Euskadi Literatura Sarietan, zazpi irabazleak emakumeak dira aurten

Bizkaie! 2022-10-21 12:11   Kulturea

Irati Jimenezi euskerazko saiakerearen alorrekoa emon deutse.

Lau sarituak eta Bingen Zupiria sailburua (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Historikoa da Euskadi Literatura Sarietako 2022ko palmaresa, lehenengo aldiz saritu guztiak diralako emakumeak. Zazpi atal eta beste horrenbeste irabazle dirala kontuan izanda, jazoera aitagarria da. Autortza literario guztia gizonentzat zaneko sasoiak atzean geratzen doazala dirudi.

Bilboko Bidebarrieta liburutegian emon ditue aurtengo lau sarituren izenak (beste hirurak pasa dan astean ezagutu genduzan). Irati Jimenez, Koro Navarro, Edurne Portela eta Teresa Maldonado dira.

Euskerazko saiakeran, Irati Jimenez izan da irabazlea, Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat obreagaitik. Epaimahaiaren arabera, ausarta eta probokatzailea da Jimenezen liburua, eta irakurleari gogoetea eragiten deutso behin eta barriro. Literaturearen gaia sakon jorratzen dau eta, era berean, ikutu personala emoten deutso.

Koro Navarrok itzulpen onenaren saria eskuratu dau. Ernest Hemingway idazle ezagunaren obra enblematiko bat ekarri dau euskerara, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da. Euskal Herriagaz lotura sendoa izan eban Hemingwayk eta liburu horretan be hemengo bizipenak agiri dira. Idazle amerikarraren estilo eraginkorra zehatz jaso dau Navarrok, epaimahaiak nabarmendu dauenez.

Edurne Portelak gaztelaniazko literatureari jagokon saria irabazi dau, Los ojos cerrados nobeleagaitik. Epaimahaiaren ustez, kontautakoaren eta kontau bakoaren arteko tensinoa sortzen dauen ikuspuntu joko aberasgarria ezarten dau, eta orainaren eta iraganaren arteko alkarrizketea.

Teresa Maldonadoren Hablemos claro, ostera, gaztelaniazko saiakeran nabarmendu dau epaimahaiak, gai konpleju eta polemiko bati modu zehatz eta errazean heltzeko gai izateagaitik, beti jarrera neurtua eta azalpen-argitasuna erakutsiz.

Saritu bakotxari 18.000 euro emongo deutsez. Beste 4.000 be lortu leikiez, jatorrizko liburuak beste hizkuntza batera itzultzen badira.

Bidebarrietako agerraldian, irabazleez gan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Bingen Zupiria sailburua eta Andoni Iturbe sailburuordea egon dira, baina sariak emoteko ekitaldi ofiziala zemendiaren 24an egingo dabe, Donostiako Tabakaleran. Han egongo dira zazpi sarituak: Uxue Apaolaza, Leire Bilbao, Maite Mutuberria, Irati Jimenez, Koro Navarro, Edurne Portela eta Teresa Maldonado.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu