'Harroa eta Sendoa' eskultureak irabazi dau Lauaxetaren omenezko lehiaketea

Bizkaie! 2026-03-09 09:26   Kulturea

Ane de la Sota, Noelia López eta Wen Can Lorenzo dira sortzaileak.

Laukizko Udalak Lauaxetaren (Esteban Urkiaga Basaraz) omenezko eskultura lehiaketako irabazleak saritu ditu, Laukizen jaio zala 120 urte bete diranean. Harroa eta Sendoa eskultureak irabazi dau lehiaketea, izan be, literatur ondarea, euskal kultureari emondako babesa eta Gerra Zibileko burrukea sinbolizetan ditu, pieza abstraktu bategaz.

Gainera, irabazleei eta Lauaxetaren familiari eskulturearen kopia txikia emon jaken, prozesuan erakutsi daben ahalegin, lan eta lankidetza guztia eskertzeko. Holan, Ane de la Sotak, Noelia Lópezek eta Wen Can Lorenzok Harroa eta Sendoa izeneko proposamena jaso eben Gorka Elgezabal alkatearen eskutik, Esteban Urkiaga Basarazen lobak lagunduta.

Proiektu irabazlea

Harro eta Sendoa lana Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadeko eta Laukizko Udalaren arteko lankidetzearen emoitzea da. Bertan, eskulturearen azken ikasturteko 6 ikasleren proiektuak aurkeztu ziran eta lan hori izan zan irabazlea. 

Metro biko altuerea dauen eskulturea Lauaxetaren biografiari eta lanei buruzko ikerketa sakonean oinarritutakotik sortu zan. Piezea, estilo abstraktukoa, burdinezko barra batez alkartutako hormigoizko elementu geometriko biz osotuta dago, artistearen poemetan agertzen diran elementu naturalak gogora ekarriz. Eskulturearen gainekaldean, Lauaxetak idatzitako pasartea dago irakurgai.

Eskulturearen elementu nabarmenetakoa erdian dagoan hutsunea da, Gerra Zibileko garaia islatzen dauena. Poeteak bertatik bertara bizi izan eban garai ha eta euskal kulturearen alde egiteagaitik fusilau eben. Piezeak, indarrez eta sinbolismoz betea, autortza hunkigarria egiten deutso Lauaxetaren figureari eta euskal literaturan itxitako ondareari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu