Badator Krimenaren Historia Zentroko XXIII. Nazinoarteko Mahai-Ingurua
2025-11-04 10:54 KultureaZemendiaren 6an eta 7an, Durangoko Arte eta Historia Museoan.
Durango, zemendiaren 6an eta 7an, historialarien, legelarien eta krimenaren historiaren inguruan interesa daben personen topagune bihurtuko da, Krimenaren Historia Zentroko XXIII. Nazinoarteko Mahai-Ingurua egingo da-eta. Ekitaldia Durangoko Arte eta Historia Museoan izango da eta zentroak berak atondu dau, Durangoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia laguntzeagaz.
Adingabeak eta kriminalitatea historian zehar: biktimen eta delitugileak izenburupean, parte-hartzaileek krimenaren eta justiziaren bilakaereagaz lotutako gaiak jorratuko ditue, ikuspegi historiko, juridiko eta sozialetik.
Mahai-inguruan hainbat unibersidadetako adituen berbaldiak izango dira, krimena eta justizia ikuspegi historikoetatik aztertzeko.
Zemendiaren 6an hasiko da jardunaldia 9:30ean, inaugurazino instituzinonalagaz. Segian, Enrique Álvarez Corak (Murtziako Unibersidadea) emongo dau lehen hitzaldia, Aro Modernoan infantizidinoaren tratamendu juridikoa aztertuz. Goizeko saioan parte hartuko dabe, era berean, María José Pérezek (Leongo Unibersidadea), amatasun klandestinoari eta ospizioetako umejagoleari buruzko azterketeagaz; Cynthia Rodríguezek (Valladolideko Unibersidadea), infantizidioaren kontrako antxinako legeria penalaren inguruko lanagaz; Onintze Domínguezek (UNED), XVIII. mendeko Nafarroako justiziaren eta infantizidioaren arteko hartu-emonen gainean; eta Tamara Gonzálezek (A Coruñako Unibersidadea), Galiziako landa-inguruneko pobrezia eta infantizidioaren arteko lotura historikoa jorratuz. Saioa amaitzeko, 12:30ean, bisita gidatua eskainiko da Durangoko herrigunean.
Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da eta hainbat gai jorratuko dira. Diego Torricok (UPV/EHU) umeen prostituzinoa Erdi Aroan aztertuko dau. José Tébarrek (Valentziako Unibersidadea) sodomia kasuetan edade txikikoen kriminalizazinoari buruz berba egingo dau. Francisco Alfarok eta Juan M. Gonzálezek (UNED) erakunde erlijiosoetan edade txikikoei egindako abusuak izango ditue aztergai eta Juan M. Gonzálezek berak solizitazino delitua aztertuko dau ospizioen testuinguruan. Ondoren, Nuria Lonek (Zaragozako Unibersidadea) XVIII. mendeko umezaro isilduetan izandako eskubideen urraketak adierazoko ditu. Amaia Nausiak (Nafarroako Unibersidade Publikoa) neskame gazteen kontrako tratu txarrak jorratuko ditu eta Mikel Larrinagak (UPV/EHU) erruki-etxeetan edade txikikoei emondako arreta instituzinonalaz berba egingo dau. Jardunaldiari amaierea emoteko, hizlarien eta entzuleen arteko berbaldi edegia egingo da.
Zemendiaren 7an, goizeko saioa 9:30ean hasiko da José Antolín Nieto Sánchezen (Madrilgo Unibersidade Autonomoa) hitzaldiagaz. Monarkia hispanikoan umeen lan-esplotazinoa izango da haren berbagaia. Jarraian, Francisco J. Díezek (Burgosko Unibersidadea) edade txikikoek gerrilla absolutistan izandako parte-hartzea aztertuko dau. Cristina Ferrer ikertzaile independenteak Hildegart Rodríguezen kasuari buruzkoak jorratuko ditu. Gloria Románek (Almeriako Unibersidadea) frankismoaren osteko umezaroaren baldintzak izango ditu berbagai.
Ondoren, Tamara Lópezek eta Ana Cabanak (Santiagoko Unibersidadea) Galiziako landa-eremuetako ume marjinalen egoerea eta horreen tutoretza judiziala aurkeztuko dabe. Marina Segoviak (bigarren hezkuntzako irakaslea) gazteen kriminalizazinoa Bilbon landuko dau. Amaitzeko, Sergio Cámara Arroyok (UNED) Euskadiko emakumeen gazte-delinkuentziari buruzko ikuspegi historiografikoa eskainiko dau amaierako hitzaldian. Jardunaldia berbaldi bategaz zarratuko da eta 35 urtetik beherako ikertzaile gazteentzako Komunikazino Onenaren Saria banatuko da.
Ekitaldia herritar guztiei zuzenduta dago, aldez aurretik izena emonez. Ekitaldia online jarraitu nahi dabenek mezu elektronikoa idatzi beharko dabe museo@durango.eus helbidera, estekea jasoteko.
Informazio gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
