Uriaren historia leku-izenen bidez kontetan dau 'Non eta Bilbon' liburuak
2022-11-29 13:19 KultureaLabayru Fundazinoaren gidaritzapean, 17 autoreren artikuluak datoz.
Bilboko kale, plaza, auzo eta parkeen izenen jatorria eta bilakaerea aztertuta, uriaren historiaren zertzelada ugari ezagutu geinkez. Horregaitik, Bilboko Udalak eta Labayru Fundazinoak bat egin dabe leku-izenen bidez historiari errepasoa egiten deutsan proiektuan: 2020an Bilbon hara-hona liburua aurkeztu eben eta orain Non eta Bilbon dakarre, lehenengoaren jarraipen modukoa.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Labayruko zuzendari Igone Etxebarriak aurkeztu dabe Non eta Bilbon, udaletxeko Areto Arabiarrean. Koldo Narbaiza Euskera zinegotziak be hartu dau parte agerraldian.
Argitalpenean 40 artikulu batu ditue, bakotxa leku-izen bati lotuta. Leku gehienak ezagunak dira bilbotarrentzat, eta batzuk ezagun-ezagunak. Izenen jatorria, zergaitia eta historian zeharreko gorabeherak kontau ditu Labayruk artikuluetan, 17 idazle eta adituren laguntzinoagaz.
Hain zuzen be, honeek dira artikuluak idatzi dituen 17 lagunak: Pedro Zuberogoitia, Felix Mugurutza, Mikel Gorrotxategi, Ziortza Artabe, Aitor Zuberogoitia, Segundo Oar-Arteta, Josu Larrañaga, Iñaki Gaminde, Akaitze Kamiruaga, Patxi Galé, Onintza Enbeitia, Iñaki García Uribe, Juanjo Hidalgo, Jesús Antonio Etxezarraga eta Igone Etxebarria.
Bilboren argazkiak erabiliz apaindu dabe liburua, Mikel Erkiagak egokituak; diseinuan eta maketazinoan, barriz, BilbaoArteko artista gazteak ibili dira, adibidez Maite Choya eta Daniel Alegrete.
Era honetako lan batean, ezin falta literaturearen eta letren alorreko personei egindako erreferentziak. Izan be, Bilboko kale eta plazen izenak erreferentzia literarioz beteak dagoz: Txomin Agirre, Seber Altube, Toribio Alzaga, Gabriel Aresti, Ángela Figuera, Blas de Otero, Resurrección María de Azkue...
Ganera, auzo ezagun batzuen izenak be jorratzen ditue artikulugileek, esate baterako, Errekalde Miribilla, Otxarkoaga, Abando, Arangoiti eta Txurdinaga.
Aukerea ematen jaku gure Bilbo honen historiako zehetasun barri asko ezagutzeko edo gogoratzeko, eta, ganera, geure ingurura hurreratzen gara, adierazo dau Juan Mari Aburto alkateak. Udalak eutsi egiten deutso euskal kultureagaz dauen konpromisoari, eta indartu egiten dau, oraingo honetan, literaturearen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!