Ikus-entzunezkoetan euskereak dauen lekuagaitik arduratuta dago UEMA

Bizkaie! 2022-09-29 12:27   Euskerea berbagai

Garikoitz Goikoetxearen azterlan zehatza aurkeztu dau mankomunidadeak Eusko Legebiltzarrean.

UEMAko Miren Segurola eta Iraitz Lazkano; eta Garikoitz Goikoetxea (argazkia: UEMA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen erabileran eta transmisinoan eragin sakona dabe gaur egun ikus-entzunezkoek, horregaitik alor horri begiratu deutso UEMAk, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera eta Kirol Batzordean egindako agerraldian. Garikoitz Goikoetxeak egindako azterlanaren emoitzak kontuan hartuta, egoerea arduratzeko modukoa dala uste dau UEMAk.

Iraitz Lazkano Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko lehendakaria egon da Legebiltzarreko batzordean, baita Garikoitz Goikoetxea ikerlaria be. Azken urteotako sensazinoak eta kezkak datuetara ekarri nahi izan doguz lan honegaz, eta egoera makurra azaleratu da, esan deutse Lazkanok legebiltzarkideei. Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza-politikearen ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabagi sendoak hartzea.

Batez be, gazteei begiratu deutse ikerlanean, euskal hiztunen belaunaldi barriak diralako eta ikus-entzunezkoen konsumoa handia dalako euren artean. LH4tik Batxilergoko 2. mailara arteko 11.571 ikasleri UEMAk egindako inkestako datuak erabili ditu Goikoetxeak ondorioak ateratzeko. Telebista, streaming plataforma, sare sozial, musika eta bideojokoetan egiten daben konsumoa izan da aztergaia.

Goikoetxeak Legebiltzarrean azaldu dauenez, euskerearen presentzia txiki-txikia da ikus-entzunezkoetan. Esate baterako, gaztetxuek ikusi daben azken telesail edo marrazki bizidunetatik
% 10,6 baino ez dira euskeraz. Edadearen arabera, zenbat eta nagusiagoa, gero eta bajuagoa da euskerazko ikus-entzunezkoen konsumoa.

Irakurri azterlana hemen (PDF).

Ondorioak eta ardurak zortzi atal handitan banatu ditue:

- Aldaketa handiak: Ikus-entzunezko panoramea asko aldatu da denpora laburrean, beraz, begiradea zabaldu behar da, preminaz.

- Fikzinoa: Alor horretan apustu sendoa beharrezkoa da, gaztetxuek sarri joten dabelako fikzinora. Goazen telesailaren emoitza onak lekuko, apustu sendoek euskerearen erabileran eragin positiboa dabela dino UEMAk.

- RTVE: EITBk dauen ardurea ahaztu barik, Espainiako telebista publikoaren zeregina be aitatu dau UEMAk, udalerri euskaldunetako gazte askok haren saioetara joten dabelako.

- Plataformak: Azken aldion aurrerapausuak egon diran arren, euskerazko eduki gehiago behar da plataformetan. Eta horreen zabalkundea be bai: Zenbat gaztek dakie Netflixen euskerazko edukiak dagozala?

- Erreferenteak: Euskeraz erreferente gitxi dagozanez, hizkuntza ohituretan eragina negatiboa da. Esate baterako, egunero-egunero euskeraz berba egiten daben askok erderara joten dabe sare sozialetan.

- Sortzaileak: Euskeraz edukiak sortuko dituan jente gehiago behar da. Babesa emon behar jake, erderen itsasoan euskerazko sortzaileek be lekua egin deien.

- Hizkuntza-politikak: Eskoletatik eta beste eremu askotatik datozan kezkei erantzuteko, hizkuntza-politika sendoagoak beharrezkotzat jo ditu UEMAk.

- Ikuspegia: Aurrera begirako erronkea dakar azkenik UEMAk: hizkuntza-komunidade lez, zein da gure eredua eta apustua ikus-entzunezkoen arloan? Hau da, zein dan gure asmoa telebistarako, online plataformetarako, zinemarako, sare sozialetarako…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu