Igone Etxebarria: 'Munduko kulturak batu nahi doguz etxe bakar batean'

Dabi Piedra 2022-12-05 08:03   Barriketan

Labayru Fundazinoko zuzendaria.

Munduko hamar ipuin batu ditu Labayru Fundazinoak, beste horrenbeste hizkuntzatan, Munduenea bilduman. Bizkaian bizi diran herritarrek kontautako ipuinak dira, euren jatorrizko hizkuntzen ahozko tradizinoaren adierazgarri. 6 eta 11 urte bitarteko umeentzako kontakizunotan, gazteenek kulturartekotasuna eta mundu zabalean dagozan askotariko hizkuntzak ezagutu ahal izango ditue.

Edizino dotore eta koloretsua dakar Munduenea-k. Yolanda Arrietak euskerara itzuli ditu ipuin guztiak eta, beraz, jatorrizkoan zein euskeraz irakurri leitekez. Ganera, liburukietan topauko dogun QR kodearen bidez, kontakizunak entzun ahal izango doguz. Labayru Fundazinoko zuzendariak, Igone Etxebarriak, kontau deuskunez, kulturen arteko zubia da Munduenea: mundua danon etxea izanik, alkar ezagutzea ezinbestekoa dalako.

1.- Nondik nora dator ipuin bilduma hau egiteko asmoa?

Berez, hainbat gauzatxuren batuketea da. Labayrun teknikariak daukaguz, herririk herri euskerearen normalizazinoan dabizanak, eta euren arduretako bat da kulturartekotasuna lantzea eta kanpotik datozan herritarrak euskerara erakartea. Pil-pilean dagoan gaia da, ze biztanleriaren zati bat kanpotik etorria da. Ezin dogu begirik itxi edo albo batera begiratu. Bestetik, irakaskuntzan be, gure ikasleen artean dagoz atzerriko hizkuntzak berba egiten dituenak. Hortaz, alde askotatik heldu jaku kulturartekotasunaren gaia, eta euskeratik zelan landu. Gure planteamendua zera izan da, euskerea zubi izatea beste hizkuntza bat darabilen jentearentzat. Ipuinen bitartez munduko kulturak batu nahi doguz etxe bakar batean. Mundua da danon etxea eta ezin gara bakotxa bere logelan geratu, alkarregaz loturea behar dogu. Proiektu honen helburua da hori, euskerearen bidez kulturak lotzeko zubia eregitea.

Holan hasi ginan ipuinak egiten, baina ez bat, ez bi, azkenean hamar izan dira. Ur handietan sartu ginan. Munduko Hizkuntzen Egunean, Bizkaiko Foru Aldundiak mapea aurkeztu eban, eta han agertzen ziran Bizkaian berba egiten diran hizkuntza guztiak, biztanleen jatorrizko herrialdearen arabera. Hor ikusi genduan hizkuntza batzuek hainbat hiztun dituela hemen. Erabagi genduan ipuinetarako hamar handienak hartzea, hiztun kopurua erreferentetzat hartuta.

2.- Aitatzekoa da Bizkaian bizi diran hamar personak euren hizkuntzan kontau deutsuela ipuin bana.

Jentea banan-bana topetan joan behar izan gara, lagunen edo ezagunen bitartez, alkarteen bitartez... Handik eta hemendik eskuratu doguz kontaktuak. Danak dira Bizkaikoak, ia-ia Bilbotik be ez dogu urten hizkuntza bakotxeko kideak topetako. Mundua berton dago! Izena be horregaitik ipini deutsagu, Munduenea, bilduma hau munduko ipuinen etxea dala uste dogulako.

Behin hamar personak topauta, euren herriko ipuin bana kontetako eskatu geuntsen, euren kulturako ezaugarriren bat eukana, edo zeozer adierazgarria. Estilo diferenteetako kontakizunak batu genduzan: luzeak, laburrak, kontaeran be aldeak egozan... Hor homogeneidade edo batasun bat emoteko beharra ikusi genduan, itxuraz eta luzeraz. Bestetik, umeentzat aproposa dan hizkerara ekarri behar ziran. Yolanda Arrietak euskeratu eta egokitu ditu testuak; Enrique Morentek marrazkiak egin ditu. Ez dakit ondo dagoan neuk esatea, baina zoragarri geratu dira.

Berez, guk libre itxi geuntsen, nahi eben ipuina kontetako, baina gehienek ipuin tradizionaletara jo dabe. Ahozko narrazinoak kultura guztietan dagoz eta komunidadea sortzeko balio dabe ipuinek, transmisinoaz gan. Ohiturak, balioak, sinismenak eta halakoak zabaltzeko orduan, ahozko narrazinoak zeregin handia dau. Hor gauza bat ikusi eta ikasi dogu: Senegalgo ipuin bat irakurri, edo Brasilgoa, edo dana dalakoa, eta balioak unibersalak dirala konturatzen zara, eta gure tradizinoko ipuinetan be antzeko gauzak kontetan doguzala, esateko moduak aldatu arren. Ez gara hain diferenteak, pentsetan doguna baino bardinagoak gara danok.

3.- Zelan buztartu dozuez euskerea eta kontakizunen jatorrizko hizkuntzak?

Parez pare ipini doguz jatorrizkoa eta euskerazko itzulpena. Orrialde batean euskeraz ipinita dagoana, alboko orrialdean dago jatorrizkoan. Ganera, hasierako orrian QR kode bi dagoz, ipuinak entzuteko. Jatorrizko hizkuntzan zein euskeraz entzuteko aukerea emoten dogu. Grabazinoak ipuinak kontau deuskuezen berberek egin ditue eta euskerazko bersinoak Yolanda Arrietaren ahotsean datoz. Ganera, hizkuntzearen inguruko datu orokor batzuk be ipini doguz liburu bakotxaren hasieran: nongoa dan, ze berezitasun daukazan... Ganera, mapa batean erakutsi dogu hizkuntzen kokapena eta hiztegitxu batean berba batzuk datoz, hamar berba dira, ipuinean agertzen diranak.

Hamar ipuinak batera erosi leitekez, horretarako kaja dotore bat atondu dogu. Soltean be erosi leitekez. Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntasuna izan dogu eta, horri esker, liburuak prezio egokiago batean atera ahal izan doguz, ze berez daukan kostuagaz ezinezkoa izango zan alerik saltzea, karuegi urtengo eban.

4.- Umeentzako produktua da gehienbat, inportantea da gaztetatik beste kulturak errespetaten ikastea?

Labayrun, batez be, helduakaz egiten dogu lan, baina oraingo honetan umeen arloan eragitea pentsau dogu, eskolara doazalako eta han euskeraz ikasten dabe gehienek, errazagoa da eurakana heltzea. Ganera, umeek dana xurgatzen dabe. Bide batez, gurasoek etxeko lanakaz lagundu behar deutsienez, euskerara hurreratzeko bidea izan leiteke heldu batzuentzat be.

Lehen esandako zubilana egin leike euskereak ikasgelan. Ume batek baldin badau ipuin bat bere hizkuntzan, ikaskideek jakin leikie ze hizkuntza dan, nondik datorren... Batetik, atzerriko jatorria dauenak bere kulturea erakusteko bidea dauka eta, bestetik, euskal jatorrikoei begiak zabaltzen jakez, ikusten dabe mundua ez dala auzoko herrian amaitzen. Joan-etorriko zubia da, geuk be zer ikasi asko dogu. Bestea ezagutu ezik, ez dago errespeturik, eta horretarako bidea da kulturea.

5.- Asko aitatzen da kulturartekotasuna gaur egun, baina sarri ez dago hori lantzeko materialik.

Gai hau bururatu jakunean konsultak egin genduzan: Magisteritzako irakasleei, udaletan behar egiten dabenei eta beste askori galdetu geuntsen. Danek erantzun euskuen behar-beharrezkoa zala halako zeozer, ez dagoalako material askorik. Animau egin ginduezan. Horrek bultzatu gintuan aurrera egitera.

6.- Non banatuko dozue Munduenea?

Orain arte produkzinoan ibili gara. Honen guztiaren atzean lan luzea dago: ipuinak batu, egokitu, gero datoz maketazinoa eta inprentako kontuak... Jente askoren kate luzeak osotutako lana da. Orain dator hurrengo pausua, merkadura ateratea. Norbanakoak ez eze, ikastetxeak, aisialdi taldeak eta halakoak doguz gogoan. Ganera, aurrera jarraitzeko asmoa dogu, pil-pilean dagozalako orain kulturartekotasuna, alkarbizitzea, herrien arteko trukea... Honi jarraipena emon gura deutsagu, esate baterako, ipuinakaz lotutako materialen bat sortuta. Labayru barruan be probetxua aterako deutsagu, ze gure eguneroko lanaren parte dira ahozkotasuna eta etnografia. Jokoa emongo deusku konparazinoak egiteko, hemengo eta kanpoko jaien, ohituren, errituen, jatekoen eta halakoen artean. Ez dogu baztertzen ipuin gehiago egitea, baina orain daukaguzanak beste alderdi batzuetatik lantzeko modua be badago. Behin bide batean hasita, gauza batek beste bat dakar, proiektua hazten doa.

7.- Labayruk egunotan aurkeztu dauen beste liburu interesgarri bat Non eta Bilbon da, Udalagaz batera argitaratua. Zeintzuk dira honen ezaugarriak?

2020an aurkeztu genduan Bilbon hara eta hona liburuaren jarraipena edo osogarria da. 40 artikulu dira, jente diferenteak egindakoak: historialariak, idazleak, irakasleak, adituak... Danetarik dago. Artikulu bakotxa autonomoa da eta Bilboko leku-izen baten ingurukoa. Toponimoak aukeratzeko orduan, askotarikoak izaten ahalegindu gara, esate baterako, zaharrak eta barriak, atzean historia luzea dabenak, persona-izena daroenak edo aspaldiko jazoeraren baten barri emoten dabenak. Liburu hau aitatzean, ezin ahaztu BilbaoArtekoek egin daben lana, zoragarria da, argitalpena artelan bihurtu dabe, oso ederra.

Artikuluak arin irakurtekoak dira, bakotxak hiru orrialde inguru daukaz. Euskeraz dago dana. Uste dot oso interesantea dala, eta Bilbo ezagutzeko beste modu bat. Beste sasoi batzuetan lekuei izena emoteko egon diran jokerak ikusten dira, zer pentsau emoten dau. Esate baterako, andra-izen gitxi dagoz oraindino; hain zuzen be neuk egin dot artikuluetako bat Julia Berrojalbizen inguruan. Euskerearen arrastoa sakona eta aspaldikoa dala be erakusten dabe leku-izenek.

8.- Bizkaiko herri askotako lekuen eta etxeen izenak aztertzen dabil Labayru azkenaldion. Kontrakoa pentsau leiteken arren, izenek informazino zabala emoten dabe iraganaz, ezta?

Sorpresa piloa emoten dabe toponimoek, eta transmisnorako inportantea da hori guztia batzea, ze beharbada botetan ditue baserriak beste zeozer eregiteko, eta eraikinagaz batera doaz etxeen, ortuen, iturrien eta mugen izenak. Horregaitik, toponimia lantzen aspaldi hasi ginan. Lehenengo artxiboetan zer dagoan begiratzen dogu eta, ondoren, herrietako jenteagaz kontrastau egiten doguz batutako datuak, ze batzuetan agirietan izen bat agertzen da baina ahoz beste bat erabilten dabe hangoek. Idatzia eta ahozkoa hartzen doguz kontuan. Leku-izenen inguruko zerrendak eta mapak atera izan doguz, baina aspaldian etxe eta baserrien katalogoak egiten gabiz. Larrabetzukoa da azkenengoetako bat, orain interneten ipini dogu, herriko jenteak ekarpenak egin deizan: zeozer falta bada, edo aldatu behar bada... Bestetik, orain gabiz amaitzen Zamudio, Sukarrieta eta Maruri-Jatabekoak.

Lan politak izaten dira, herrietan sarrera ona izaten dabe. Baina kontu sensiblea be bada, ezin dozu hankarik sartu, ze jentea etorri egiten jatzu bere etxea holan ez dala deitzen esaten.

9.- Durangoko Azokea hasiko da asteon. Zertzuk topauko doguz Labayruren erakusmahaian?

Gu aurten aldatu egingo gara. Orain arte, beti eroaten izan dogu geure argitalpenen aukera zabala, danetarik apur bat. Pentsau dogu, aurten, Munduenea dala gure produktu izarra eta horri emon behar deutsagula lehentasuna. Erakusmahai bakarra hartuko dogu eta hantxe ipiniko doguz Munduenea-ko aleak eta beste hiru gauza barri: Non eta Bilbon, oraindino inprentan daukagun beste lan bat eta, hirugarrenik, itsasoagaz lotutako andren inguruko proiektua, etnografia alorrekoa. Hau oso-oso polita da, andrek bete izan dituen lanak jorratu doguz, bideo laburren bidez. Laster, liburua be aterako dogu. Aurten azokea presentziala eta online izango danez, interneterko eskaintza zabalagoa atondu dogu, hor bai, erosi ahal izango dira gure produktu asko. Horretaz aparte, Saguganbara gunean aurkezpena egingo dogu abenduaren 8an.

Argazkiak: Labayru Fundazinoa eta Bilboko Udala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu