'Un árbol cae en el bosque' Bilboko Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2026-05-20 09:41   Kulturea

Glenda Leon artistearena da, banakako lehenengo erakusketea.

2026ko bagilaren 18tik irailaren 27ra, egongo da ikusgai Glenda León artista kubatarraren bakarkako lehen erakusketea eta karrera erdiko lehen atzera begirako handia Bilbon. Diziplina anitzeko sortzailea, nazinoartean ibilbiderik eta proiekzinorik handieneko artista hispanoamerikarretako bat da.

Haren praktikan instalazinoa da nagusi, baina era askotako lengoaiak erabilten ditu: argazkiginteza, pinturea eta musikea, literaturea eta jantzeagaz lotutako bideosorkuntzak. Artistearen lanak ibilbide emozional ugari ditu, metafora kontzeptual sofistikatuakaz lotuta. Sinbiosi hori tensinoz beteta dago, eta espektro sortzaile berezi bat sortzen dau, erraz ezagutu daitekeena.

Kubatarrarentzat entzuketea ekintza fisikoaz gan, kontzientzia-forma bat be bada. Horregaitik, praktikan, soinua eta isiltasuna tresna bihurtzen ditu ikusezina, espirituala eta politikoa dana antzemoteko: zugatz bat basoan jausten bada eta inor ez badago entzuteko, errealidadearen eta pertzepzinoaren arteko hartu-emonei buruzko dilema filosofikoa da, eta esperientzia sensorial hori islatzen dau.

Kanpoko eta barruko zarataz ganezka egon arren entzuteko kapaz ez dan mundu baten aurrean, Glenda Leónek isiltasuna proponiduten dau espazio aktibo lez. Erronka horrek gorputzagaz eta inguruneagaz barriro be konektetako koanbita berezia da, inor jaubetu barik jausten dan arbola hori egungo gizartearen eta gizabanakoen metafora bihurtuz. Proiektu hau entzuketa barritu baten aldeko jarrerea da, horrek gaitasuna emngo baiteusku jazoten danari zentzuna emoteko, ezkutuan dagoana agirian jarteko eta pertzepzinoa ezagutza-modu bihurtzeko.

Erakusketeak alkarren artean lotutako hainbat gune tematiko zeharkatzen ditu eta horreen bidez, Glenda Leónek dudan jartzen ditu aldez aurretik esleitzen jakun identidadea eta mundua ulertzeko eta bertan biziteko dugun modua. Uniberso horretan guztian, umore dotore eta ironia arinaz gan, erudizino-puntu bat dago, harrokeriarik bakoa

Glenda Leónen bakarkako lehen erakusketea izango da Bilbon, baina ez da bere lana Azkuna Zentroan erakusten dauen lehen aldia, izan be, 2019an, Nunca real / Siempre verdadero erakusketa kolektiboan parte hartu eban, artearen eta literaturearen arteko sinbiosia landuz, 13 artistaren begiradearen bidez. 

-Anónima- erakusketearen lekukoa

Glenda Leónen erakusketea Txuspo Poyo artistearen erakusketearen ondoren etorriko da, pasa dan domekan, maiatzaren 17an, ateak zarrat baitzituan. Erakusketa Aretora gerturatu dan publikoaren arretea piztu dau Anonimak, artista honen uniberso propio eta personala deskubriduteko edo birbisitetako. Gai historiko eta dokumentalen aurreko eta diziplina anitzeko praktika artistikoaren aurreko interesetik sortu da. Horren harian, eguenetako sarrera-bisitek zein erakusketan zehar artisteagaz programautako ibilbideetan sarrerak agortu egin dira.

Glenda León (Habana, 1976)

Habanan eta Madril artean bizi eta lan egiten dau. Haren lana marrazkitik bideo-artera zabaltzen da, eta instalazinoa, objektua, soinua, argazkia eta performancea jorratzen ditu. Artearen Historian lizentziaduna da Habanako Unibersidadean (1999; Kuba) eta Hedabide Barrietako masterra egin eban Koloniako Kunsthoschule für Medien-en (2007; Alemania).

Artisteak ibilbide sendoa egin dau nazinoartean eta banakako erakusketak egin ditu Europa, Amerika eta Asiako museo eta arte-zentroetan. Era berean, ospe handiko instituzioen erakusketa kolektibo askotan parte hartu dau.

Kubaren ordezkari izan da Veneziako 55. Biurtekoan eta, gainera, Dakarreko Biurtekoan (Senegal), Habanako Biurtekoan (Kuba) eta Aichiko Hirurtekoan (Japonia) parte hartu dau. Pollock-Krasner Foundation Prize saria, Pilar Juncosa Bienal Saria eta Arte Sorkuntzako Sotheby’s Saria jaso ditu, baita karrera erdiko artistentzako Cifo Saria be.

Autorpen ugari jaso ditu, besteak beste, 2024ko Beken eta Batzordeen CIFO Saria karrera ertaineko artistearen kategorian (2023), Pilar Juncosa Bienal Saria eta Sorkuntza Artistikoko Sotheby’s Saria (2021), DKV Saria (2020), Pollock-Krasner Foundation Grant Saria (2020, 2005) eta LARA Saria (2017). 

Kubatarraren lana bilduma publiko handien parte da, esaterako, Centre Pompidou (Paris, Frantzia), The Museum of Fine Arts (Houston, AEB) eta Musée des Beaux Arts (Montreal, Kanada) instituzinoena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu