutilak, eta neskek dituen rolak ez jataz bape eredugarriak begitantzen. Orduan, Loa eta Laia-n, duda barik, bardintasunaren alde egin dogu. Protagonista biak neskak dira, ausartak eta apurtzaileak.

Beste personaien bidez danetariko errealidadeak erakutsi nahi doguz. Euretako bat erroberadun aulkian doa. Eragile ugarigaz batzartu gara euren ikuspegia ezagutzeko, gu ez garelako bardintasunean adituak. Nondik jo eta nondik ez esan deuskue; esate baterako, danek gorputz hain normatiboak ez eukiteko aholkua emon deuskue.

4.- Euskal kultureagaz lotutako edukiak transmitiduten ditu telesailak. Zelan egiten dozue hori?

Loa eta Laia-k zati bi ditu, atal musikalak eta bestelako edukiak. Atal bakotxak gai nagusi bat jorratuko dau, euskal kultureagaz lotua edo, bestela, balio bategaz: jasangarritasuna, bardintasuna, euskerea... 2 eta 7 urte bitarteko umeentzat danez, atal didaktikoak be egongo dira, esate baterako, kaka egiten ikasteko kapitulu bat. Guraso garenok badakigu hori prozesu bat dana eta, kanpotik arraroa emoten dauen arren, beste gurasoentzat interesgarria izango da.

Marrazkiak eurak eta kantuen berbak Euskal Herriko testuinguruan kokatuko doguz. Basoa aitatzen danean, bertoko arbolak agertuko dira, pagadiak, gaztainondoak... Zemendian plazaratu barri dogun lehenengo atalean Gau Baltza da gaia, eta argizaiola agertzen da, baita gaztain erreak eta trapu zaharrak be, hau da, orain modan dagoan Halloween ospakizunetik harago doan zeozer, Euskal Herriko antxinako ohiturakaz lotuagoa.

5.- Musikea da transmisinorako bitarteko nagusietako bat. Zelako doinuak agertzen dira Loa eta Laia-n?

Ahalegindu gara danetariko estiloak jorratzen. Umeentzat egiten diran kantu asko oso ñoñoak dira, suabeak, eta, etxean ikusi dodanez, umeei be gustetan jakez beste era bateko doinuak. Pop-rock, bluegrass, country, tradizionalak, bertso formadunak... Aberastasuna bilatu dogu, telesaila musikearen bidez erakargarri janzteko.

6.- Loa eta Laia sortzeko lantalde polita batu dozu.

Ni publizidadearen eta musikearen munduetan nabil, beraz, neure alorretik egin dot ekarpena eta bat egin dot beste persona batzukaz. Paul Caballero ilustratzaile digitala da, bion artean gorpuztu dogu proiektua. Entidade juridikoa emoteko, enpresea be sortu dogu, Paraxut Produkzioak izena dauena, ez gure helburua aberastea dalako, ezpada egitasmoaren indarrak eskatzen dauelako pausu hori: erantzunkizunak hartu behar dira, kontratuak sinatu... Honen bitartez, geure sormenari gorputza emongo deutsagu.

Proiektuan parte hartzen daben beste sortzaileen artean dagoz Ane Martinez eta Leire Aparicio abeslariak. Umeen Hezkuntzako irakasleak dira biak eta atal didaktikoak egiteko orduan be ekarpena egin dabe. David Sánchez Damián eta Nerea Alberdiren lana be oso-oso inportantea da, musikea egokitzearen arduradunak diralako. Musikea neuk sortzen dot, baina hori hasierako oinarria baino ez da, gero ikus-entzunezkoetara egokitu behar da eta horretan dabiz biak. Esperientzia luzea dabe telesail eta zinemako soinu-bandak egiten. Lan bikaina da David eta Nerearena, nik doinu bat sortu eta horregaz magia egiten dabe, sekulako aupadea emoten deutse kantuari.

7.- Sortzaileen lanaren errekonozimendua gogoan, kolaboratzaile guztiei trataera profesionala emoteko erabagia hasiera-hasieratik hartu dozue.

Ni neu sortzailea naz, 15 urte edo gehiago egin dodaz musikan, eta badakit sormenak duintasuna behar dauena, baldintza onak. Kolaboratzaileek lan bat egiten badabe, horren truke kobrau deien ahalegintzen gara. Momentuz, hemen dirua galtzen dabizan bakarrak Paul eta biok gara, edo beharbada inbertiduten gabizala esan behar neuke. Gure asmoa jentea eta enpresak proiektura batzea da, ekarpenak egitea, laguntzea. Errentagarritasuna zelan edo halan bilatu beharko deutsagu, merchandising lerroagaz, zuzeneko ikuskizunagaz edo dana dalakoagaz. Produktu bat sortu nahi dogu ona, modernoa eta kalidadezkoa, beste produkzino-etxeek egiten dabena zergaitik ez dogu geuk be egingo, baina euskeraz?

8.- Familia euskaldunentzat aukera polita da Loa eta Laia. Non topau geinkez telesaileko kapituluak eta edukiak?

Webgunea sortu dogu eta hor atal guztiak ipinten joango gara. Youtuben be ikusi ahal izango dira. Hilero atal barri bat igoten ahaleginduko gara, aurreikuspena hori da. Gu ez gara produkzino-etxe handi bat, txikitasunetik egiten dogu lan eta ahal doguna egiten gabiz, modu duinean, eta denporea behar dogu gauzak egiteko. Horregaitik, hileroko maiztasuna ipini dogu, baina ikusi beharko da, egin ahala joango gara zabaltzen.

9.- Dagoeneko lehenengo atala, zemendikoa, ikusgai dago. Jenteak gogoz hartu dau zuen proposamena, ezta?

Egia esan, ez neban hainbesteko arrakastarik espero, oso eskertuta eta pozik gagoz. Egunik egun jakiten goaz Hendaiara heldu dala, edo Irunera, behin Boiseko unibersidadean ikusi dabela esan euskuen, egun gitxian asko zabaldu da. Pentsau, nik urteak daroadaz musikan, baina sareetan Loa eta Laia-k dagoeneko baditu Josu Bergarak baino jarraitzaile gehiago! Hori bai, jenteak esaten deusku hau edo bestea egiteko, ideak emoten deuskuez, baina, zu, ez gara heltzen, apurka-apurka goaz!

10.- Babesa eskatu dozue Loa eta Laia-k aurrera egin deian. Zelan lagundu leikie erakundeek eta norbanakoek?

Norbanakoen kasuan, proiektu honen barri zabaltzea da eskatzen doguna. Sareetan, whatsappean... Ezagunei kontau, jente gehiagok ezagutu deiala. Euskal Herrian adituak, edo behintzat arituak, gara marketing biralean, zer esanik ez euskalgintzan.

Erakunde eta enpresei, geure balioakaz bat egiten badabe, geugaz hartu-emonetan jarteko eskatzen deutsegu, babesletzaren bat lotu ahal dan ikusteko. Aukera ugari eskaintzen doguz: webgunean bertan publizidadea, atal bat babestea... Azken batean, baliabide ekonomikoak behar doguz, animazinoa ez da merkea. Paul Caballerok esan eustan ez dakit zenbat aste emon dituala kapitulu baterako animazinoak egiten, gaueko ordu txikietan. Abestiak sortu, egokitu eta grabetako be denporea behar da. Eusko Jaurlaritzeak, behinik behin, emon deusku musikearen zatia pagetako diru-laguntzatxu bat, horren bidez moldatzaileek eta abeslariek kobrau leikie, baina beste guztia geure gan dago oraingoz. Proiektua haziko da jentearen erantzunaren eta erakunde edo enpresen babesaren arabera, gu txiri-txiri goaz.

Argazkiak: Loa eta Laia, eta Oneka Tirado.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu