Martxan 'Hilerriko Bisita Gidatu Antzeztuak' Bilbon

Bizkaie! 2026-05-22 10:00   Kulturea

5 ibilbide gehiago aurten, espazio honen arkitektura, paisaia eta kultura-aberastasuna hurbiltzeko.



Bilboko Udal Hilerritik paseatea eta bertako hilarri eta panteoiek ezkutatzen dituen istorioakaz liluratzeko aukerea eskainiko da barriro be bisita gidatu antzeztuakaz, joandako denpretako ahotsek protagonismoa berreskuratuko daben memoria aktibatuz. Ahots horreetako batzuk, Doña Croquetarena, Juana Mirirrena eta Enrique Epalzarena, gaur goizean agertu dira Bilboko udaletxean Alvaro Perez Osasun eta Konsumo zinegotziak eskainitako prentsaurrekoan; esperientzia hau, memoriaz, emozinoz eta konplizidadez vetea aurkeztea da asmoa, izan be, personaia horreen bitartez, ibilbideak bizia hartu eta esperientzia hurbila izango da. Aitatuakoen testigantzak bisitea aberastuko dabe, bertaratutakoei hilerriko istorioakaz bat egitea ahalbidetuz. Oraingoan, publikoak beste personaia ospetsu batzuk be ezagutu ahal izango ditu, besteak beste, Jose Luis Pitarque, Alfredo Espinosa eta Julio Orive.

Bisita gidatu antzeztuek Bilboko Udal Hilerria beste ikuspegi batetik begiratzeko aukerea emongo dabe, ondare historikoa eta artistikoa espazio berezi horretan arrastoa itxi daben istorio personalakaz buztartuz, aurreratu dau zinegotziak, izan be, eszena eta kontakizun txikien bidez, ikusleek arpegia eta ahotsa jarri ahal izango deutse hareen bidez, hilarri eta panteoien artean gordeten den gomuteari.

5 ibilbide gehiago

Proposamenak, Bilbao Zerbitzuak taldeak urtero atontzen dauen kultur egitarauaren barruan kokatua, beste 5 ibilbide eskainiko deutsee bisitariei, espazio honen arkitektura, paisaia eta kultura-aberastasuna hurbilduz: programazino honegaz, hilerria herritarrakaz alkartzeko modu barri bat sustatu nahi dogu, uriko gune bizi lez berretsiz, memoria kolektiboa gorde, konpartidu eta transmitiduten baita, zehaztu dau zinegotziak.

Kontuak kontu, kanposantuaren azken 120 urteetako alderdi arkitektoniko, artistiko eta paisajistikoetan arretea jarri nahi dabenentzat, Artea dauen hilerria ibilbidea eskura izango dabe maiatzaren 29an, bagilaren 21ean, garagarrilaren 8an, abuztuaren 28an eta irailaren 4an.

Bilboko hilerriaren alderdi orokor guztiak ezagutu nahi dituenentzat beste bisita gidatu bat egongo da, historia, kulturea eta elezaharrak aztertu eta kontauko baititue. Interesa dabenek izena emon leikie garagarrilaren 19ko, abuztuaren 23ko eta irailaren 20ko saioetarako.

Bestalde, bagilaren 10 eta 20an, garagarrilaren 14an eta abuztuaren 30ean egingo dan Gerra-eremua bisitan, persona anonimoen bizitea eta heriotzea aztertuko da, istorio bereziak dituen persona anonimoen eta politikari, pentsalari, zientzialari eta bestelakoen bizitearen eta heriotzearen alderdi garrantzitsuak zabalduz.

Horrezaz gan, aurten herritarrek Bilbao Zerbitzuak taldeak diseinautako ondoko ibilbide bi honeek aukeran izango ditue: Hilerria deszifretan: sinboloak eta irudiak eta Flora eta Pasaia. Lehenengo ibilbidea hilaren 21ean, bagilaren 24an, garagarrilaren 30ean eta irailaren 6an eta 8an jarraituko dau, hilerriko hilobiak eta monumentuak apaintzen dituen hileta-ikonografia aberatsa eta liluragarria aztertuz. Bigarren ibilbideak hilerriko aberastasun botanikoa izango dau ardatz. Interesa dabenek bagilaren 6an eta 30ean izango dabe bertaratzeko aukerea.

Izen-emoteak eta erreserbak

Bisita gidatuotara joan nahi dabenek izena eman leikie bilbaozerbitzuak.bilbao.eus webgunean eta eskainitakoen artean eguna eta ordua aukeratu. Edozelan be, persona talde, enpresa edo kolektiboentzako bisitak berbatu daitekez interesdunakaz adosten diran egun, ordu eta baldintzetan. Bilbao Zerbitzuak taldeak Bilboko Udal Hilerrira hurbiltzeko garraio publikoa erabiltea gomendatzen deutse bertaratutakoei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu