'Aurrekontuok EHU paralisira daroe'
2025-10-30 07:50 KultureaEHU proiektu estrategikoa da gure herrirako..
Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailak ez ditu aintzat hartu unibersidearen benetako preminak aurrekontu proiektua egiteko orduan Eusko Jaurlaritzako 2026ko aurrekontu proiektuak ez ditu bermatzen EHUren finantziazino preminak eta eskari zuzena egin deutso Joxerramon Bengoetxea errektoreak Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailari: aintzat hartu daiala EHUren preminen diagnosia. Bengoetxeak Ixone Fernandez de Labastida eta Estitxu Garai errektoreordeakaz batera egindako agerraldian adierazo dau, legebiltzarrean agerraldia egiteko eskariaren erantzunaren zain dagoala, zuzenketa epean behar honeek guztiak batzordearen aurrean azaltzeko.
Errektoreak azaldu dauenez, Jaurlaritzeak iragarri arren EHUren finantziazinoa % 6,3 igon dala, ez da igoera erreala. Zehaztu dauenez, urtea galerarik gabe ixteko, Jaurlaritzak iaz defizita estaltzeko egin zuen ekarpenaren azpitik geratzen da kopuru hori. Esangura horretan, ondokoa gogoratu dau, gaur egun unibersidadeak jasoten dauen finantziazinoa LOSUk finkatutakoaren erdira be ez da heltzen; EAEko % 1 aintzat hartuta, 980 miloe eurora igongo litzateke Euskal Herriko Unibersidadeko aurrekontua. Errektoreak adierazo dauenez, aurrekontu horreek EHU paralisira daroe, argi eta garbi. Ez dira, inondik inora, Euskal Herriko Unibersidadeak dituan egiturazko preminei erantzuteko nahikoa, arabere gitxiago bikaintasuna bermatzeko. Hiru arlo aitatu ditu errektoreak. Batetik, digitalizazinoa: atzo iragarritako diru partideagaz ezingo jako EHUk hain beharrezko duen digitalizazioari heldu eta gogoratu dauenez, Unibersidadera Sartzeko Probako (USaP) 14.000 nota banaka sartu behar izaten dira sistemara eskuz.
Bigarrenik, aurrekontu honeek ez dabe balio lan baldintzak duintzeko, ez dabe laguntzen unibersidadea lan eremu erakargarria izan daiten. Horren adibide, esaterako, Batxilergoko irakasle baten hileroko soldatea 2.600 euro ingurukoa da eta unibersidadeko irakasle atxiki doktore batena 1.900. Horren harian, Bengoetxeak esan dau EHUko irakasle-ikerlarien soldatak sektore publikoetakoakaz oso urruti dagozala eta parekatzeko osogarri autonomikoa beharko litzatekeela. Lan baldintza eskasak zuzenean lotuta dagoz karrera akademikoaren prestigio ezagaz eta talentua erakarteko zailtasunakaz, zehaztu dau. Bengoetxeak azaldu dauenez, lan boltsak beteteko zailtasuna gero eta ezinegon handiagoa dakar eta arazo horri sasoiz erantzuten ez bajako, unibersidade publikoaren etorkizuna kolokan dagoala konfirmau geinke.
Horregaz lotuta, nabarmendu dau estadu osoko TEKAZEL langile-ratio bajuenetakoa dauela EHUk (tekniko bat 3 irakasle/ikerlariko), CRUEk 1-1 ratioa proponidu arren. Holan bada, zerbitzu askotan teknikarien premina larria da eta eguneroko lana oztopatu eta atzeratzen dau eta ondorioz, ikerketa proiektuak bideratzeko aukerak galtzen ditugu, besteak beste.
Eta hirugarrenik azpiegiturak aitatu ditu errektoreak; haren esanetan, 2026ko aurrekontuek ez dabe bermatuko unibersidade bikain batek behar dituan kalidadezko azpiegiturak. Gaur egun, metro koadroko euro 2 bideratzen dira mantenu lanetara (845.854 metro koadro zati 1,8 miloe) eta 30 eurokoa da azpiegiturak egoera onean mantentzeko erispide teknikoa, zehaztu dau.
Amaitzeko, Bengoetxeak gogoratu dauenez, errektoretza talde hau ez zan kargura heldu, unibersidade-komunidadearen % 63,85eko babesagaz, unibersidade publikoan bizi dan prekariedadea kudeatzeko. Bizirautea ezin da helburu izan. Euskal Herriko Unibersidadeak merezidutakoa eskatu baino ez dogu egiten, bikaintasuna eta herri honek merezidu dauen kalidadezko unibersidade publikoa ziurtatzeko. EHU proiektu estrategikoa da gure herrirako.
Esangura horretan, eskari bi egin ditu EHUko errektoreak: Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailari aurrekontu proiektua ontzeko erabili daiala Legebiltzarrean proiektuak hasiko dauen tramitea; eta Legebiltzarreko taldeei, aintzat hartu deiezala aurrez aurre aurkeztu jakezan datuak, EHUren finantziazinoa hobetzeko proiektuari zuzenketak aurkezteko orduan. Unibersidade bikaina dogu ikerketari eta hezkuntzeari jagokenez, azpiegitura, lan eta digitalizazino baldintzak erabat prekarioak dira. Eta aurrekontu eskasia jarduera kolapsetan eta unibersidadearen etorkizuna baldintzatzen dago eta, beraz, gure gizartearen etorkizuna, adierazo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
