'Euskal Herriko historia 100 objektutan' podcasta aurkeztu dabe

Bizkaie! 2025-11-05 08:13   Kulturea

Hamar idazlek objektu bakotxaren bizitea eta esangura kontauko ditue.

Euskal Wikilarien Kultura Alkarteak (EWKE) Euskal Herriko historia 100 objektutan podcasta aurkeztu dau. Hamar euskal idazleren laguntzea dau eta Berriagaz alkarlanean egin da. Martitzenero argitaratuko dan podcast horren bidez, Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuan batutako objektuen istorioak kontau gura ditue.

Podcastaren gidoiak hamar idazlek sortu ditue: Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Iñigo Aranbarri, Garbiñe Ubeda, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Eneko Bidegain, Cira Crespo, Eneko Barberena eta Amets Aranguren. Objektu bakotxaren bizitea eta esangura kontauko ditue, historian izan daben erabilerea eta balioari hurreragoko ikutua gehituz. Intza Alkainek jarri deutso ahotsa atal bakotxari.

Lehen atalean Cira Cresporen eskutik joango gara Barrikako kostara, Aranbaltzako lurra zulatzeko makilea ezagutazotera. Paleolito garaiko egurrezko makil batek zer kontau ahal deusku gure historiari buruz? Zelan heldu ete da gaur eguneraino? Istorioa osorik entzun gura dauenak Berriaren webgunean dau horretarako aukerea, baita ehunobjektu.eus barruan be.

100 objektuak

Proiektuaren edukiak hainbat euskarritan egongo dira eskuragarri: idazleek sortutako testu literarioak, Wikipediako artikuluak, Txikipediako bersino egokituak eta Wikimedia Commonsen objektu bakotxaren irudi galeria.

EWKEk 2024-2027 egitasmoan jarri eban martxan proiektua, euskerazko ezagutzea librea zabaltzen jarraitzeko asmoz eta gure ondare historikoa ikusgarri egiteko helburuagaz. Zerrendea osotzerakoan museoak eta bestelako GLAM (Galeriak, Liburutegiak, Artxiboak, Museoak) erakundeak izan ditue bidelagun. Egitasmoa munduko beste herrialde batzuetan garatutako proiektu arrakastatsuetan oinarritzen da. Euskal Herrian lehen aldiz egingo dan ekimen horrek gure museoetako bildumak ardatz hartzen ditu, historian zeharreko 100 objekturen bidez herriaren ibilbidea eta iruditeria ezagutarazoteko.

Gaztetxoentzako komikia

Podcasta ez da barritasun bakarra; Euskal Herriaren historia gaztetxoengana hurreratzeko asmoz objektu bakotxagaz landutako komikia be argitaratuko dogu.

Gaur, hilak 4, hasita, eguaztenero, Eñaut Aiartzaguenagaz batera sortutako Ikasi Otsorekin komikiek bezperako podcastean aitatutako objektua eroango dabe marrazki eta kolorez jantzita. Txikipediako erabiltzaileentzat lehendik be ezaguna dan Otso personaiak 100 objektu horreek modu grafiko, erakargarri eta ulergarrian adierazoko deutsee ume eta gazteei.

Komikiek gure ondare eta historiara hurreratzeko leihoa izatea da asmoa eta horreek be eskuragarri egongo dira ehunobjektu.eus webgunean, baita Txikipedia eta Euskerazko Wikipediaren sare sozialetan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu