Martxan da XXV. Zientzia Astea Bilbon

Bizkaie! 2025-11-06 08:14   Kulturea

EHUko zientzia-dibulgazinoaren jaialdia.

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon dobako 200 jarduera inguru eskainiko dira. Edade guztietako publikoak EHUn ikerkuntzan ibilten diranakaz zientzia ikusi, entzun, sentidu eta berba egiteko aukerea eukiko du.

Zientzia Astearen 25. edizinoa, EHUren Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzaren Astea bart hasi da, 25 urteko ibilbidea egin dau Euskal Herriko Unibersidadeak zientzia modu atsegin eta dibertigarrian gizartera hurbiltzen eta hori ospatzeko programazino berezia atonu dau. Aurtengo Gaia plastikoen ingurukoa da, Zientzia plastikorik bako planeta baten alde goiburuari eutsiz.

Inaugurazinoan egon dira Joxerramon Bengoetxea, EHUko errektorea, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntzako sailburua, Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Bardintasun eta Jaietako zinegotzia eta Gotzone Barandika, EHUko Transferentzia eta Nazinoartekotze erretoreordea. Errektoreak orain hogeita bost urte Zientzia Astea martxan jarri ebenak zoriondu ditu eta eskerrak emon deutsee urte honeetan guztietan zientzia gizartera hurbiltzeko lanean ibili diranei: gure unibersidade publikoaren egitekoa hori be badalako: ezagutzak eta ikerketak zabaltzea, gizartera gerturatzea eta gure ikerlatzaile eta zientzialariek egiten dabena ikusarazo eta balioan jartea.

200 jarduera inguru lau egoitzatan

Zientzia Asteak dobako 200 jarduera inguru atondu ditu. Lau egoitzetan programazino zabala eskainiko da: 40 txoko baino gehiagotara eta 75 tailerretara bertaratzen diranek EHUren ikerketa-lana ezagutu ahal izango dabe, protagonisten eskutik. Horrezaz gan, 10 ibilbide didaktiko, 8 erakusketa, 11 hitzaldi, Zientzia Clubeko 20 bakarrizketa baino gehiago eta 6 ikuskizun eskainiko dira. Oraindino be plazak geratzen dira tailer eta ibilbide didaktiko batzuetan. Izena Zientzia Astearen web orrian emon daiteke hemen. Gainerako jardueretarako sarbidea librea da, aforoa bete arte.

  • Bilbon, zemendiaren 5etik 9ra, 70 jarduera baino gehiago izango dira Bizkaia Aretoan: 20 txoko, 31 tailer, 3 ibilbide didaktiko, 5 hitzaldi, erakusketa 2 eta ikuskizun 2, gai zientifiko eta teknologiko ugarien inguruan, besteak beste, mikroplastikoak eta itsasoko kutsadurea, material iraunkor barrien garapena eta energia barriztagarrien erabilerea. Ekitaldiak askotariko gaiak landuko ditu: biomolekulen analisia, kirolaren eragina minbiziaren kontra, neurozientziak, farmazia, adimen artifiziala, robotikea eta elektronikea, adibidez. Zeharkako beste gai batzuk landuko dira, berbarako, emakumeak zientzian dauen ikusgaitasuna edota kimika eta fisika kuantikoaren dibulgazinoa.

Azpimarratzekoa da Oceanus Plasticus proiektua, gaueko ikuskizun bisual bategaz eta asmautako itsas hondoan sartzeko esperientzia bategaz, baita Lucia Revueltak diseinuaren eta iraunkortasunaren inguruan egingo dauen hitzaldi-desfilea be. Haren obrea, Miss Mares, Bizkaia Aretoan egongo da ikusgai zemendiaren 5etik 8ra. Zemendiaren 8an, arratsaldeko 17:00etan, abentura kuantikoa biziteko aukerea izango da eta 19:30ean Zientzia Clubeko bakarrizketa zientifikoak hasiko dira.

  • Vitoria-Gasteizen Zientzia Astea zemendiaren 6tik 9ra egingo da Bibat Museoan baina EHUko Gasteizko Injinerutza Eskolan, Farmazia Fakultadean, Natur Zientzien Museoan eta Izaskun Arrue Kulturgunean be izango dira ekitaldiak. Eskaintzak 35 jarduera baino gehiago batuko ditu: 11 txoko, 16 tailer, 3 ibilbide didaktiko, 6 hitzaldi eta 3 erakusketa. Gai nagusiak historia, injinerutzea eta mobikortasun iraunkorra, arkeologia, herritarren geologia eta astronomia dira. Zemendiaren 7an, 19:00retan Zientzia Clubeko bakarrizketak entzun ahal izango dira eta 17:30ean umeek abentura kuantiko bat bizi ahal izango dabe.
  • Donostian, zemendiaren 6tik 9ra, Tabakaleran dobako 30 jarduera baino gehiago izango dira: 10 txoko, 9 tailer, ibilbide didaktiko 2, ozeanoaren babeserako herritarren zientzia, maila energetikoan eraginkorrak diran eraikinak, azaleratzen dagozan materialak, paleontologia, fisikea eta musika-uhinak, astronomia edo konputazino kuantikoa lako gaien inguruan. Gainera, adimen artifizialari eta mikro eta nano-plastikoei buruzko berbaldi bi emongo dira eta unibersidade arteko eztabaida bat egingo da Global Innovation Day programaren barruan. Zientzia Clubeko bakarrizketak barikuan, zemendiaren 7an, izango dira, 19:30ean. Zapatuan, hilaren 8an, Aytami Soto dibulgatzaile ezagunagaz historiako topakuntzarik handiena ikusi ahal izango da. Oceanus Plasticus erakusketea be ikusgai izango da zemendiaren 6tik 8ra.
  • Barakaldok Clara Campoamor Zentro zibikoan izango dira hitzorduak zemendiaren 5etik 9ra, 40 jarduera baino gehiagoga: 5 txoko, familia eta umeentzako 21 tailer jasangarritasunari eta kutsadurearen kontrako burrukearen, robotikearen eta teknologiaren, birziklatze adimendunaren, esplorazino jasangarriaren edo energia barriztagarrien inguruan. Gainera, ibilbide didaktiko 2, hitzaldi 1, 4 erakusketa eta ikuskizun 2 atondu ditue.

Ikastetxeen parte-hartzea

Publiko orokorrarentzako programazioaz gain, aurten ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 5.000 ikasle inguruk txokoak eta tailerrak bisitatuko dituzte goizez, lanegunetan.

Argazki Geologikoaren XVII. Lehiaketan be parte hartu ahal izango dabe eta zemendiaren 9an, barriz, Lurraren Zientziakaz lotutako irudirik onenen sariak banatuko dira.

Zientzia Astea 2025

EHU da atontzailea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzeagaz eta Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala eta Vital Fundazinoaren babesagaz. Jardueretako batzuk Europako Batzordeak finantziauteko G9-Science4All eta ORE4Citizens proiektuetan kokatzen dira, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) ekintzen bidez. Ekimen hori Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena daa, Horizonte Europa, EBko Ikerketa eta Barrikuntzarako Esparru Programearen barruan kokatzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu