Gasteizko toponimiari buruzko lehen erakusketea aurkeztu dabe
2026-03-05 13:54 KultureaGasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak.
Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak Hegoalde gizarte-etxean aurkeztu dabe Gasteizko toponimia. Gure leku-izenak erakusketea, uriko gizarte-etxeetan pixkanaka ikusgai izango dan erakusketea moltsoaren lehenengoa. Ekimena uriko Euskerearen Udal Zerbitzuak sustau dau, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailaren laguntzeagaz, toponimia zer dan eta komunidade baten garapenean eta nortasunean zer eginkizun beteten dauen adierazoteko. Erakusketa bakotxak inguruko toponimoei buruzko erreferentziak jasoko ditu. Horreek guztiak Euskaltzaindiak Vitoria-Gasteizko toponimiari buruz 30 urte baino gehiagoz egin dauen azterlanean jasota dagoz.
Aurkezpenean María Nanclares Euskera zinegotziak eta Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia eta Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazleak parte hartu dabe.
María Nanclaresek adierazo dauanez: Gasteizko kultur ondarea herritarrengana hurreratu gura dogu. Gainera, tradizinoz auzoak, kaleak, ibaiak eta beste leku batzuk identifiketako erabili izan diran toponimoekiko interesa sustatzea da asmoa.
Roberto González de Viñasprek bat egin dau horregaz: guzti hori Henrike Knörrek susatu eban Gasteizko Toponimia ikerketa-proiektuan, 2009. urtetik 2024.era argitaratu diran bederatzi liburuetan.
Erakusketa bakotxak biniloak eta beste euskarri grafiko batzuk buztartzen ditu eta atal bitan egituratzen da. Lehenengoa, erakusketa guztietan bardina izango da eta toponimiaren alderdi orokorrak eta haren garrantzi kultural, historiko eta linguistikoa adierazoten ditu, eta bigarrenak, auzo bakotxerako espezifikoa izango dan zatiak, tokiko toponimoak irakurtzea eta interpretatzea dau ardatz. Horren barruan, herritarren interesa bizteko eta memoria kolektiboa osotzen daben izen tradizinonalei balioa emoteko asmoz, toponimo esanguratsuenei eta datu bitxiei buruzko aukeraketea egongo da ikusgai.
Hegoalde gizarte-etxeko erakusketan tokiko toponimoei lotutako Gasteizko kale-erroldako izenak topau ahal izango dira, esaterako, Adurtza, Goikolarra, Olarizu eta San Kristobal auzoak eta Bitoriabidea, Camino de Mendiola, Campo de los Palacios, Iturritxo, Los Molinos eta Salbatierrabide kaleak.
Zabalgana gizarte-etxeko erakusketea martiaren 26tik aurrera bisitau ahal izango da eta bisita gidatuak izango ditu. Aldaia, Borinbizkarra, Elexalde, Mariturri edo Zuhatzubidea lako guneei gaur egun izena emoten deutsen udalerriko toponimo historikoak ezagutzeko aukerea emongo dau erakusketeak.
Gasteizko toponimia
Gasteizko toponimia proiektuaren datu-baseak 400.000 toponimia-sarrera baino gehiago ditu. Bederatzi liburukietan 121.000 datu dokumental argitaratu dira eta 13.086 sarrera toponimiko arautu. Landa-lana Elena Martínez de Madina ikertzaile eta euskaltzain urgazleak egin dau. Azken urteotan, Gasteizko udalerri osoko toponimia aztertu dau (uriari eta 64 herriri jagokiena). Proiektu horren lehen lau liburukiak Malizhaeza, Ubarrundia eta Langraiz merindadeei eskaini eutseen; ondorengo hiru argitalpenak Arratzua izeneko fasekoak izan ziran, azken-aurrekoa Dibiña I izan zan, eta azkenak Dibiña II, Artatza, Gereña, Legarda, Mandoia, Martioda, Otobarren, Otogoien eta Uribarri Dibiña toponimiak jaso zituan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
