Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat dira aurtengo lehenengo Euskadi Literatura sariak
2022-10-13 12:15 KultureaEuskadi Literatura Sariek gure uztarik interesgarriena saritzen dabe.
Vitoria-Gasteizeko Artium Museoan egindako prentsaurrekoan, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaur goizean emon ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak:
· Euskerazko Literaturea: Uxue Apaolaza Larrea, Bihurguneko nasa (Susa).
· Euskerazko Umeeta Gazte Literaturea: Leire Bilbao Barruetabeña, Barruko hotsak (Pamiela).
· Literatur Lanaren Ilustrazinoa: Maite Mutuberria Larrayoz, Irrimola (Ikaselkar).
Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osotu dabe Euskerazko Literaturako epaimahaia eta euren eretxiz, Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa liburuak identidadearen eta alteridadearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen dau. Gustora irakurten dan prosa gihartsuan idatzia dago eta elaborazino literario zehatzak zeozelako gordintasuna be emoten deutso, sobrako azalpen eta luzamendu barik. Edukiari bikaini egokitzen jakon berbakerea da, uri handiko herrestaren dinamika bizian -ezustean- irakurleak protagonistearen begirada ernea antzemongo dau detaileetan sakontzen.
Bestalde, Leire Bilbaoren Barruko hotsak lanari buruz epaimahaiak ondokoa adierazo dau: Forma aldetik, poesia bisuala da, kaligramearen generoa barritzen dauena, errimaz eta erritmoz betea. Liburuko testuaren, tipografia-olgeten ezusteko buztarketek eragiten daben txundidureak askotariko irakurketak egiteko aukerea eskaintzen dauena. Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osotutako epaimahaiak gaineratu dauenez, Barruko hotsak belarriakaz irakurri eta begiakaz entzuteko moduko liburua da, umore finez josia. Nabarmentzekoa da liburuaren konposizino-, maketazino eta ilustrazino lan bikaina. Hain zuzen be aurten Literatura Lanaren Ilustrazinoaren Euskadi Literatura saria jasoko dauen Maite Mutuberriarenak dira Leire Bilbaoren liburua apaintzen daben ilustrazinoak. Leire Bilbaok bigarrenez irabazi dau Euskerazko Ume eta Gazte Literaturearen Euskadi Saria. Pamiela argitaletxeagaz kaleratutako Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanagaz be irabazi eban saria 2017an. Maite Mutuberriarenak izan ziran orduan be liburuan agertzen ziran marrazkiak.
Maite Mutuberriak berak Irrimola liburuagaitik jasoko dau aurtengo Literatur Lanaren Ilustrazinoaren kategorian Euskadi Literatura saria. Epaimahaiarentzat Mutuberriaren lanak album ilustratuaren kontzeptua beste dimensino batera eroaten dau, formatu zirkularrean diseinautako liburu-objektu bat, izan be, konposizinoak esperimentazinoa eta irakurketeagaz olgetea ahalbidetzen dau. Ilustrazinoen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiagaz batera, irakurteko geruzea indartzen dauena. Gainera, irudien plangintzeak zirkuluaren geometriaren errepetizinoa erabilten dau beste erreferentzia batzuk gogora ekarriz, besteak beste, planisferioa edo zootropoak eta hareen irakurketa eta berrirakurketa beti bestelako plazer bihurtzen dau, liburua lan agortezin bihurtzen dauena. Javier de Isusik, Maria Altunak, Jon Mantzisidorrek, Yolanda Mosquerak eta Miren Asiaienek osotu dabe Literatur Lanaren Ilustrazinoa modalidadeko epaimahaia eta saria erabagiteko arrazoietan laburtu dabenez, Irrimola umezarotik literaturara sartzeko ate bat da. Olgetarako eta alaitasunerako oda bat.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, Euskadi Literatura Sariek gure uztarik interesgarriena saritzen dabe, gure sortzaileen lana autortu gura dogu, hareen lana autortu eta idazten jarraitu deien animau. Egileei eta euren lanei ikusgarritasuna emon gura deutsegu. Eta, azkenik, irakurzaletasuna sustatzea be badago helburuen artean. Herritarrakan istorio barriak irakurteko gogoa piztea, gure sortzaileek eskaintzen deuskuezan istorio horreek.
Sariak
Zemendiaren 24an, Donostian, Tabakalera Kultura Garaikideko Nazinoarteko Zentroan, egingo da sariak emoteko ekitaldia. Danetara, zazpi sari emongo dira eta datorren astean iragarriko dira falta diran ganerako laurak: Literaturea Gaztelaniaz, Euskerazko Literatura Itzulpena, Saiakerea Euskeraz eta Saiakerea Gaztelaniaz.
Saridun bakotxak 18.000 euroko saria izango dau eta beste 4.000 euro eskurati leikez bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskerazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!