Kanariar Ugarteak eta Euskal Herria batuko ditu Urmugaren Urtantak

Bizkaie! 2026-05-18 13:09   Kulturea

Mugak igaroten bizitea galtzen daben migranteen memorian.

Gaur aurkeztu dabe Irunen Urmugaren Urtanta 2026, musikea eta mendia buztartzen dituan ekimen artistiko eta herrikoia. Zazpigarren edizinoa izango dau aurtengoa eta berezitasun askogaz dator. Euskal Herriak eta Kanariar Irlek konpartiduten daben gai bati helduko deutse: bere bizitza mugak igaroten galtzen daben migranteena.

Hiru urte dira Kanariar Ugarteko Contramapas egitasmoa eta Urmuga proiektua alkarlanean dabizela lurraldeak eta jentea josiz. Alkarlan horren emoitzea izango da aurtengo Urmugaren Urtanta. Holan, muga administratiboek eta fisikoek persona migratzaileentzat suponiduten dabe traba gaindiezina ikusarazotea izango dau ardatz. Afrika eta Europa (Euskal Herriak eta Kanariak) batuko dira alkartasun mezu unibersala eskainiz.

Lehen zatia Kanariar irletan egingo da, maiatzaren 24tik bagilaren 1era. Bigarrena, Euskal Herrian, garagarrilaren 17tik 25era.

Kanariar Ugarteak: Hego mugeari begira.

Maiatzaren 24tik aurrera, espedizinoak La Palma ugartea zeharkatuko dau eta, maiatzaren 30ean, Kanariar Uharteen egunean, El Hierroko Puerto de la Restingan (Estaduko hego mugan, Estadu espainiarreko Lesbos deitutakoan) amaituko da. Bertan, itsasoan bizitea galtzen daben persona migratzaileak gogoratzeko ekitaldi Nagusia egingo da. Parte hartuko dabe Benabas talde senegaldarrak, Arife taldeak, Rogelio Botanzek, Percuteras de Garaldeak eta Et Incarnatus Orkestreak. Ekimen honen bidez, kaiukotan heltzen diran migratzaileen eta babesik bako edadebako txikikoen errealidadeari ikusgarritasuna eskaini nahi jako, kulturea eta alkartasuna ardatz hartuta.

Euskal Herria: Ipar mugaren gordintasuna. Bidasoan.

Garagarrilaren 17tik 25era, Euskal Herriko mendi eta ingurune naturaletara bueltauko da Urmugaren Urtanta. Aurten, Euskal Herria Frantziako eta Espainiako estaduen artean banatzen dauen barruko-mugeak berebiziko garrantzia izango dau, batez be Bidasoa inguruak. Mendi ibilaldiak egingo dira egunero, eta kontzertu eta ekitaldi esanguratsuenak ondokoak izango dira:

Garagarrilak 17

Ibardingo lepoa eta Manttale artean (Urruña - Bera).

Herri Kanta kontzertua izango da Et Incarnatus Orkestreagaz, Easo Abesbatzagaz eta kaleko kantu taldeakaz, Anabel Arraizaren gidaritzapean. (43°18'40.50"N 1°41'50.30"W).

Garagarrilak 18

Irun

Santiagotarrak Arraun Alkarteak atondutako Bidasoa ibaiaren jatsiereagaz bat egingo dau ekimenak, mugea igarotean bizitea galtzen daben migratzaileen memorian. Bertan, Albaolako
Patatxak be parte hartuko dau. Amets Arzallusegaz egingo da hasierako ekitaldia eta amaieran, padurearen aurrean, Mugarri, Otxo, Rogelio Botanz, Jokin Lasa eta Et Incarnatus izango dira.

Garagarrilak 19

Errenga mendia (Lesaka - Oiartzun).

Aritxulegi inguruko parajean, Janus Lester, Irune eta Itsaso Elizagoien, Benabas, Odei Barroso, Garazi Esnaola, Rogelio Botanz, Percuteras de Garaldea eta Et Incarnatus Orkestra ibiliko dira.
Lesakako urteeran Lesakako Koruak kontzertua eskainiko dau (43°15'24.35"N 1°47'30.78"W).

Ibilbidea Araba eta Bizkaian zehar

Baina ez da hor amaituko aurtengo Urmugaren Urtanta. Ibilbideak Araba eta Bizkairako bidea hartuko baitau egun bi gehiagotan:

Garagarrilak 24

Artomaña eta Delika (Araba).

Et Incarnatus Orkestra eta konbidaduak izango dira bertan. Lehenengo Jaurlaritzearen sorrerearen 90. urteurreneko garaiko musikeak presentzia nabarmena izango dau.

Egunean zehar leku askotan eskainiko dira kontzertuak: 12:00etan piano eta biolin emanaldia, 18:00etan Et Incarnatus Orkestra eta Mikel Urdangarin. Amaierako kontzertua Et
Incarnatus Orkestreak Artomaña txakolindegian eskainiko dau 20:00etan.

Garagarrilak 25

Urduña (Bizkaia).

La Antiguako Santutegiko Lorategian erromeria kontzertua egingo da. Kepa Junkera ohorezko konbidadua izango da eta beragaz batera, Uxue Kerejeta, Gorka Hermosa eta herriko jantzari zein musikariak ibiliko dira Et Incarnatus Orkestreagaz batera.

Jasangarritasuna, Irisgarritasuna eta Sarrerak

Zeharkaldi guztietan zehar errespetua izango da ezinbesteko baldintzea, naturaguneakazko orekea eta jasangarritasuna jagonda. Era berean, irisgarritasun mugatua daben personen partaidetzea bermatuko da Mendi Solidarioak taldearen eskutik. Urmugaren Urtanta 2026ko kontzertuetarako sarrerak bagilaren bukaeratik aurrera egongo dira salgai proiektuaren webgune ofizialean: www.urmuga.eus.

Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputadu Nagusiak esan dauenez, alkartasun ur tanta honeek txipriztindu deiela Atlantikoa, txipriztindu deiela El Hierroko islea, txipriztindu deiela Bidasoa eta txipriztindu gaitzatela gu, herritar guztiok, herritarren eta personen arteko bardintasunezko eta justiziazko loturak sortuz. Izan daitela Urtanta gure herriak ezaugarri dauen alkartasun eta bardintasun balioetan sakontzeko aukerea'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu