Bizkaiko Kamareak bere lau egoitzetako txoko guztiak ezagutzeko aukerea emongo dau doban

Bizkaie! 2025-11-05 07:56   Kulturea

Emon izena hemen.

Aurten be, Batzarretik Batzarrera programea jarriko da martxan, Bizkaiko Parlamentuko lau egoitzak bisitetako: Bilboko egoitza administratiboa eta Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako batzarretxeak. Bisitaldi gidatuak doban eskainio dira, historiaz, kulturaz eta jarduera politikoz betetako leku horreei balioa emoteko asmoz, datorren urtean Foru Barriaren onarpenaren 500 urteak betetzear dagozanean.

Bisitaldioi esker, herritarrek sakonago ezagutuko ditu Batzar Nagusien historia eta garapena, baita eraikin bereizgarri horreen ondare eta arkitektura arloko altxorrak be. Programea zemendiaren 15ean hasiko da, Batzar Nagusiak erakundeak Bilbon daben egoitza administratibora egindako bisitaldiaren bidez, izan be, bisitariek eguneroko jarduera parlamentarioa non egiten dan ezagutuko dabe.

Zemendiaren 21ean, ostera, Durangoko Merindadeko antxinako Batzar Nagusietako egoitza historikoaren txandea izango da eta izena emon dabenek Bilbotik autobusez joango dira bertara. Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitza ofiziala dan Gernikako Batzarretxeak zemendiaren 29an edegiko ditu ateak eta, azkenik, Enkarterriko Batzar Nagusietako egoitza historikoa dan Abellaneda (Sopuerta) abenduaren 14an bisitau ahal izango da.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak Bilboko egoitzan egindako ekimenaren aurkezpenean adierazo dauenez, -Batzarretik Batzarrera- gure joandako denporei errespetuz begiratzeko konbita da, gure historiara eta gure ondarera egiten dogun bidaia baina Bizkaiko parlamentu honen errealidade bizia ezagutzera emoteko aukerea be bada. Batzar Nagusietako beharginek eurek egindako bisita gidatuek Batzar Nagusietan hartzen diran erabagietan eta egoitzetan gordetan dan historian sakonduko dabe, izan be, mendez mende Bizkaiko erabagi garrantzitsuenen lekuko izan dira, Foru-historiara bidaiatzeko aukerea, baita eraikin berezi honeetako ondarearen altxorrak ezagutzeko modua be, zehaztu dau Otaduik.

Bisitaldi horreen enkamntuetako bat lau foru-egoitzetako hormek gordetako artelan handiak ezagutzea da. Bilbon, berbarako, antxinako Excelsior Hoteleko aretoetan dago kokatuta instituzinoak urteen joan-etorrian eskuratutako ondarearen zati bat (250 artelan-edo), eta, besteak beste, Bizkaiko eta Euskal Herriko artista esanguratsu honeen lanak dira: Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, Dario Urzay, Dora Salazar, Ismael Fidalgo, Mari Puri Herrero, Iñaki de la Fuente, Jesús Mari Lazkano, Daniel Tamayo edo/eta Txus Meléndez.

Ostean, Gerediagarako Batzarretxera egindako bisitaldian, bisitariak sakon barruratuko dira gurtza-lekua eta alkargunea dan Durangaldeko Batzarren ezaugarri bereizgarrietan. Jentearentzat zarratuta dagoan Gerediagako San Salbador eta San Klemente zin-ermitea ezagutzeko aukera aparta izango da. Horren aurrean, hain zuzen be, biribilean atondutako hamabi harri handik osotutako moltsoa dago. Harri bakotxa Durangoko Merindadeko eleizateetako ordezkari moduan joiazan fidelentzako jarlekua zan.

Hirugarren geldialdia Gernikako egoitza ofizialean egingo da. Gernikako zugatzaren alboan, Batzar Nagusien jatorria, haretx sagraduaren inguruan egindako hasierako batzarrak eta zin-ermitea sakonago ezagutzeko aukerea eukiko dabe bisitariek. Bertan, eraikin neoklasikoari, gaur eguneko eginkizunei eta batzarretako egoitza nagusian dagozan artelan adierazgarrienetakoei buruzko azalpenak eskainiko jakez. Bertan, ganera, Francisco de Mendietaren Eskumunak margolan ospetsua nabarmentzen da, izan be, osoko batzarren aretoko leku nabarian dago esegita eta Europako arteko andren lehenengo erretratu kolektiboa ei da.

Azkenik, Abellanedako Batzar Nagusietan, bisitariek monumentu-moltso hau osotzen daben eraikin historikoak ezagutu ahal izango ditu (Batzarretxea, Korrejidorearen etxea, Batzarkideen ostatua eta Aingeru Guardakoaren ermitea), ezinbestekoak dira-ta Enkarterriko historia sakon aztertzeko orduan. Enkarterriko parlamentuaren jatorritik ekinez, lehenengo batzar nagusiak 1394an egin ziranetik, Enkarterriko Foru Zaharrean azaltzen dan lez, Aro Modernora arte helduko dira, hain zuzen be.

2025eko Batzarretik Batzarrera

Zemendiaren 15ean. Bilboko egoitzan:

· 10:00etan eta 12:00etan. Gaztelaniaz.

· 11:00etan eta 13:00ean. Euskeraz.

Zemendiaren 21ean. Gerediagako Batzarretxea.

· 10:30ean. Bilboko egoitzatik urtengo dau autobusak.

Zemendiaren 29an. Gernikako Batzarretxea.

· 11:00etan. Gaztelaniaz.

· 12:00etan. Euskeraz.

Abenduaren 14an. Abellanedako Batzarretxea.

· 11:00etan. Euskeraz.

· 12:30ean. Gaztelaniaz.

Jarduerea doakoa bada be, aldez aurretik emon beharko da izena hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu