'Emakumeen presentzia txikiagoa da oraindino hedabideetan'

Bizkaie! 2026-03-09 13:05   Kulturea

Hego Euskal Herrian hobekuntzak dagoz, emakumeek % 29ko presentzia baino ez dabe hedabideetan.

Arantza Gutierrez Paz, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazino eta Publizidade Saileko irakasle eta ikertzailea da, eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterreko arduraduna. | Argazkia: Laura López. | Ikusi handiago | Argazki originala

Komunikabideetan emakumezkoak zenbat eta zelan azaltzen diran monitorizetako mundu mailako proiektu batean (GMMP) hartu dabe parte Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Ikus-entzunezko Komunikazino, Publizidade eta Kazetaritzako ikertzaileek eta, metodologia bera erabiliz, EAEko eta Nafarroako hedabideen azterketea egin dabe. Ikerketara batutako datuetan nabarmentzen da munduan ez dala joera nabarmenik antzemoten emakumeen parte hartzea bultzatzeko eta hemen, barriz, urratsak emon dira.

1995ean ekin eutsen Global Media Monitoring Project (GMMP) mundu mailako proiektuari eta oraintsu argitaratu ditue bost urtean behin egiten dan azken ikerketako emoitzak. Proiektu horren helburua da neurtzea emakumeek komunikabideetan zenbat agertzen diran eta zelako rola daben. Oraingoan 160 herrialdetako datuak jaso ditue: monitorizazino-lan hori egiteko, sekretupean izentautako egun jakin batean argitaratzen diran albisteak aztertzen dira, mundu osoko egoerearen erradiografia bat lortzeko, azaldu dau Arantza Gutierrez Paz EHUko ikertzaileak. 2025eko maiatzaren 6an egin eben zazpigarren mundu mailako neurketea. Egileek dinoenez, momentu zehatz bateko argazki finkoa da, baina gogoetarako datu batzuk emon leikez.

EHUko Ikus-entzunezko Komunikazinoa, Publizidadea eta Kazetaritza Saileko ikertzaileak 2020an hasi ziran GMMPren Espainiako laginean EAEko eta Nafarroako hedabide batzuetako datuak gehitzen, estaduko ikerlanean eskualdeetako ikuspegia be txertatu ahal izateko. GMMP Spain taldeak egindako banaketan, EAE eta Nafarroako eremu administratiboak hartuta, honako hedabide honeek esleitu eutsezan EHUko taldeari: Gara, COPE Bilbao, ETB1eko Gaur Egun, Argia eta Diario de Noticiaseko webgunea.

Pentsau genduan metodologia berbera erabiliko genduela Hego Euskal Herriko komunikabideen lagin zabalago bat aztertzeko eta 2020an egindako neurketeagaz konparau dabe. Aurreko komunikabideez gan, Berria, Deia, El Correo, COPE, Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia eta Hamaika TB sartu ditue laginean: danetara, 121 albiste batu ditue (% 33 egunkarietan; % 28 irratietan; % 17,5 telebistetan eta % 21,5 agerkari digitaletan), horreetako 64 euskeraz. Ikerketako emoitzak Euskal Hedabideen Behatokian (Behategia) argitaratu ditue.

Munduan, goranzko joerea geldotu egin da

GMMP ikerketeak erakutsi dau mundu mailan ez dala ikusten aurrerapen handirik azken hogeita hamar urteetan: bederatzi puntu handitu da emakumezkoen hedabideetako presentzia (% 17 zan 1995ean, eta % 26, barriz, 2025ean), baina azken urteotan joera hori geldotu egin da, azaldu dau EHUko ikertzaileak. Horrek esan nahi dau albisteetako lau protagonistatik bakar bat baino ez dala emakumezkoa, hau da, lau albistetik bat baino ez dabela sinatzen emakumeek edo lau albistetik bakarrean dira emakumeak protagonista.

Bistan dago nazinoartean emakumeen testigantzak esperientzia personalakaz eta herritar arrunten eretxi azalpenakaz lotzen dirala (hau da, zilegitasun gitxiko ahotsakaz) eta agertzen diran adituen edo bozeroaileen laurenera ez dirala heltzen. Horren guztiaren ondorioz, esan daiteke Beijingen 1995ean ezarritako helburuetatik oso urrun gagozala eta ez dala emakumeen parte-hartzea bultzatzeko joera nabarmenik ikusten, zehaztu dau Gutierrezek.

EAE eta Nafarroako hedabideetan parekidetasunik ez oraindino

Nazinoarteko batez besteko datuakaz alderatuta, Hego Euskal Herriko komunikabideetan agertzen diran emakumeen portzentajea hiru puntu altuagoa da (% 29); eta, halan da, ez da heren batera heltzen. Gainera, ikerketak erakutsi dauenez, emakumeek presentzia handiagoa dabe euskerazko hedabideetan baina oraindino ez dago parekidetasunik. Emakumeen ahotsak gizonezkoenak baino gitxiago badira be, gero eta leku gehiago hartzen dabe albisteetan, batez be, aditu edo talde baten bozeroaile legez. Horregaz lotuta, sarri askotan agertzen diren andrazkoak esparru publikoan dabizen politikari edo aktibistak izaten dira.

Komunikabide-modalidadeen araberako datuek erakusten dabenez, idatzizko hedabideetan aldea txikiagotu egin da, baina arrakalea handiagoa da beste komunikabideetan baino. Gizonezkoen ahotsak nagusitzen dira albisteetan, bai idazle eta protagonista bai informazio-iturri gisa, azaldu dau EHUko ikertzaileak. Telebistetan, ostera, datuen arabera, egoera parekideagoa lortzen gabizela. Eta hedabide digitaletan emakumeen presentzia handiagoa da Euskal Herriko komunikabideetan. Bestalde, ikertzaileak autortu dau irratiko datuek argazkia desitxuratzen dabela, irratien lagina aldatu egin baita.

Gutierrezek azaldu dauenez, agirian geratu da hemengo komunikabideetan egoerea hobetzeko ariketa bat egin dala: idazgelak feminizetan dagoz; gero eta emakume gehiagok azaltzen dabe gaurkotasuna. Esangura horretan, nabarmendu nahi dogu azken urteotan emakume batzuek euskal medioen gidaritzea hartu dabela. Izentapenak bai baina barruko prozesuak landu dira zenbait hedabidetan; eta, beste arlo batzuetan bezela, kosta egiten da ohituretan eragitea eta kristalezko trokearen mehatxua ezkutatzen ete dan aztertu behar da komunikazino-sektorea krisian dagoanean emakumezkoak gidaritzan jarri ete diran begitu behar dalako. Ikertzaileak aparteko garrantzia emon deutso aldaketak eragiten jarraitzeari eta horretan gero eta ahots gehiago ditugu akademia mailan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu