Amaitu dira Begoñako kanposantuko indusketak

Bizkaie! 2022-08-30 08:28   Kulturea

Hainbat sasoi historikotako 4.700 bat gorpu atera ditue.

Hildakoen senideak, lora eskaintzea egiten (argazkia: Aranzadi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lurretik azken gorpua aterateagaz batera, Begoñako Argia proiektuari izena emoten deutsan argia amatau dabe Bilboko Begoñako kanposantuan. Aurreskua eta lora eskaintzea be egon dira. Modu sinboliko horretan jo dau amaitutzat Aranzadi Zientzia Alkarteak eremu haretako indusketea, Bilboko Udalak ohar batean zabaldu dauenez. Ekitaldian izan dira Aranzadiko kideak, indusketearen koordinatzaile Anartz Ormaza, Udaleko Asier Abaunza eta Yolanda Díez zinegotziak eta Begoñan lurperatutako gerrako biktima batzuen senideak.

Igazko urrian hasi ziran Begoñako kanposantuko indusketak, uriaren historiako jazoera historikoak hobeto ulertzen lagundu eta bertan lurperatutako jentearen barri zehatzagoa jakiteko. Emoitzak bikainak izan dira, izan be, Gerra Karlistetako eta 1936ko Gerra Zibileko aztarna ugari topau dira. Ganera, 4.700 gorpu atera ditue lurpetik, hasikeran kalkulau zana halako bost.

Ahalegin horri esker, Gerra Zibilean desagertutako hildako batzuen gorpuak familiei bueltau ahal izan jakez, identifikazinorako analisiak egin eta gero. Hortaz, historia egiteko ez eze, memoria lantzeko be balio izan dau Begoñako Argiak.

Kanposantuan egin beharreko lan guztiak amaitu diran arren, Aranzadiko zientzialariek zeregin luzea dabe oraindino, laborategian analisiak eta azterlanak egingo dituelako, agertutako gorpuen eta objektuen inguruko datu gehiago eskuratzeko.

Begoñako kanposantua 10.000 metro koadroko eremua da, 1813tik 2006ra erabilia. Uriaren historiaren, bilakaerearen eta hazkundearen lekukoa da: zabaldu ebenean, Begoña udalerri independentea zan eta, zarratu ebenean, Bilboren parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu