Bizkaiak Begoña Sagasti, Loraldi, Atxurkulu eta VIVA! autortu ditu
2026-03-06 09:46 KultureaBart emon ditue Zirgari Sariak.
Bart, Bilboko BBK Aretora, gure lurralde historikoko emakumeen eta gizonen bardintasunerako 2026ko Zirgari sariak emoteko ekitaldira 400 pertsona baino gehiago batu dira. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazinoak bultzatuta Zirgari sari horreek egindako lanagaitik autortu egin ditue persona, entidade eta proiektuak.
Zirgari Sariak
Bizkaiak ondokoak autortu ditu: Begoña Sagasti feminista historikoari (ohorezkoa), Loraldi Alkarteari eta Atxurkulu Emakumeen Alkarteari (erakundeena ex aequo) eta VIVA! Arte Feministearen eta Pentsamendu Garaikidearen Sareari (proiektua), emakumeen eta gizonen bardintasunaren alde egin daben lanagaitik.
Ana Urrutia kazetariak gidatu dau ekitaldia eta Bizkaiko Diputadu Nagusi Elixabete Etxanobek, ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputadu Teresa Laespadak eta BBK Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak hartu dabe parte.
Ekitaldian, Valentina Parra abeslariaren eta Biarte Jantza Eskolako jantza-taldearen ikuskizunak izan dira eta feminismo historikoko zenbait diskurso be presente egon dira adimen artifizialez sortutako bideoen bidez. Ekitaldirako propio sortutako artisau-kandela bana emon jake parte-hartzaileei.
Ahaldun Nagusiak bere hitzaldian esan dauenez, gaur autortu egiten doguz personalak eta batez be kolektiboak diran egiteko moduak, sarea sortzeko, laguntzeko eta zeuontzat eta ondoren etorri garen emakumeontzat aukerak erreklamau eta sorrarazoteko egiten dozuen ahaleginari. Autortzen dogu bardintasunean aurrera egiteak zerikusi handia dauela alkar eusteagaitik. Saria emoten deutsuegu zuei esker, hotsandiko diskursorik behar ez dozuen eta ia beti isil-gordean jarduten dozuenoi esker, gizarte hobea garelako.
Bestalde, Laespada diputaduak matxismoari buruz egin dau berba: kontua ez da errudunak seinaletea, gizonei erantzukizuna eskatzea baino, izan b, ahotsa goratu, zentzarazo, hezi eta mespretxuari aurre egiten deutson gizon oro basakeria eragozten dabiz eta indarkeria amaitu daiten laguntzen. Bardintasuna konkistetako, legeak ez eze, leialtasunak be behar dira. Justiziari eta emakumeen askatasunari leial jakozan gizonak. Behar zaituegu.
Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako arduradunak nabarmendu dauenez, euren eguneroko lanagaz komunidaade bardinzaleagoak eregi, pentsamendua sortu eta bide barriak edegi dituen hainbat emakumeren dedikazinoa eta indar eraldatzailea autortzen ditugu gaur. Zuen ahaleginak errastua itxi dau Bizkaian, eta zuen adibidea danok ikasten dogun ondarea da.
Saridunak
- Begoña Sagasti Barriok, Bardintasunaren aldeko Ohorezko Zirgari saridunak, hirurogeita hamarreko hamarkadatik etenbako presentzia izan dau Euskadiko mobimentu feministan. Haren militantzia Bizkaiko Emakumeen Asanbladan hasi zan eta, ordutik, oinarrizko zeregina izan dau, askotan ikusezina: feminismoaren memoria kolektiboa dokumentau eta gordetea. Kazetaritzan eta komunikazioan izandako esperientzia profesionala erabagigarria izan zan Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino Zentroa sortzeko jarreran, eta zentro horren sortzaileetako bat da. Lau hamarkada baino gehiagoan sareak ehundu, laguntza instituzionalak artikulau eta ezinbestekoa izan dan talde-lanari eutsi deutso.
- Erakundeei jagokenez, Loraldi Alkartea 1990ean sortu eben Urduñan, eta bertan topaketa eta ahalduntze-sarea ehuntzen joan da. Laurogei emakume dira, kultura bardintasunerako tresna bihurtu dabenak tailerren, irakurketearen, artearen eta alkarri laguntzeko espazioen bidez, bakardadeari aurre eginez eta komunidadea indartuz. Euren lanak emakume aurrendarien memoria berreskuratu dau, hareen istorioak espazio publikora bueltatuz. Ganera, urtero, martiaren 8an, bardintasuna hausnarketa partekatu bihurtzen dabe. Eta hareen konpromiso solidarioak ekintza feministeagaz eta justizia sozialagaz lotzen dau.
- Beste alde batetik, saria jaso dauen beste erakundea, Atxurkulu Emakumeen Alkartea, 90eko hamarkadaren amaieran sortu zan, eta argi erakutsi dau, udalerri txiki batean be, emakumeen alkartegintzea erreferentzia komunitario bihurti daitekeelako. Hogeita hamabi emakume, hogeita bost urte baino gehiagoz, parte-hartze hutsa zana buru izatea lortu baitabe, kultura-jarduerak, herri-jaiak, boluntariotza-gaiak eta topaguneak atonduz.
- Azkenik, proiektuaren kategorian, Viva! Arte Feministearen eta Pentsamendu Garaikidearen Sareak jaso dau saria. Xabier Arakistainek eta Lourdes Méndezek bultzatutako alkarte hori 2018an eratu eben Bilbon, artearen barruko gorabeherak pentsamendu feministea ardatz hartuz aztertu eta dudan jarteko. Premisa horri eutsiz, oinarrizko ekintza bitan egituratutako proiektua lantzen dau. Lehenengoa ikerketa eta erregistro-sare digital bat eratzea da, emakumeek arte eta kultura-sorkuntzan daben zeregina ikusgarriagoa izan daiten. Hurrengo jarduerea ezagutza feministea zabaltzeko prozesuan oinarritzen da, artean, kulturan eta pentsamendu garaikidean emakumeen eta gizonen desbardinkeria desagerrarazoteko tresna lez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
