Memoria historikoa lantzeko proiektua hasi da Begoñako hilerrian
2021-10-01 13:25 KultureaAranzadi Zientzia Alkartearen eta Bilboko Udalaren arteko lankidetzeak dakar Begoñako argia.
Memoria historikoaren arloko zientziazko ikerkuntza, zabalkunde eta formazinorako proiektua martxan jarriko dau Aranzadi Zientzia Alkarteak Bilbon, Udalak emongo deutsan 325.000 euroko laguntzinoari esker. Begoñako hilerria izango da jarduerearen ardatza, uriaren historian izan dauen garrantziagaitik eta han gordeten dan ondareagaitik. Horregaitik, Begoñako argia izena emon deutse.
Zehatzago, hilerrian unibersidade-praktiken campusa ezartea da asmoa, historiaren, ondarearen eta antropologiaren inguruko ikerkuntzarako. Hori guztia, oneratze eta zabalkunde zientifikoko prozesu baten barruan, eta leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor jakon sensibilidade soziala gogan hartuta.
Campusari ekin aurretik, hilerriko aztarnak aztertzeko prozedurea martxan jarriko dau Aranzadik. Inguru guztia dokumentau (argazkiak, 3D irudiak, topografia...) eta landaretzea kenduko dabe. Hango lurperatzeen inguruko agiriak eta arrasto arkeologikoak be batuko ditue, ondarearen arloko balorazinoa egiteko.
Ondoren, gorpuzkiak ateratzeko momentua helduko da. Aztarna guztiak behar dan moduan garbitu, sailkatu eta aztertuko ditue, azken memoria dalakoa egiteko. Lehenengo gorpua ateratzen dabenean (seguruenez martitzenean edo eguaztenean), proiektuari izena emoten deutsan argia biztuko dabe. Gorpu guztiak atera arte ez dabe amatauko.
Begoñako hilerria 10.000 metro koadroko eremua da, gaur egun zerbitzurik emoten ez dauena (1813tik 2006ra egon zan zabalik). Bilboko historiaren, bilakaerearen eta hazkundearen lekukoa da: Gerra Karlistak eta 1936ko Gerrea ezagutu zituan; zabaldu ebenean, Begoña udalerri independentea zan eta zarratu ebenean, Bilboren parte.
Memoria historikoaz gan, balio artistikoko elementu batzuk be badagoz hilerrian, esate baterako, Vicente Larrea, Emilio Amann eta José María Basterra arkitekto ezagunek diseinautako panteoiak, XIX eta XX. mendeetako arkitekturearen lekuko.
Aranzadi Zientzia Alkarteko Juantxo Agirrek azaldu dauenez, ikerkuntzarako hain aukera handia emoten dauen eta bertan behera itxita dagoan beste hilerirrik ez dago Euskal Herrian. Uste dogu Begoñako hilerria aukera bakarra dala, nazinoartean zientziazko zabalkunde eta formazinoaren eredu bihurtzeko, antropologiaren, memoria historikoaren eta kultur ondarearen arloan.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Aranzadiko adituen prestigioa eta eskarmentua azpimarratu ditu, proiektua aurkezteko Begoñako hilerrian bertan egindako agerraldian. Begoñako hilerriari zor jakozan protokoloak ziurtatuta dagoz, zeren eta, ez daigun ahaztu memoria-lekua dala, eta lotura estua dauela sentimenduakaz, ganeratu dau Aburtok.
Begoñako hilerrian Aranzadikoek egiten daben guztia herritarrei hurreratzeko, hainbat jarduera antolatuko ditue. Esate baterako, bisitaldi gidatuak eta adituen berbaldiak. Azken honeek Bidebarrieta liburutegian egingo ditue. Era berean, Begoñako Andra Mari kalean, hilerrira doan sarbidean, panel bidezko erakusketa txiki bat ipini dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!