Sormen Bekea musika proiektu bati eskainiko deutse aurtengo Durangoko Azokan
2026-05-20 07:30 KultureaIrailaren 21era arteko epea dago proposamenak bialtzeko.

Durangoko Azokearen bueltan sustatzen dan Sormen Bekearen deialdia iragarri dabe gaur Gerediaga Alkarteak eta Durangoko Udalak. Alkarren eskutik ipini eben martxan egitasmoa 2018an, euskerazko produkzinoa eta sortzaile barrien lana indartzeko helburuz, eta dagoeneko bederatzigarren edizinora heldu da. Aurten, musika proiektu bat laguntzea da asmoa.
Bizenta Mogel Bibliotekan eginiko prentsaurrekoan, sortzaileei parte hartzeko dei egin deutse Gotzon Gomez Gerediaga Alkarteko presidenteak: Sormen Bekeagaz ibilbide emonkor eta polita egin dogu urteotan eta sortzaile barrien bidelagun izaten jarraitu nahi dogu. Aurten, musikearen diziplineari eskainiko deutsagu bekea eta, betiko antzean, sortzaile barriek parte hartu ahalko dabe deialdian, banaka zein taldeka, izan be, beka honen bidez, sorkuntzearen munduan hasten dabizanei emon nahi deutsegu bultzadea, azaldu dau Gomezek. Bekea sustatzeko Durangoko Udalak hasieratik emondako laguntzea eskertu dau Gerediaga Alkarteko presidenteak.
Paule Sanchez Durangoko Euskera eta Kultura zinegotziak ondokoa zehaztu da: Durango euskal kulturearen bihotza da eta hori arabere gehiago sustatzen gabiz. Urtero, bertako ekitaldi kulturalek eta, jakina, Durangoko Azokeak, sortzaile barrien talentua eta produkzino barritzailea zabaltzen ditue, eta Sormen Bekea horren adibide da. Aurten, musika proiektuaren bekeak aukera parebakoa emoten deutse gazteei eta esperientzia hartzeko dagozan sortzaileei euren ideak Durangoko Azokearen ingurumarian aurkezteko, ikusgarritasuna eta bultzadea jasoteaz gan. Gure helburua ez da bakarrik euskerazko sorkuntzea indartzea, baita munduari gure hizkuntza eta kultura biziaren indarra erakustea be.
Atontzaileek beka deialdiaren oinarriak azaldu ditue kazetarien aurrean: sortzaile barriek parte hartu ahalko dabe, banaka zein taldeka. Lana jatorrizkoa izango da, eta agertu ezkero, berbak beti euskera hutsekoak izango dira.
Proposamenak aurkezteko irailaren 21era arteko epea dago gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bialduta. Deialdiaren oinarriak irakurri hemen.
Epaimahaiak ebazpena landu ondoren, irabazlea aurtengo Durangoko Azokearen barruan emongo dabe ezagutzera, eta hautatutako sortzaileak edo taldeak 15.000 euro jasoko ditu proiektua lantzeko. Gero, sormen lan horren emoitzea 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko dau jentaurrean.
Rol jokotik komikira arteko bidea, sorkuntzea sustatzeko
2018tik kultur sorkuntzako diziplina ugaritan kokatu da Sormen Bekea. Igaz Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia (Usue Egia, Ainhoa Olaso eta Mikel Urdangarinek sortua) izan zan irabazlea, eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dabe egitarauaren barruan.
Hauxe da saritutako egitasmoen zerrendea:
2018: Atopia rol jokoa (Etzi Portu Maritimoa taldea).
2019: Baimenik gabe diskoa (Kai Nakairen).
2020: Bañolet ikus-entzunezkoa (Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien).
2021: Barraka bideojokoa (Ibai Aizpurua).
2022: Eukalyptus antzezlana (Jon Ander Urresti).
2023: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz umeentzako telesaila (Marramiau sorkuntza taldea).
2024: Harien isla erakusketea (Irati Bazeta).
2025: Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia (Usue Egia, Ainhoa Olaso eta Mikel Urdangarin).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
