Ikasleek euren talentua erakutsi dabe zibersegurtasunean
2026-03-05 13:02 Kulturea350 ikasle inguruk parte hartu dabe CyberLehia ekimenean.
Eusko Jaurlaritzeak zibersegurtasunaren esparruan sustatutako CyberLehiaren III. edizinoaren finala egin dau Donostiako Tabakaleran. Talentuan eta segurtasun digitalean oinarritutako topaketa horretan, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek parte hartu dabe.
Ekitaldian, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak eta Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak parte hartu dabe. Segurtasun digitalerako estrategikoa dan esparru horretan talentuak dauen garrantzia nabarmendu dabe.
Egitasmo horregaz, Eusko Jaurlaritzeak helburu estrategiko bi ditu: batetik, Lanbide Heziketako ikasleen talentua autortzea eta bultzatzea, eta, bestetik, zibersegurtasuna lehentasuneko esparru bezela jartea. Era berean, Cyberzaintzak, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak, ekitaldi sustatu dau.
Pedrosak adierazo dauanez: CyberLehia erreferentziako ekimena da Euskadiko Lanbide Heziketearen barruan zibersegurtasunaren espezializazinoa sustatzeko eta gure ikastetxeetan egiten dan goi-mailako lana ikusarazoteko. Final horrek berresten dau Euskadin talentu gaztea existiduten dala, prest dagoala eta segurtasun digitalerako funtsezkoa dan esparru baten benetako erronkei erantzuteko gai dala. Gure Lanbide Heziketeak ingurune ekonomiko eta teknologikoaren egungo premiei erantzuten jako.
Gero eta digitalizazino handiagoko testuinguru horretan, segurtasun digitala ezinbestekoa da lehiakortasun ekonomikorako eta funtsezko zerbitzuak babesteko. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak sail bien arteko lankidetzea nabarmendu dau: hurrengo belaunaldiengan jardun behar dogu eta zibersegurtasunaren alorrean gazteen prestakuntza bermatu, mundu digitalagaz eta zibersegurtasunagaz lotutako industrian belaunaldien arteko erreleboa gerta deian.
300 ikasle
Txapelketeak izan dituan faseetan, LHko 35 ikastetxek parte hartu dabe, 350 ikasle inguru hain zuzen be. Horreetatik, bost talde onenak, lehiatu dira Tabakaleran.
Azken faseak proba bi izan ditu, teorikoa eta praktikoa. Hasteko, enpresa batean izandako zibersegurtasun-gorabehera erreala jorratu behar izan dabe, sektoreko adituek ebaluatua eta alderdi teknikoetara zein antolamendukoetara bideratua. Proba praktikoan, barriz, talde bakotxak bere azpiegitura digitala babestu behar izan dau, besteena hausten saiatzen zan bitartean, ingurune profesionaleko benetako egoeren antzera.
Gainera, lehiaketea egiten zan bitartean, hitzaldiak eta saio tekniko aurreratuak atondu dira, besteak beste, adimen artifizialaren aplikazinoari eta industria-inguruneetako zibersegurtasunari buruzkoak.
Sektoreko enpresek be parte hartu dabe eta espazio propioak izan ditue euren jarduera aurkezteko eta ikasleekaz hartu-emonetan jarteko. Horreen artean egoazen Cyber Struggle, Sarenet, Devoteam, Orbik, JakinCode, Advens, RootMe, Secure&IT, CyberTix, Puntueus, S2 Grupo eta Alias.
Talde finalistak
- MKDLNULL (Uni Eibar-Ermua + Birt).
- GTFObeans (Txurdinaga LHII).
- LHG67 (Maristak Durango LHIPI).
- Kalimotxo (Lea-Artibai LHIPI).
- Tr1o d3 c4ve1r4s (Xabier Zubiri-Manteo BHI).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
