Maite Zarate: 'Bermeoko berbetearen aberastasuna erakutsi gura dogu'
2022-10-10 08:03 BarriketanBermeoko Udaleko Euskera zerbitzuburua.
Bermeon egiten dan euskerearen indarra eta prestigioa handitzea eta herriaren zuztarrei balioa emotea dira Udalak Eingule! lemapean martxan jarri dauen kanpaina barriaren helburuak. Herriko berbetea olgeteagaz eta ondo paseteagaz lotuta, Bermeoko euskerea harrotasunez erabiltera animauko ditue herritarrak. Lehiaketak egiten dabiz asteotan, helduentzat zein ikastetxeetako gazteentzat. Amaitzeko, lehiaketa herrikoia egongo da abenduaren 3an, Euskerearen Egunean.
Webgunearen zein sare sozialen bidez erraz-erraz hartu leiteke parte galdera-erantzun bidezko lehiaketan. Udaleko Euskera Zerbitzuburuak, Maite Zaratek, kontau deuskunez, lehenengo egunetik jente asko animau da. Ikastetxeen eta Bermeoko enpresen konpromisoa be txalotu dau.
1.- Zerk bultzatu zaitue kanpaina hau martxan ipintera?
Bermeon, euskeraz berba egiteko gaitasunaren eta erabilerearen arteko tartea handia da. Azken urteetako kale-neurketek emoten dituen datuen arabera, espazio publikoetan, kalean, euskerea gero eta gitxiago erabilteko jokerea dago. Horregaitik, pentsau dogu herriko berbeteari prestigioa emoteko ekimen bat martxan jartea, lagungarria izan leitekelakoan erabilereari bultzadea emoteko.
2.- Non egon leiteke hutsunea? Jentea herriko berbeteagaz lotsatu egiten dala, lehengo bizitasuna galdu egin dala ala zer?
Sarri entzuten da Bermeoko euskerea ez dala ulergarria, ez dala euskera ona... Baina hori ez da kontu barria. Horrek hiztunakan eragina dauka, jakina. Kanpainearen bidez, herriko berbetearen aberastasuna erakutsi gura dogu, balioa emon, egunero erabilteko bizitasun handia dauela konturatu behar gara. Bermeoko euskerea ona da, bizia eta aberatsa. Autoestimu kolektiboari bultzadea emon behar jako eta honako mezua zabalduko dogu: geureaz harro gagoz, euskeraz ondo egin geinke eta gura dogu egin.
3.- Gehiago edo gitxiago erabili, Bermeoko euskerea bizi-bizirik dago. Kanpainea egiteko lehengai aberatsa dozue hor.
Lehiaketarako galderak zortzi moltsotan banatu eta berbak eta esakerak erabili doguz, baina baita beste material asko be. Azken batean, euskerearen ekosistema osoari begiratu deutsagu: kultureari, sortzaileei, herriaren ezaugarriei, historiari, leku-izenei, arteari, eraikinei eta ohiturei, besteak beste. Kultura orokorraren eta identidadearen parte da hizkuntzea, eta hor kokatu dogu kanpainea. Berba eta esakera pilo bat batu doguz baina gai asko be jorratu doguz.
4.- Kanpaineak ikuspegi ludikoa dau gehienbat. Holan errazagoa da herritarrakana heltzea?
Hizkuntzeagaz olgetea gura izan dogu, euskereak eta kultureak emoten daben jokoa aprobetxau. Sarritan, euskerearen inguruko kontuez berba egiten hasten garenean, serio jarteko jokerea dogu, eta serio jarteko moduko gauzak badagoz. Baina hizkuntzearen alderdi ludikoari be kasu egitea beharrezkoa da. Jenteak gustuko dau lehia sanoa, sariketetan parte hartzea, eta kanpaina honetan ondo igarri dogu: lehiaketa herrikoiaren lehenengo egunean 300 lagunek baino gehiagok hartu eben parte, eta eretxiak be bialdu zituen askok. Harrituta geratu nintzan.
5.- Lehiaketak zelakoak dira?
Izatez, lehiaketa bi dira, bata herrikoia eta bestea gaztetxuena. Herrikoia zortzi astean egingo dogu, webgunean sartzea nahikoa da parte hartzeko, ez da aplikazinorik deskargau behar, holan danentzat errazagoa izango dalakoan. Hamabost galderari erantzutea da kontua, denpora jakin baten barruan. Zuzen erantzundako galderen eta erabilitako denporearen araberako sailkapena egingo dogu eta astero sari bat egongo da puntu gehien dituenarentzat.
Gaztetxuen lehiaketarako beste dinamika bat jarri dogu martxan, ikastetxeakaz alkarlanean. Fitxak atondu doguz gai jakin batzuk jorratzeko, eta astero gai bat landuko dabe, baina bakotxak bere erritmoa izango dau, ikastetxe bakotxak erabagiko dau aste bakotxean ze gai hartu. Astearen amaieran galderak erantzun beharko ditue, baina ez da puntuazinorik egongo. Ikasleak makalago dabizan gaiak identifikau, eta sakondu egingo dabe horreetan. Ikastetxeetako curriculumagaz lotutako jarduerea da, azken batean.
Ganera, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, abenduaren 3an, finalak egingo doguz. Gazteen eta helduen finalak egongo dira. Gazteek taldeka hartuko dabe parte eta helduek nahi daben moduan, bakarka zein taldeka. Finaletan be sariak emongo doguz: gazteentzat kirol-jarduerak eta helduentzat erosketa-txartelak. Parte-hartzea bultzatzeko, photocall-a be ipiniko dogu martxan.
6.- Sariak emoteko herriko enpresa eta merkatarien laguntasuna izan dozue, ezta?
Alkarlana azpimarratuko neuke, herritarren eta hainbat sektoretako eragileen inplikazinoa. Hasieratik bilatu dogu lankidetza hori, arlo askotan. Esate baterako, lehiaketako galderak sortzeko orduan, 700 bat preparau genduzan eta herritarren talde bategaz ibili gara horretan. Gaztetxuen atalean, jakina, ikastetxeakaz alkarlanean ibiltea ezinbestekoa izan da. Sarietan be, zortzi astez ibiliko garanez lehiaketan, herriko enpresa eta establezimenduen laguntzinoa izan dogu: astero babesle bat dago eta horrek emondakoa da saria. Adibidez, konserba-enpresek euren produktuak emon ditue. Herriko lehiaketa bat izatea eta herrian geratzea da asmoa.
7.- Alkarlanen artean, Bermeoko lau ikastetxeakaz hasi dozuena aitatzekoa da, euskerearen transmisinoa eta bizitasuna bermatzeko gazteak ezinbeteko katebegia diralako.
Orain dala egun batzuk UEMAk argitaratu duen ikerketearen barri dogu, geure herrian be egin dabe, eta hor ikusten da ikus-entzunezkoen konsumoa zelakoa dan gazteen artean. Ikerketeak garbi erakusten dau herri euskaldunetako ume eta gazteek, neurri handi batean, erderazko edukietara joten dabela. Egia da herria gainditzen dauen markoa dala hori, neurri zabalagoak behar dirala errealidade horri erantzuteko, baina geuk be zeozer egin behar dogu. Zer elikatzen dogun, haxe aterako dogu. Gure dinamikea aletxu bat gehiago da gaztetxuei beste elikadura klase bat emoteko, herrian giroa sortzeko. Ikusi dogu jente askok umeakaz parte hartzen dauela lehiaketan, familia osoak inplikauta, eta aukera polita da.
8.- Lehiaketeagaz batera, ikus-entzunezko websail laburra be badakar kanpaineak, Juan Lebatz protagonista dala. Zelako personaia da?
Beren-beregi sortu dogun personaia da, gizon tristea da, gizajoa, baina erabagi dau bizitzeari bueltea emotea eta aldaketa handia egitea. Musikearen eta jantzearen bitartez egin gura dau hori eta dokumentala sortuko dau aldaketea irudietan batzeko. Pasauko jakozan kontu guztak ikusi ahal izango doguz, umoretik begiratuta. Lau kapitulu izango dira.
Juan Lebatzen kapituluak amaitzen diranean, lehiaketearen azken lau asteetan, beste eduki batera joko dogu: alkarrizketak herritarrakaz. Juan Lebatzen websailean entzun diran esakera eta berben inguruan edade askotako herritarrek egingo dabe berba.
9.- Kanpainearen azken egunakaz bat egingo dau III. Euskaraldiak. Nahita aukeratu dozuez asteok Eingule! martxan jarteko?
Zemendiaren 18an hasiko da Euskaraldia eta ariketa horretan bete-betean sartuko gara Bermeon be. Lehiaketea Euskaraldiaren datetan antolatu dogu, hain zuzen be, batak besteari indarra emoteko. Euskaraldian gogotsu parte hartzeko balio izango dau asteotako lanketeak.
10.- Abenduan amaituko da Eingule!. Aurrerago edizino gehiago egongo dira?
Zortzi aste intenso daukaguz aurretik orain, eta ondoren ebaluazinoa egingo dogu, ea lehenengo aldia zelan joan dan. Baina bai, badogu asmoa jarraitzeko.
Argazkiak: Maite Zarate eta Bermeoko Udala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!