'Loa eta Laia', euskerazko marrazki bizidun digitalen telesaila
2022-10-25 13:35 Euskerea berbagaiWebgunean eta Youtubeko kanalean sortu dabe proiektuaren ingurune digitala.
Umeentzako ikus-entzunezkoen eskaintzea indartuko dauen egitasmo barria aurkeztu dabe Bilboko Euskerearen Etxean, oso-osorik ingurune digitalerako dan marrazki bizidunetako telesaila. Loa eta Laia dau izenburua, izen bereko personaia bien abenturak diralako oinarria. Euskerea, euskal kulturea eta ohiturak zabaltzea da helburua, baita gizarte hobea eregiteko balioak be.
Josu Bergara da proiektuaren bultzatzaile nagusia, eta telesaileko musikea be berak egina da. Sortzaile ugariren laguntzinoa izan dau Bergarak Loa eta Laiaren uniberso digital osoa egiteko. Paul Caballero Barturen, egitasmo honen beste bultzatzailea, zuzendaritza grafikoaz, gidoiez, ilustrazinoez eta animazinoez arduratu da; Nerea Alberdi eta David Sanchez Damian, musikearen moldaketez eta produkzino artistikoaz.
Ane Martinez eta Leire Aparicio abeslariak be ezinbesteko laguntzaileak izan dira. Eurek ipini deutse ahotsa Loa eta Laia protagonistei.
Josu Bergarak azaldu dauenez, Loa eta Laia ingurune digitalean jaio, bizi eta iraungo daben personaiak dira. Horretarako, webgunea eta Youtubeko kanala erabiliko ditue. Musikea eta euskerea dira ardatz nagusiak, eta atalik atal euskal ohiturak be jorratuko ditue: Gau Baltza, Euskerearen Eguna...
Gai bakotxerako beren-beregi sortuko ditue kantuak eta erritmoak, jarduera osogarriakaz batera. Hilero atal barri bat estreinauko dabe, gaur bertan aurkeztu dabenagaz hasita. 2 eta 7 urte bitarteko umeentzat da aproposa Loa eta Laia.
Ume txiki bi ditu Josu Bergarak, eta hareek gogoan izan ditu proiektu barri honi ekiteko orduan. Bihotzetik jaio da hau guztia, gure etxeko txikientzat euskeraz eta balore modernoetan oinarritutako kalidadezko ikus-entzunezkoa egin nahi izan dogulako, azaldu dau.
Proiektua zabaltzeko, euskaldunen konplizidadea eskatu dabe sortzaileek, sare sozialetan jarraipena eginez, interesa izan leikien ezagunei telesailaren barri emonez... Laster, enpresa eta erakundeei zuzendutako babesletzak martxan jarteko asmoa dabe, eta Loa eta Laia-gaz lotutako produktuak be salduko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!