Hemen da BADABIL podkastaren III. denporaldia

Bizkaie! 2025-11-03 12:39   Kulturea

Denporaldiari zemendiaren 4an ekingo jako.

Aurreko urteetako erantzun bikainaren ostean, bueltan da aurten be BADABIL bideopodkasta. Zemendiaren 4an estreinauko da III. denporaldia eta, orain arte bezela, Azokearen testuingurua erabiliz kultureari eta sorkuntzeari lotutako gaiak jorratuko dira euskal sortzaileen ikuspegiak ardatz hartuta. Horretarako, aurreko denporaldietan lez, Amets Aranguren kazetariak gidatuko dau saioa. Danetara, 6 atal izango ditu denporaldi barriak (azkena zuzenean Durangoko Azokatik bertatik), eta atal bakotxean hiru kulturgile izango dira haregaz, kultureari eta sorkuntzeari eragiten deutsen gai bat eztabaidagai hartuta.

Zer da?

BADABIL Hiru Damatxok ETB Mediarentzat produzidutako bideopodkasta da, Durangoko Azokeagaz alkarlanean egiten dana. Amets Aranguren dau aurkezle eta atal bakotxean hiru kulturgile izaten dira haregaz, kultureari eta sorkuntzeari eragiten deutsen gai bat eztabaidagai hartuta. Podkastaren helburua Durangoko Azokako oihartzuna asteburu luze bakarretik harago eroatea da, eta ikusgarritasuna emotea, euskal sortzaileei eta euren jardunean dituen kezka eta hausnarketei.

Ibilbidea

Dagoeneko denporaldi bi egin ditu bideopodkast honek. 2023an hasi eta, danetara, bost atal izan ziran eta 2024an, barriz, sei. Lehen denporaldi bitan bertan izan dira Izaro Andres, Olaia Inziarte, Kike Amonarriz, Aner Peritz, Maite Atorrajauregi (Mursego), Itxaro Borda eta Josune Arakistain, besteak beste. Arrakastea upealakoa izan zan eta horren adierazle da igaz jasotako Argia saria.

Aurtengo gaiak

Kultureari eta sorkuntzeari lotutako danetariko gaiak landuko dira BADABIL bideopodkastaren III. denporaldian: taldeen itzulerak eta esperientzia ahaztuezinak, produkzinoetan izaten diran zaltasunak eta enpresa handien hegemonia, gorputz disidenteen presentzia eta genero desorekea, euskal zinemaren azken loraldia, liburudenden egoerea eta fisikotasunaren galerea, edota kulturearen lehia eta lehiaketen kulturea... Atal bakotxean galdera ezbardinei tiraka, bizi dogun testuingurua gogoan hartuta, gaur egun kultur-sorkuntzeak bizi dituan erronka eta aukerak aztertuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu