'Eingule?', Bermeoko euskereari indarra emoteko
2022-10-03 10:58 Euskerea berbagaiAstero-astero lehiaketak egingo ditue.
Bermeon egiten dan euskerearen indarra eta prestigioa handitzea eta herriaren zuztarrei balioa emotea dira Udalak martxan jarri dauen kanpaina barriaren helburuak. Herriko berbetea olgeteagaz eta ondo paseteagaz lotuta, herritarrak euskeraz, batez be Bermeoko euskeraz, berba egitera animauko ditue.
Urriaren 3tik abenduaren 3ra egingo dabe kanpainea, eta Eingule? da leloa. Udalaren arabera, bermeotarrez olgetako erronkeari heltzeko gonbidapena egingo deutse herritarrei, jarduera ludikoen bidez. Hurrengo zortzi asteotan, beste horrenbeste lehiaketa ipiniko ditue martxan. Sare sozialetan eta webgunean zabalduko ditue aste bakotxeko erronka edo galderak, eta puntu gehien batzen dituanak saria izango dau.
Ganera, kanpainea amaitzeko, lehiaketa herrikoia egongo da abenduaren 3an, Euskerearen Egunean. Banaka zein taldeka parte hartzeko modukoa izango dala aurreratu dau Udalak. Bestetik, Juan Lebatz telesaila sortuko dabe Eingule? kanpainearen barruan, lehiaketei kontestua eta ikus-entzunezko oinarria emoteko.
Herriko lau ikastetxeei (San Frantzisko Herri Ikastetxea, Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHI, Eleizalde Ikastola eta Sagrado Corazón Ikastetxea) laguntzinoa eskatu deutse Bermeoko Udalak, kanpainea gazteakana eroateko. Zortzi astean beste horrenbeste bloke landuko ditue ikasgelan, eduki zehatzakaz: Berbak eta esaerak; Euskerea; Kultura eta sortzaileak; Toponimia, geografia eta naturea; Eraikinak eta eskulturak; Kirola; Arrantza eta itsasoa; eta Ohiturak eta sinesmenak.
Horretarako, irakasleen txokoa egongo da Eingule? webgunean, bakotxak modu autonomoan landu deizan edukiak ikasleakaz. Ikastetxeentzako lehiaketa berezia egingo dabe Euskerearen Egunean. Taldekako lehiaketa horretan hiru sari emongo ditue.
Era berean, herriko eragileakaz alkarlana sustatuko dabe, izan be, banatuko diran sari guztien atzean lekuan lekuko merkatari, ostalari zein negozioak dagoz. Horri esker, lehiaketako irabazleek Bermeoko produktu eta zerbitzuen erosketa-txartelak eskuratuko ditue eta ikastetxeetako parte-hartzaileei kirolagaz lotutako sariak emongo deutsez.
Berbeteak berak gure nortasuna definiduten dau eta geurea indartzera gatoz, adierazo dau Kepa Zumeta zinegotziak. Ez da momentuko ekimena izango, hilabeteetan zehar garatzen joango gara. Seguru gagoz herrian harrotasunez hartuko dan kanpaina izango dana. Ahalik eta jende gehienak parte hartzea da gure helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!