Larreen Mankomunidadeen Zeharkaldia egingo dabe
2025-10-30 12:52 KultureaZemendiaren 8an.
Zemendiaren 8an, zapatuan, orain dala 120 urte baino gehiagotik urtero egiten dabenez, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larren mankomunidadeko kontuen kitapena egingo dabe eta bakea gaurkotuko dabe. Batzar hau aprobetxauta, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen XII. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da.
Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak batu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean —hasieran bide erdian, Barazarko mendatean, batzen ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urteroko ohiturea eta betebeharra da. Antza danez, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izandako ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
12 kilometroko ibilaldia
Larreen mankomunitatearen batzarra aprobetxauta, Zeanuri eta Ubideko udalek eta Joko Alai, eta Amexier alkarteek Zeanuritik Ubidera doan zeharkaldia atontzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea edo errege bidea jarraituz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue atontzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei zein ubidearrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.
Urteerea Ubideko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Erdi Aroko galtzadeak eukan bidetik joango dira parte-hartzaileak: bigarren kilometroan, galtzadearen errastuak argi agiri diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe. Tarte hori amaitu ostean, jatsierea hasten da Saldroporantz; hemen Otzarretako pagadiaren ondotik, Lapursasitik igaro eta Txareta ingurura arte paraje zelaietan ibiliko dira, Ipiñaburu auzunerantz joteko; aurbeherea hasi bezain laster arbelgune bat dago, eta gizaldietan zehar gurdiek itxitako gurpil-markak ikusi daitekez bertan. Aldain auzunetik igaroterakoan, zaldien posta-etxea egoan lekutik pasau eta Undurraga auzunean sartzen da bidea. Undurragan urtegiaren eskumako ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek, azkenik Zeanuriko plazara heltzeko.
Zeharkaldia amaitzeko, hamabiren bat kilometroko bidea egin behar dabe biltariek, baina seguru hitzorduari erantzutea mereziduko dauala, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare naturala eta historiko- etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoienean natureak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Zeharkaldia
- Eguna: zemendiaren 8an, zapatuan.
- Izen-emotea: Zeanuriko plazan, doban.
- Autobus zerbitzua (doban): 09:00etan: Zeanuriko plazatik Ubidera, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea ixten dabenek Ubideko abiapuntura eroateko. 14:00etan: Zeanuritik Ubidera, ubidarrak edota Ubiden kotxea itxi dabenek eroateko.
- Urteerea: 10:00etan, Ubideko plazan.
- Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Ordu bi eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
- 13:00ean: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra Ubideko udaletxean 2024ko bazka-larreen mankomunidadearen kontuak egiteko eta bilera-agiria sinatzeko.
- Atontzaileak: Zeanuriko Udala, Ubideko Udala, Joko Alai Elkartea, Gorbeia Suzien, Ubidestroi eta Amexier Mendi Alkartea.
- Laguntzaileak: Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
