Bueltan da Algaraka, formatu barrian
2025-11-05 10:48 KultureaFormatu lehiakorra alde batera itxiz, Bakarrizketa Gaua atondu dabe.
Jardun Euskera Alkarteak, Goiena Komunikazino Taldeak eta Bergarako Udalak alkarlanean atondu dabe Algaraka Bakarrizketa Gaua, abenduaren 19an Bergarako Seminarixoan egingo dan ekitaldia. Euskerazko ahozkotasuna, umorea eta sormena sustatzeko helburuagaz sortu zan Algaraka proiektuak bigarren edizinoa izango dau aurten, eta barrikuntzakaz dator. Formatu lehiakorra alde batera itxi eta aurten bakarrizketen gaua izango da.
Jardun Euskera Alkarteko ordezkari Nerea Mendizabalek adierazo dauenez, ekimenak helburu ugari ditu: euskerazko sortzaileak lagundu, talentua eta ahozkotasuna sustatu, lanak erakusteko plazak eskaini eta ikusleei euskerazko umore eta kulturaz disfrutetako aukerea emon.
Izen-emotea daborduko edegita dago: azken eguna zemendiak 11 izango da. Parte hartu gura dabenek 2-3 minutuko bideoa bialdu beharko dabe komunikazioa@algaraka.eus helbidera euren datuakaz batera. Aurkeztutakoen artean bost bakarrizketari aukeratuko dira eta coaching saio personalizatuak jasoko ditue, jentaurreko prestaketa artistikoa lantzeko.
Abenduaren 19an, gauean, Bergarako Seminarixoko oholtza gainean, bost bakarrizketari amateur eta profesional bik eskainiko ditue euren lanak. Ekimena Bergarako Udalaren laguntzeagaz egingo da. Aurton Bedelkar Merkatarien Alkarteak be egin dau bat proiektuagaz.
Bergarako Kultura zinegotzi Maite Usabiagak ondokoa azpimarratu dau: Algaraka euskerearen, sormenaren eta umorearen arteko buztarketea da. Gure hizkuntzeak behar ditu holako espazioak, baita gure sortzaileek be.
Informazino osoa eta oinarriak algaraka.eus web orrian dagoz eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
