'Gabrielen Ispiluetan Barrena'
2025-11-05 11:09Arestik euskal idazleakan izandako eragina aztertzeko jardunaldia.
Zemendiaren 14an izango da jardunaldia, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15, Bilbo- Bizkaia), egun osoz. Akademiak Bilboko Udalaren babesagaz atondu dau eta hainbat belaunalditako poeteari egindako galdera bat dau abiapuntu jardunaldiak: Zer ikusten dozu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen dozunean?
Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zala. Urteurrenaren harian, egitarau zabala atondu dau Euskaltzaindiak haren urian, XX. mendeko euskal idazle barritzaileenetako bat izan zana omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibersidadeko Gabriel Aresti Katedreagaz, Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz eta Bilboko Koral Alkarteagaz alkarlanean atondu dau egitaraua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi, Bilboko Udala, EITB eta BBK Fundazinoaren babesa dauela.
Bagilean estreinau eben egitaraua Bilboko Txistularien Bandearen kontzertu eder bategaz eta ordutik jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emonaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez. Orain, Euskaltzaindiak egun osoko jardunaldia dakar, Gabriel Arestik euskal idazleakan izandako eragina aztertzeko. Holan, poetearen heriotzearen 50. urteurrenean hainbat belaunalditako idazleei egindako galdera bat dau abiapuntu jardunaldiak: Zer ikusten dozu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen dozunean? Edorta Jimenezek, Tere Irastortzak, Harkaitz Canok, Iñigo Astizek, Leire Vargas eta Sonia Gonzalezek beren gogoeta poetikoak eskainiko ditue jentaurrean, norberak Arestiren betaurrekoak jantzita. Hori goiz partean izango da (09:30-13:30) eta, arratsaldean, antzerkia eta musikea buztartuko dira ordu betez, Mikel Martinez eta Eñaut Elorrietaren eskutik. Bilbotar antzerkilariak Olerkari bakarrizketea emongo dau (19:00retan) eta Gernikako musikariak Aresti kantatuz kontzertua (19:30ean).
Galda
Jardunaldian bertan bilduma barri bat aurkeztuko dau Euskaltzaindiak: Galda. Helburua da Akademiak atontzen dituan literatura-ekintzen testigantza idatzia jasotea, dibulgazinoa egiteko, hain zuzen be. Holan, lehen zenbakiak zemendiaren 14ko jardunaldiko berbaldiak jasoko ditu eta bertaratzen diran literaturazaleen artean banatuko da.
Zemendiaren 13an, antzerki-saioa izango da Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Gizarte eta Komunikazino Zientzien fakultadeko auditorioan (Leioa)
EHUko Gabriel Aresti Katedreak atondu dau, Euskaltzaindiaren laguntzeagaz. Goizeko 11:00etan izango da hitzordua eta Kandido Uranga eta Inazio Tolosa izango dira oholtza gainean, zati bitan banatutako testua gorpuzteko. Lehenengoko zatia (Gabriel Aresti Eibarren) Pedro Alberdi idazlearen ipuin batean oinarrituta dago. Arestik Eibarren lan egin eban garaia zala eta, Alberdik bere egunerokotasuneko hiruzpalau ordu ipuin eder batean birsortu zituan. Bigarren zatian, Arestiren Harri eta Herri liburuko Profeta bati letrako poema errezitetan dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
