'Euskal mundukoak gara, hainbat dimensino dituan espazio eta nazinoarteko uhin horretakoa'
2026-05-21 07:51 KultureaGloria Totoricagüenak Eusko Ikaskuntzaren 2025eko Manuel Lekuona Saria jaso dau bart Gernikan.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Euskal Herriko kultura eta identidadearen nazinoarteko zabalkundean eta euskal diasporearen ikerketan egindako ekarpena goraipatu dabe.
Gernikako Kultur Etxean egin da asteazken honetan, maiatzaren 20an, Eusko Ikaskuntzaren 2025eko Manuel Lekuona Sariaren banaketa ekitaldia. Saria Gloria Totoricagüena Zientzia Politikoetako doktore eta euskal diasporaren ikertzaileari emon jako.
Ekitaldian, sarituarekin batera, honako hauek hartu dute hitza: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, Eusko Ikaskuntzako buru Ana Urkiza, eta Gernikako alkate José María Gorroño. Irene Larraza Aizpurua Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiak sariaren epaimahai instituzionalaren ebazpena irakurri dau.
Ekitaldia ohorezko aurresku bategaz hasi da eta ondoren alkateak egin dau berba. José María Gorroñok Gloriaren bitartez eta diasporeagaz izandako hartu-emon estuaren bitartez alkarrengandik ikasi eta alkarri laguntzeak dauen balioa azpimarratu dau. Haren ibilbidea egiaztatzeko aktea irakurri ondoren, familia, lagun eta lanbide inguruko persona ugarik ikus-entzunezko labur baten bidez sarituari bere gorazarre eta zorionak helarazo deutsee.
Eusko Ikaskuntzako buru Ana Urkizak Gloria Totoricagüenaren merezimenduak azpimarratu ditu: euskal kultura eta identidadearen nazinoarteko zabaltzaile nagusia, joandako denporetan gaur egunera arte dala adierazo dau. Urkizak 2025eko Manuel Lekuona Saridunaren konbikzino sendoak eta kulturearen diplomaziaren aldeko jarrerea nabarmendu ditu. Haren lanak diasporearen balioa ulertzen lagundu dau, euskal identidadea osotzen dauen elementu lez, mundu osoko Euskal Etxeetan azaltzen dana: etxetik urrun egon arren, gertuko etxeak diran espazioetan, hain zuzen. Gainera, Eusko Ikaskuntzako buruak gogorarazo dau Totoricagüena irakaslearen ikerketek ethos euskaldun baten existentzia erakusten dabe, munduan zehar sakabanatutako euskaldunak definiduten dituen ezaugarri komun batzuk badagozala baina harrera-kultura bakotxean modu askotan agertzen diran konstanteak dirala.
2025eko Manuel Lekuona Saria egiaztatzen dauen Remigio Mendibururen eskulturea jaso ondoren, Gloria Totoricagüenak Euskal Herritik barruko zein kanpoko nire proiektuetan urte honeetan guztietan lagundu daben persona danakaz konpartidu dau autortzea. 19 urte besterik ez zituala Boiseko Euskal Etxeko presidenteorde izan zan garaia gogoratuz, ordutik euskal demokraziako lehen Eusko Jaurlaritzeagaz izan zituan hartu-emonak nabarmendu ditu; hartu-emon horreek urteetan jarraipena izan eban hainbat lehendakarigaz eta euskal unibersidade sistemako errektore eta errektoreordeakaz be. Zehatz aitatu dau Iñaki Goirizelaia —ekitaldiko aurkezle lanetan ibili dana—, haregaz batera EHUn munduko diasporea eta euskal identidadeari buruzko lehen ikastaroak martxan jarri baitzituan: kanpoan bizi garenon identidadea oso sendoa eta konplexua da, adierazo dau, eta askotan egiten deutsen galderea errepetidu ondoren: Zu, nongoa zara?. Horri erantzuten dinoanez, euskal mundukoak gara, hainbat dimentsio dituen espazio eta nazioarteko uhin horretakoak. Erakundeetan eragin geinke eta eragin behar dogula sinistuta, euskal komunidadeak eta euskal herriaren lagunak hainbat proiekturen inguruan mobilizetako animau dau: Bizkaiko Forua UNESCOren Gizateriaren Ondare izentetako sustapena haren 500. urteurrenean,
beren komunitadeetan eta sare globaletan lider euskaldun etikoak prestauko dituen pentsamendu plataforma erakargarriak sortzea, edo Picassoren -Gernika- Euskadira ekartea. Horretarako guztirako, beharrezkoa da euskal ekintza kolektibo globalaren potentziala erabiltea, Euskadi Globala.
Ekitaldia Imanol Pradales lehendakariaren berbakaz amaitu da: gure diasporeak erakutsi dau aparteko gaitasuna dauela askotariko errealidadeetara egokitzeko, komunidaeea eregiteko eta bere identidade kolektiboari bizirik eusteko hainbat lekutan. Gure historiaren momento erabagigarrietan maila berean egon zan, gerra eta diktadura garaian gure herriak eutsi eta nazinoarte mailan ahots propioari eusten lagunduz. Era berean, lotura ekonomikoak, zientifikoak, prestakuntzakoak eta kulturalak ehuntzeko giltzarria izan dala azpimarratu dau, oparoaldietan gure garapena eta oparotasuna ahalbidetu baitabe. Testuinguru horretan, Gloriaren lanak diasporearen kontzeptua zabaltzen eta barritzen laguntzen dau, arlo eta belaunaldi barrietara proiektauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
