Halloween, Gau Baltza eta konsumo-arriskuak

Bizkaie! 2025-10-30 12:09   Kulturea

EKA/ACUV erakundeak modu seguru eta arduratsuan ibilteko kakoak emon ditu.

Halloween eta Gau Baltza txanponaren alde bi dira: alde batetik, kanpotik ekarritako ospakizun bat, osogai komertzial handikoa; eta bestetik, gure kulturako tradizino herritarra, komunidadeari eta uztearen amaiereari lotua. Bietan, konsumoak protagonismo handia hartzen dau. Euskal Konsumitzaileen Alkarteak ohartarazo dau ospakizun horreek, izaera festiboa gorabehera, arriskuak be badituela konsumitzaileentzat.

Alkarteak azpimarratu dau momento honeek aukera egokia dira gure kontsumo-moduez gogoeta sakona egiteko: konsumo arduratsua ez dago dibersinoagaz kontraesanean. Gakoa da ondo pasetea baina beti segurtasunagaz, jasangarritasunez eta tranpa komertzialetan nahastau barik, azaldu dabe EKA/ACUVeko arduradunek.

Ohiko arriskuak eta gomendio praktikoak

  • Mozorroak eta makillajea: gehienak erabilera bakarrekoak dira eta askok ez ditue segurtasun-baldintzak beteten. EKA/ACUVek nabarmendu du beti CE markak egiaztatzea eta alternatiba jasangarriagoak aukeratzea dala onena, besteak beste, berrerabilpena, trukea edo bigarren eskuko erosketak. 
  • Gozokiak eta jakiak: Ziria ala saria egitean, etiketeari, iraungite-dateari eta konserbazino-baldintzei erreparau. Alkarteak, gainera, tokiko edo artisau-produktuak aukeratzea gomendatzen dau, ontzien erabilerea murrizteko eta gertuko merkataritzea laguntzeko.
  • Jaietarako online sarrerak: urtez urte ugaritzen dira sarrera faltsuen kasuak edo fidagarritasunik bako plataformak. Alkarteak salmenta-webgunea ofiziala dala ziurtatzea gomendatzen dau, itzulketa-politikea arretaz irakurriz.
  • Komunidadea helburu: Halloweenek konsumo azkarra sustatzen dauen bitartean, Gau Beltzak tradizinoaren, kulturearen eta komunidadearen garrantzia gogorarazoten dau: Gau Beltzak gure sustraiakaz konektetan gaitu eta lotura sozialak sendotzen ditu. Adibide ona da ospakizuna neurriz bizi daitekela erakusteko, azpimarratu dabe alkarteko arduradunek.

Konsumoan kontzientziarako deia

EKA/ACUVek familiei, gazteei eta herritarrei oro har dei egiten deutse ospakizun honeetaz modu kontziente eta seguruan gozetako, bai osasuna bai ingurunea kontuan hartuta: gure helburua egun seguru, jasangarri eta kontzientea sustatzea da, nabarmendu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu