Erakustaldien hilabetea La Encartada Fabrika-Museoan
2025-10-30 08:29 KultureaIndustria-ondare aberatsa konserbau, balioetsi eta zabaltzea da asmoa.
Zemendian zehar, La Encartada Fabrika-Museoak (Balmaseda) ateak edegiko ditu urteko ohiko hitzorduan: Zemendia: Erakustaldien hila. Ekitaldia zemendiko zapatuetan egingo da (hilak 8, 15, 22 eta 29), eta, horri esker, bisitariek aukera parebakoa izango dabe hamarkada askotan eskualdeko industriaren motorra izan zan ehungintzako makineriaren historiara eta funtzionamentura hurreratzeko.
Programazinoa hilaren 8an hasiko da. Miguel Ángel Martínez Vítorrek erakutsiko dau berbaldi bitan, 11:00etan eta 12:15ean, anezketarako tramea harilkatzeko kanilaria konpontzeko behar dan guztia, baita diseinu eta egiteko prozesua be.
Astebete geroago, hilak 15, Ninet & Co etxeko ehungailu mekanikoa jarriko da martxan, hiru saio jarraitutan. Kataluniako jatorria dauen makina automatiko hori 1905-1906 inguruan fabrikautakoa da. Laurentino de Cabo Cordero arduratuko da ehungailuak zelan funtzionetan dauen erakusteaz. Gainera, haren erabilera historikoa adierazoko dau, batez be, tapakiak egiteko.
Hurrengo zapatuan, zemendiak 22, María Pérezek, La Encartada fabrikako langile ohiak, trikotetako makinen funtzionamentu hutsetik harago doan erakustaldia eskainiko dau, izan be, ondo ezagutzen dituan makinak dira. Maríak hamarkada bitan txapelak trikotetako sekzinoan bizi izandako lan-berezitasunak eta baldintzak adierazo ditu. Jarduerea, berbaldi bitan eskainiko da, 12:00etan eta 13:00ean.
Azken erakustaldia hilaren 29an egingo da, zapatuan, eta ehunen ertzak josteko makineari buruzkoa izango da. Fabrika zaharrakaz lotura estua daben persona bik txapelen muturrak lotzen dituan makina delikadu horrek zelan funtzionetan dauen erakutsiko dabe. Saioa 11:30ean egingo da.
Erakustaldi horreetara joateko, ezinbestekoa da aurretik erreserbea egitea, 946800778 telefonora deituta edo laencartada@bizkaia.eus helbidera idatzita. Plaza-kopurua mugatua da; beraz, aldez aurretik erreserbetea eskatzen da.
Ekimen horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak La Encartada Fabrika-Museoaren bitartez, berresten dau Bizkaiko industria-ondare aberatsa konserbau, balioetsi eta zabaltzeko hartu dauen konpromisoa. Erakustaldi horreen bidez, sekulako aukerea eskaintzen da bertatik bertara ezagutzeko lurraldeko ehungintzearen historia eta teknologia, baita industria hori sustatu eben personak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
