'Trukatua eta inperfektua', Rut Olabarrirena Bilbon

Bizkaie! 2025-10-29 08:38   Kulturea

Margolan, marrazki, grabatu, bideo eta argazkiak familiaren gomutak berreregiteko.

Rekalde Aretoan ehungintzako arte garaikidean erreferente dan Rut Olabarri (Bilbo, 1962) artistearen erakusketa garrantzitsuena aurkeztu dabe. Trukatua eta inperfektua izenburupean erakusketeak azken 6 urteetako bere lanak batzen ditu, aurretik egindako hainbat obra barrikusi eta Rekalde Aretora egokituz.

Aretoaren barruan espazio barriak proponidu ditu artisteak, bere biografiagaz lotura zuzena dabenak, izan be, erakusketearen haria, edo bilbea, desagertutako Torrontegui Hotelari (Bilbo 1893-1973) buruzko imajinarioa, gomutakk eta memoria argitzea da.

Erakusketea 2026ko zezeilaren 15era arte egongo da zabalik eta Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol diputaduaren, Alicia Fernandez, Rekalde Aretoko zuzendariaren eta Rut Olabarri artistearen eskutik egindako edegiera ofiziala egin ondoren inaugurau da.

Leixuri Arrizabalagak azaldu dauenez, Rekalde Aretoak Rut Olabarriren ibilbidea ikusi eta aztertzen dau, lan bakar eta personal bat eskaintzeko; joskintzearen eta ehungintzearen artisau-lana ikus-entzunezko esperimentazinoagaz eta erretratu piktoriko zein grafikoagaz uztartuz; proposamen honek denporan zehar bidaiatzeko konbita egiten deusku, hizkuntza artistiko eta material askoren bitartez, gure zentzun guztiak piztuz. Era berean, diputaduak azpimarratu dauenez, erakusketa honegaz Rekalde Aretoak tokiko sorkuntzearen eta emakumeen talentuaren alde a egiten dau barriro eta emakume artistearen posizinoa zein zeregina aldarrikatzen ditu sormenaren arloan.

Rut Olabarrik familiaren hotelaren historia birsortzen dau eta ipuin barri bat idazten saiatzen da bere bizipen personala eta neskato baten begiradea gogoan hartuta. Horregaitik, gogora ekarriz eta gogoratuz orain berreregitako eta bizitako denpora-espazioari buruzko aitamenak dagoz.

Instalazinoa egiteko Rut Olabarrik erakusketa-gunea sortzen lagundu dauen Eduardo Sourrouille artistearen laguntza berezia izan dau.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu