Begoñazpi, Nazinoarteko Batxilergoko ziurtagiri ofiziala jaso dauan Bilboko lehen ikastolea

Bizkaie! 2026-03-11 12:33   Kulturea

Bost urte daroaz 150 herrialdetan dagoan nazinoarteko erreferentziazko hezkuntza programea lantzen.





Begoñazpi ikastolea Nazinoarteko Batxilergoko – International Baccalureate ziurtagiri ofiziala jasoten dauan Bilboko lehenengo ikastola da. Pentsamentu kritikoa, ikerketa eta pentsamolde globala sustatzen dauan munduko hezkuntza programa hau, mundu osoko 150 herrialde eta 5.000 ikastetxe baino gehiagotan dago. Hain zuzen be, Bilboko ikastola honek Bigarren Hezkuntzan esparru pedagogiko hori ezarri dala egiaztatzen dauan Nazinoarteko Batxilergoko Bitarteko Ikasketen Programako (BIP) ziurtagiria jaso dau.

Azken bost urteotan Bigarren Hezkuntza osoan martxan jarri ondoren, Genevan sorturiko erakundeko nazinoarteko talde ebaluatzaile batek Ikastoleari, eginiko lana aztertu eta ikusi ondoren, hezkuntza-etapa honetako prestakuntzea egiaztatzen dauan ziurtagiri ofiziala emon deutso: jazoerea eta momentu garrantzitsua da guretzako, ikastetxe honen ezaugarri Nagusia euskal hezkuntzan abangoardian egotea izan da, eta orain, beste urrats bat emon dogu lidergo horretan, adierazo dau Begoña Bañuelosek, Begoñazpi Ikastolako zuzendariak.

1994an munduko hezitzaile eta psikologo handien eskutik, Nazinoarteko Batxilergoak Bitarteko Ikasketen Programea sartu eban: Bigarren Hezkuntzan ezartzen dan programeak, hezkuntzako arauak aldatuko ditu. Izan be, ikuspegi pedagogiko barritzaile honek pentsamendu kritikoa indartu, ikaslearen ikertzeko mentalitatearen zein ikasteko nahiaren alde egin eta etorkizun profesinonalerako ezinbestekoa dan une batean ikaslea ikasketak kudeatzeko prestauko dau. Gainera, BIPk ikasleei hezkuntza-programa hau txertatuta dagoan munduko beste herrialde batzuetan ikasteko modua be emongo deutse.

Eredu honek, arauak be aldatuko ditu ebaluazioan; Ikasleak berak ebaluauko baitau bai bere zenbait lan, bai hezkuntzan zenbat aurreratu dauan (hezkuntza-progresinoa). Gainera, International Bacaleaureteren erakundeak be zenbait fasetan, ikasleen lanari notea jarriko deutso, adibidez, Proiektu Personalean. Zeregin horretan, DBHko 4. mailako neska-mutilek, hainbat hiletan, euren intereseko/gogoko arloa aztertu ondoren, proiektua osotu eta jendaurrean azalduko dabe, autokudeaketa, ikerketa, komunikazioa eta pentsamentu kritikoa eta sortzailea sustatuz eta sendotuz. Erakundeak dinoanez, Mundu osoan bikaintasun-estandar koherentea bermatzeko Nazinoarteko Batxilergoko ikuskatzaileek kanpotik ebaluatuko dabe lan bakoitza.

Ikasleen ezaugarriak

Bitarteko Ikasketen Programea ikasleen urteera-profil batetik abiatuko da. Honexek izango dira ikasleen gaitasun edota trebetasunak: informautakoak eta ikasiak, ikertzaileak, komunikatzaile onak, osoak, solidarioak, ausartak, gogoetatsuak, orekatuak... Hortik aurrera, sistema metodologikoak irakasgaien gainetik dagozan kontzeptuetan oinarrituko dau irakaskuntzea. Bañuelosek ondokoa nabarmendu dau: BIPk, dimensio edegiagoa emonez, bertan sartuta dagozan ikasgaien etiketak apurtu egingo ditu. Gauzak holan dirala, BIPk urteera-profilean deskribidutako trebetasunak lantzeko hainbat ikuspegi ezarriko ditu. Beraz, ezaugarri horreek lantzeko, irakasgaiak taldetan batuko dira. Adibidez, zientzia, hizkuntzen jaubekuntzea, norbanakoak eta gizarteak, arteak, diseinua, gorputz eta osasunerako hezkuntzea... Eta bloke handi honeetako bakotxean, ikasgai bat beste barik ikastera mugatu beharrean, euren artean loturea daben kontzeptu giltzarriak be jorratuko dira: Frantziako Iraultzea ikasten dogunean, jazoera historikoak gainditzen dituen kontzeptuak egongo dira eta horreek be ikasi egin beharko dira. Esaterako, -iraultza- kontzeptua ezartzen badogu, horrek veste egoera eta ingurune batzuetara estrapoletako aukera emongo deusku, esate baterako, industria-iraultzara adierazo dau zuzendariak.

Bilboko Ikastola hau, besteak beste, robotika eta xake ikasgaietan ezeze, konserbatorioko musika-ibilbidean be erabilten dituan metodologia barritzaileakaitik aurrendtaia dogu, hezkuntza eta lan-etorkizunari aurre egiteko hobeto prestautako ikasleak beharko dituan hezkuntza-eredu eraldatzaileari, modu koherentean, eutsi eta ekingo deutso eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu