Atxurkulu Emakumeen Alkartearen ibilbidea nabarmendu dau Busturiko Udalak

Bizkaie! 2026-03-10 07:43   Kulturea

Zirgari Saria eskuratu dau Atxurkuluk.



Busturiko Udalak Atxurkulu herriko emakume alkartea Zirgari Sariak 2026 sarietarako hautagai izatea proponidu eban eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k sari hori emon izanagaz poztu da. Errekonozimendu honek, Busturiko emakumeen partaidetza sozialaren defensa aktiboan, konpromiso komunitarioan eta etenbako lanean oinarritutako eta urteetan eregitako ibilbide sendoa balioan jarri dau.

Mende lauren baino gehiagoan zehar, udalerrian egiten dagoan lana ikusarazo eta autortzearen garrantziaz konbenziduta, Zirgari 2026 sarietarako bere hautagaitzea aurkeztu eban. BFAk eta BBK-k emondako sariak Atxurkulu Emakumeen alkarteak emakumeen ahalduntzean, aukera bardintasunaren sustapenean eta udalerriko emakume guztientzako espazio seguru eta parte-hartzaileen sorreran egindako lanaren garrantzia azpimarratzen dau.

Aitor Aretxaga Busturiko alkateak azpimarratu dauenez, merezidu eban Atxurkuluren ibilbide sendoa nabarmentzea, urteetan zehar etenbako lanean, konpromiso komunitarioan eta Busturiko emakumeen parte-hartze sozialaren defensa aktiboan oinarritua eta horretarako Zirgari sariak aukera egokia zirala uste dogu. Errekonozimendu honek, alkarte eredugarri baten ahalegina nabarmentzeaz gan, gure komunidadeak bardintasun erreal eta eraginkorragaz dauen konpromiso kolektiboa indartzen dau. 25 urte baino gehiagoko ibilbideagaz eta alkartearen barruko 32 emakumegaz, bere lanak, Udalagaz eta tokiko beste eragile batzuekaz lankidetza estuan, modu erabagigarrian lagundu dau herriko dinamizazino soziokulturalean, eta Busturiko bizitza sozialean emakumeen presentzia aktiboa eta agirikoa bermatu dau.

Atxurkuluren ekarpen nabarmenen artean, Busturiko kultur eta jaiak atontzea eta dinamizazinoa dagoz, halan zelan tanborradea, inauteriak, Kantu Kantari, Santa Ageda, Erregeen Kabalgatea, eta Arrotegi egoitzan ekintza solidario eta boluntario asko. Gainera, Atxurkuluk sustatzen dituan euskerazko irakurketa tailerrak topagune, alkarri laguntzeko eta parte hartzeko gune lez finkatu dira, eta Busturian emakumeen kultura eta gizarte autonomia indartzen dabe.

25 urte baino gehiagoko ibilbidea

Atxurkulu Emakumeen Alkartea larogeta hamarreko hamarkadearen amaieran sortu zan, herriko emakume-talde batek topaketarako espazio propioa izateko eban beharrari erantzuteko. Hasieran, Atxurkuluk oinarrizko prestakuntza-jarduerak bultzatu zituan, halan zelan informatikako ikastaroak, emakumeek trebakuntzarako eta eskura zituen baliabideetarako sarbidea hobetzeko. Halan da be, denporearen poderioz, alkarteak bilakaerea izan dau, eta gizarte-aldaketetara egokitu da, Busturian emakumeen alkarteen erreferente bihurtu arte.

Gaur egun, 32 emakume batu dira alkartera eta bere erronketako bat emakume gazteen parte-hartzeari eustea eta indartzea da, belaunaldien arteko erreleboa eta alkartearen jarraipena bermatuz.

Taldearen 25 urteetan, Atxurkuluk emakumeen eta gizonen arteko bardintasunari lagundu deutso, emakumeen parte-hartze sozialaren sustapen aktiboaren bidez. Udalak gogorarazo dau tokiko alkarteen aurrean lankidetzea oinarrizko piezea dala politika publiko eraldatzaileak bultzatzeko. Esangura horretan, berretsi egiten da Atxurkulu Emakumeen Alkarteari eta parte-hartze soziala, kohesino komunitarioa eta emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna indartzen laguntzen daben ekimen guztiei emoten jaken babes instituzinonala.

Udalak barriro be zoriondu dau alkartea merezidutako errekonozimenduagaitik eta eskerrak emon deutsaz bere dedikazinoagaitik, jarraikortasunagaitik eta aldaketa positiboak sortzeko erakutsi dauen gaitasunagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu