Kulturartekotasuna lantzeko ipuinen bildumea da Munduenea

Bizkaie! 2022-11-25 13:35   Kulturea

Labayru Fundazinoaren ekimenez, munduko hamar kontakizun plazaratu ditue.

Labayruko eta bildumako hamar kulturetako ordezkariak (argazkiak: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ahozko transmisinoa da, kultura guztietan, ondarea, ohiturak eta jakintzak belaunaldirik belaunaldi pasetako bide nagusia. Kontakizun horreetan dagoan aberastasuna hemengo ume eta gaztetxuei erakusteko modu bikaina da, beraz, Labayru Fundazinoak aurkeztu dauen bilduma barria, Munduenea izenekoa.

Ganera, kulturartekotasuna lantzeko bide aproposa dira bildumeak dakarzan hamar ipuinak, liburuki koloretsu banatan argitaratuak. Izan be, munduko leku batekoa da kontakizun bakotxa, hamar herri, hamar kultura eta hamar hizkuntza batzen ditu Mundueneak. Euskerara itzulita irakurri geinkez danak, baita jatorrizko hizkuntzan be. Ganera, entzun be egin leitekez.

Ipuinak eta kontakizunak erabili doguz kulturen arteko trukea egiteko, azaldu dau Labayruko zuzendari Igone Etxebarriak. Beti be, euskerea beste hizkuntzetako hiztunentzako zubi izanda. 6 eta 11 urte bitarteko umeentzako moduko ipuinak dira, gure artean bizi diran atzerritar jatorriko personei entzunak.

Hona hemen Mundueneako ipuinen ezaugarriak:

- Hitza hitzA palabra é a palabra (galegoa): Mouroak Galiziako lurpeetan bizi diran izaki erraldoiak dira, eta dohain bereziak daukiez. Uxio nekazariak tratua egin dau holango bategaz, baina berbea beteteko gai izango ete da?

- Deabruaren zubiaEl pont del diable (katalana): Aspaldi, Isòvol herrian, iturrira joateko errekearen bestekaldera joan behar eben, baina zubirik ez. Egun batean, deabruak zubia eregitea eskainiko deutso Ponetari, arimearen truke. Onartuko ete dau tratua Ponetak?

- Gizon aberatsaاﯾﮏ اﻣﯾر آدﻣﯽ (urdua): Ezbehar batek eroan dau ospitalera Pakistango gizon dotore bat. Han, baina, agirian geratu da zelakoa dan benetan gizona. Zer ezkutatzen dau?

- Katu artistakLes chats artistes (frantsesa): Katu artista batek, Frantziako herri batean, jateko gura dauen guztia lortzen dau bere ikuskizunak eginez. Beste katu bat agertu da, ostera, eta hari lekua kendu deutso. Euren artean inbidiak sortu dira. Zelan amaituko ete da katuen arteko liskarra?

- Eid Al Fitr-eko oparia – ٕذٝخػٞذاىفطش (arabiera): Ramadana amaitzean islamiarrek egiten daben jaia da Eid Al Fitr. Ohikoa da orduan opariak egitea be. Gure hiru ahizta protagonistek eskuzabal jokatzeak zoriontasuna dakarrela ikusiko dabe.

- Matsu, itsasoko jainkosa – 妈祖,海上之神 (txinera): Lin Moniang arrantzale familia baten bizi da Txinan. Gau batean amesgaiztoa izan dau: aita eta neba ontzian joan dira eta ekatx ikaragarria hasi da. Zer gertatuko ete da biharamunean izartukeran?

- Dortoka zekenaIjapa olojukokoro (jorubera): Nigeriako Oyo herrian, andra zahar bat oinez joian, buruan karga astuna hartuta. Txakurrak eta dortokak ikusi eben: txakurrak lagundu gura izan eutsan, dortokak ez, ostera. Zer ondorio jasoko dau animalia bakotxak?

- Zoriontsu izateko gakoaCaabi ngir am mbëkte (wolofera): Zer behar da zoriontsu izateko? Hori galdetu deutso Senegaleko gazte batek aitari; eta harek, berbaz azaldu beharrean, ekintzez erakutsiko deutso.

- Txilibitu magikoaFluierasul magic (errumaniera): Udabarriko goiz batean, Karpato mendietan, Xuri bildotsak zeozer ikusi dau larrean dir-dir egiten. Hagaxka magikoa ete da? Ukuiluko abere-lagunek eta Mugur artzainak hori argitzen lagunduko deutsie.

- Caipora (portugesa): Amazoniako oihanean bizi da Caipora, neska indigenea. Animaliak dira bere lagunik onenak. Bat-batean ezbehar bat izango dabe, ehiztari bategaz. Onik ateratea lortuko ete dabe?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu