Adarraren Hotsak bagilaren 7an

Bizkaie! 2026-05-19 10:37   Kulturea

Batzar Nagusietarako deia Ganekogorta menditik egingo da.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak kirol eta kultur jardunaldi berezia egingo dau barriro. Kondaireak inoanez, antxina Gernikan egiten ziran bileren deialdia iragartekon adarraren soinuak Ganekogorta mendira igoteko orientazinoa emongo deutse domekan, bagilak 7, Deiadar Mendien XXI. Egunagaz bat egingo daben guztiei. Bizkaiko tontorrik enblematikoenetako bat izango da ospakizunaren agertokia, aurreko urteetan beste lau deiadar tontorretara (Gorbeia, Oiz, Kolitza eta Sollube) egin ziran igoeren ostean.

Ohitura hori berrezarri zaneko 25. urteurrena zala-eta 2004an hasitako ohitureari eutsiz gauzatuko dabe tradizinoa, oraingoan Bilboko Gailurra klubagaz lankidetzan. Goizeko 08:00etan ekingo deutse martxeari Kobetamendiko aparkalekutik. Parte hartzen dabenek bilbotarrek astebururo Pagasarrira igoteko erabilten dabena ez dan beste bide batetik igongo dabe Ganekogortako tontorrera (998 metro). Mendi mitiko horretatik, zeozer jan eta edan ostean, Ganekogortarako bidea hartuko dabe, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko tradizinoa zintzo beteteko.

Tontorreko adarren soinuaren ostean, atontzaileek jai-gune txiki bat atondu dabe Pagasarriko zelaietan. Bertan ez dira faltauko musikea, jantzak, bilbainadak, indarbarritzeko mokaua eta erregalu bat igoera osoa egiten dabenentzat. Horrezaz guztiaz arduratuko dira Bilbo Kantari, Salbatzaile Dantza Taldea (Begoña Arroyo Aldekoa sortzaileak Bilboko Udalaren autortzea jaso barri dau egindako lanarengaitik) eta irabazi asmorik bako Peñascal Kooperatiba Taldea erakundea.

Aurtengo kirol igoeraz arduratzen dan Bilboko Gailurra Mendi Taldeak Lemoako Ganzabal klubeko ordezkariari emongo deutso lekukoa domeka honetan, tradizinoa dan lez, 2027an Gorbeiako igoerea atondu daian.

Erakusketea

Bagileko lehenengo domekako hitzordua heldu bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusiak eraklundearen Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) Siglos de tañidos. Sansoaç eta Adarraç erakusketea egongo da ikusgai bariku honetara arte (maiatzaren 22). Erakusketa horrek, hain zuzen be, lurraldeko ekitaldi zeremoniatsu enblematikoenetako baten bilakaerea aztertzeko konbita egiten deusku: Batzar Nagusietarako deia egiteko bost adarren hotsak. Erakusketan Erdi Arotik XIX. mendeko eztabaida politikoetatik abiatuta egungo tradizinoa zelan eregi eben aztertzeko modua izango da.

Elezaharrak

Deiadar mendietan deiadarrak joteko tradizinoaren inguruan argia emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak eta Enkarterrietako Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost tontor enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldiaren inguruan Antonio de Trueba kronisteak XIX. mendean egin eban barrinterpretazino historikoa zala.

Adarrak bailaratik tontorrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekitaldia, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu zituan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan, eta gaur egunera arte iraun dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu