Etxepare Euskal Institutuak nazinoarteko kongresua iragarri dau bere 15. urteurrenerako Parisen
2025-11-17 11:18 KultureaFrantziako Liburutegi Nazionalean egingo da.
Zemendiaren 19an eta 20an, Etxepare Euskal Institutuak bere jarduerearen 15. urteurrena ospatuko dau Parisen, nazinoartean euskerea, euskal kulturea eta euskal sorkuntzea partekatzeari eta horreen bidez hartu-emona eregiteari emondako ibilbidea gogoratuz.
Programa kultural, akademiko eta instituzional baten inguruan egituratuko da urteurrena; tartean, beren-beregi sortutako ikuskizun artistikoa eta Sorbona zein Sorbonne Nouvelle unibersidadeetan egingo dan nazinoarteko kongresua.
Ekitaldi nagusia zemendiaren 19an, 18:00etan, egingo da Frantziako Liburutegi Nazionaleko (BnF) auditorio nagusian, eta bertan berba egingo dabe Imanol Pradales Lehendakariak, Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordeak, Gilles Pécout BnFko presidenteak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari eta ekitaldiaren anfitrioiak. Ordezkari politiko, instituzional eta kultural ugari izango da bertan, baita Parisko euskal diasporako kideak be.
Bertaratzen diranek ospakizunerako sortutako proposamen artistiko eta literarioaz gozetako aukerea izango dabe, Olatz Beobidek zuzendutako Haatik konpainiaren eskutik. Jarraian koktel bat egongo da.
Ekitaldia egiteko BnF aukeratzeak balio sinboliko sakona dau: erakunde honek gordeten dau Linguae Vasconum Primitiae (1545) lanaren ale bakarra —gaur egun Baionako Euskal Museoan ikusgai dagoana—, euskeraz inprimidutako lehen liburua eta Bernat Etxeparek idatzia. Etxepare da, hain zuzen be, Institutuari izena emoten deutson egilea, eta haren lema ospetsua —Euskara, jalgi hadi mundura—erakundearen misinoaren inspirazino-iturri izan da bere sorreratik.
Ekitaldia baino lehen, Lehendakariak BnFko artxiboa bisitauko du. Etxepareren lanaz gan, bertan dagoz balio handiko euskerazko beste zenbait liburu be. Egun berean, 9:00etan, hasiko da Sorbonne Nouvelle Unibersidadean ‘Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer’ nazinoarteko kongresua, Etxepare Euskal Institutuak unibersidade honegaz eta Sorbonako Unibersidadeagaz lankidetzan atondutakoa. Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ekingo deutso biltzarrari.
Biltzarrean bederatzi unibersidadetako 20 hizlarik hartuko dabe parte, testuinguru frankofonoan hizkuntza gitxituek gaur egun dituen erronken inguruan hausnartzeko. Holan, Parisko bihotz akademikoan egoera diglosikoan dagoz hizkuntzen funtzino soziala eta hizkuntza aniztasunaren garrantzia azpimarratuko dira, besteak beste, hizkuntzalaritzea, itzulpengintzea, literatura konparatua, zientzia politikoa, soziologia, antropologia eta kultura-ikasketen esparruko nazinoarteko irakasle eta espezialistek hartuko dabe parte kongresuan.
Ekitaldiok Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenaren eta Ça colle au basque ekimenaren testuinguruan kokatzen dira, uniberso frankofonoan euskerearen eta euskal sorkuntzearen proiekzinoa indartzeko atondutako egitasmoa.
Kontuak kontu, ekitaldi bietan komunikabideak be egon daitekez eta bertaratu nahi daben profesionalek Etxepare Euskal Institutuko komunikazino sailagaz jarri daiteke hartu-emonetan.
Etxepare Euskal Institutua
Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskerea eta euskal kulturea eta sorkuntzea nazinoartean zabaltzeko eta horreen bidez beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekaz hartu-emon iraunkorrak eregiteko egiten dau lan. Horretarako, kalidadeko jarduera artistikoak sustatzen ditu eta kulturearen arloko sortzaile, artista eta profesionalen mobikortasuna bultzatzen dau. Euskal ikasketak be bultzatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazinoarteko eragileakaz lankidetzea sustatzen dau, bai kulturearen arloan, bai arlo akademikoan bere.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
