Herrigintzan kulturea 'erabagigarria' dala aldarrikatu dabe Euskadi Literatura Sarietan
2022-11-25 07:56 KultureaAurtengo zazpi irabazleak omendu ditue Donostiako Tabakaleran.
2022ko Euskadi Literatura Sariak emoteko ekitaldi instituzionala egin dabe Donostiako Tabakaleran, zazpi sarituak bertan dirala: Uxue Apaolaza, Edurne Portela, Leire Bilbao, Maite Mutuberria, Koro Navarro, Irati Jimenez eta Teresa Maldonado. Eusko Jaurlaritzako agintari gorenak be bertan izan dira, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru. Jaurlaritzako Bingen Zupiriak, Andoni Iturbek eta Aitziber Atorrasagastik be hartu dabe parte.
Sormena izan da Tabakalerako ekitaldiaren ardatza. Batetik, zazpi irabazleek euren obrearen zatiak irakurri ditue, Euskal Herriko literatureak eta itzulpengintza literarioak azkenaldion emon dabenaren erakusgarri dotorea. Bestetik, Noa-Lur-Gaur taldeak zuzenean jo ditu kantu batzuk.
Ganera, Iñigo Urkullu Lehendakariak sormenaren eta kulturearen aldeko aldarria egin dau: Herri batek, herri izan nahi badau, kulturea erabagigarria dala jakin behar dau, norberaren bizitzan, eta herri-bizitzan be bai. Hortaz, Urkulluk ganeratu dauenez, herri batek, herri izan nahi badau, literaturea behar dau.
Idazle eta itzultzaileen ekarpen baliotsua be txalotu dau Lehendakariak: Literaturearen bidez, mundua bizi dogun moduari formea emoten deutsazue, biziteko moduak asmetan eta kontetan dozuez.
Zazpi irabazleak, Euskadi Literatura Sarien historia guztian, emakumeak izatea be kontuan izan dau Urkulluk. Poztekoa da, baina ez da harritzekoa, adierazo dau. Emakumeok erakusten dozue bizi izan dogun normaltasuna ez zala normala, ez ala zuzena. Zuen begiraden, esperientzien preminan gagoz, aberasten gaitue.
Euskadi Literatura Sariak urtero emoten dira, zazpi kategoriatan, gizarteak bertoko idazle, itzultzaile, ilustratzaile eta saiakeragileen lanak ezagutu deizan. Aurtengo saridun bakotxak 18.000 euroko saria izango dau eta beste 4.000 euro eskuratu leikez bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.
Hona hemen 2022ko irabazleak:
- Euskarazko Literaturea: Uxue Apaolaza Larrea, Bihurguneko nasa (Susa).
- Gaztelaniazko Literaturea: Edurne Portela Camino, Los ojos cerrados (Galaxia Gutenberg).
- Euskerazko Ume eta Gazte Literaturea: Leire Bilbao Barruetabeña, Barruko hotsak (Pamiela).
- Euskarazko Literatura Itzulpena: Koro Navarro Etxeberria, Fiesta Eguzkia jaikitzen da, Ernest Hemingway-rena (Erein&Igela).
- Literatur Lanaren Ilustrazinoa: Maite Mutuberria Larrayoz, Irrimola (Ikaselkar).
- Saiakerea Euskeraz: Irati Jimenez Uriarte, Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar).
- Saiakerea Gaztelaniaz: Teresa Maldonado Barahona, Hablemos claro (Catarata).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!