Anartz Ormaza: 'Memoria historikoaren benetako zentzuna ikusten gabiz Begoñan'
2022-04-11 08:02 BarriketanBegoñako Argia proiektuko koordinatzailea.
Aranzadi Zientzia Alkarteak Begoñako Argia izeneko proiektua dau martxan Bilboko Begoña auzoko kanposantuan, Udalaren babesagaz. XIX. mendetik oraintsu arte erabili dan ezkero, uriaren azken mendeetako historiaren eta bizimoduaren inguruko informazinoa batzeko aukera bikaina da adituentzat. Bertan lurperatutako milazak gorpuak banaka-banaka ateratzen dabiz, eta horrek sorpresa bat baino gehiago ekarri ditu, Aranzadiko kide eta Begoñako Argiaren koordinatzaile dan Anartz Ormazak kontau deuskunez.
Ezustean, kanposantuaren erregistroan agiri ez dan hobi komun handi bat topau dabe, 1937koa, Gerra Zibila Bilbora heldu zanekoa. Horko gorpu asko ez dagoz identifikauta, eta Gogora Institutuagaz alkarlanean dabil Aranzadi, DNA proben bidez hildakoak nortzuk diran jakiteko. Lehenago, I. Gerra Karlistako beste hobi bat be agertu zan.
Begoñako kanposantua 10.000 metro koadroko eremua da, 1813tik 2006ra erabilia. Uriaren historiaren, bilakaerearen eta hazkundearen lekukoa da: zabaldu ebenean, Begoña udalerri independentea zan eta, zarratu ebenean, Bilboren parte. Anartz Ormazak topetan dabizan guztiaren barri emon deusku.
1.- Dagoeneko kanposantuaren heren bi inguru aztertuta daukazuez, baina orain dala egun batzuk agertu zan hobi komun handia ezustekoa izan dala dinozue. Zer dala eta?
Kanposantuko erregistroa euki badaukagu, 1933tik aurrerakoa, horregaitik jakin izan dogu Gerra Zibileko jentea hemen lurperatuta dagoana, eta banan-bana lurperatu zituenen identifikazinoa eta kokalekua be bai. 45 hildako ingururen barri izan dogu hasieratik, gerora 50etik gora dirala ikusi dogu. Horrezaz gan, lau personako hobi komun txiki bat egoala be bagenkian. Kontua da ze, hobi txiki horren lekuan beharrean hasi ginanean, lau gorpu ez, pilo bat agertu ziran, egun batzuk behar izan genduzan eremu horren indusketea egiteko, 46 lagun egozan han.
2.- Hain hobi komun handia izanda, zer dala eta erregistroan aitatu ez?
Erregistroan badago hutsune bat, 1937ko bagilaren 15etik 20rako bost egunetan ez dago ezer erregistrauta. Kontuan izan faxistek Bilbo hartu ebela bagilaren 19an, beraz, egoerea nahiko kaotikoa izango zan egun hareetan, Artxandako batailea oso sutsua izan zalako. Uste dogu nahaste haretan ahal izan zan moduan lurperatu zituela, prozedimentuari kasu egin barik. Gerrak eragindako hildakoak bide bazterretan itxi beharrean, zelan edo halan batu nahi izan zituen eta lur emon.
3.- Gorpuen artean danetarikoak dagoz, miliziano zein gudariak, baita material ugari be. Nahaste hori be kaosaren ondorio izan zan?
Hobi komunean, batez be, burrukaldietan hildakoak dagoz. Bonbardaketetako biktimak, ostera, badagoz erregistroan. Baina egia da frentetik etorritakoen artean danetarikoak dagozala, milizianoak, gudariak... Soldaduek lepoan eroaten dituen bost txapa topau doguz, eta horreek garbitu eta gero lortu dogu informazino asko.
4.- Orain, DNA frogak egingo deutsiez gorpu guztiei Gogora Institutukoek, hildako guztiak identifikau eta hareen senitartekoak topetako.
Begoñako Argia proiektuaren barruan, Gerra Zibilari jagokozan gorpuen kasuan Gogora Institutuagaz gabiz lanean, hitzarmena dogu Aranzadik eta Gogorak. Gu arduratzen gara desobiraketak egiteaz eta laborategiko azterlanak egiteaz; Gogorakoak, DNA probak kudeatu, eta familiakaz hartu-emonetan jarten dira. Hobi komun honen barri emon genduanetik, jente askok jo dau Gogorara, uste dauelako senideren bat euki leikiela kanposantuan, gerran hildako osabaren bat-edo. Guri be deitzen deuskue, Aranzadira, baina Gogorara bideratzen doguz. Esate baterako, orain dala gitxi, 85 urteko emakume batek deitu eustan, Gogorakoei DNA emon nahi deutselako, ze bere aita Begoñan egon leitekela pentsetan dau. Berak ez eban aita ezagutu, ume-umea zan, baina badaki Artxandako batailan hil zana eta entzunda dauka Begoñako kanposantuan ete dagoan gorpua. Baina erregistroan ez da agiri. Seguruenez, identifikau bako gorpuetako bat izango da.
Halako sorpresa onak bat baino gehiago izango doguzala pentsetan dot. Izan be, kanposantuko erregistroan agertu ez arren, Erregistro Zibilean Begoñan lurperatutzat joten diran zazpi persona dagoz. Seguruenez subertea izango dogu identifikazino batzuetan.
5.- Lan zientifikoa oso metodikoa da, baina zuen kasuan badau alderdi gizatiarra. Hainbeste hamarkadaren ostean familia batek bere senide bat non dagoan jakin dauela ikusten dozuenean, zer sentiduten dozue?
Satisfakzinoa da, ze gurea lan gogorra da, aire zabalean gagoz, hotz, euri eta basatza eta guzti. Baina holako emoitzak datozanean eta ikusten dozunean 85 urteko persona bati pakea emon ahal deutsazula, bizi guztian aita non egon dan ez dauelako jakin, hunkigarria da. Egiten dogun beharraren zentzuna hori dala konturatzen gara.
Daborduko 2.200 gorpuzki baino gehiago atera doguz kanposantutik, horreetatik 76 dira 1936ko Gerrearen kontestuan lurperatuak. Milazak gorpu dira, eta familia askori lagundu deutsagu, batzuek ez dabe jakin euren aitita-amumak edo aurrekoak non egon diran. Ganera, kanposantuan eta laborategian egiten gabizan ikerlanari esker, ezagutzen goaz zelakoa zan Bilboko eta Begoñako gizartea XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran. Modu bat da auzoko eta uriko memoria berreskuratzeko. Jente askoren ahotan dabil memoria historikoaren kontzeptua, eta hemen ikusten dogu kontzeptu horren benetako zentzuna.
6.- Emoten zabizan datuak kontuan izanda, esan geinke bere sasoian inportantea izan zala Begoñako kanposantua?
Bai, pentsau XVIII. mendearen amaierara arte jentea eleiza barruetan lurperatzen zala, baina, 1813an, Bilboko eta Begoñako udalek agindua emon eben kanposantua egiteko, eleizetatik kanpo. Bilbok hilerri txiki bat izan eban San Frantzisko komentuaren alboan, gero Mallonakora joan zan. Baina Mallonakoa be 1902an hutsitu zan, eta Vista Alegre izenekoa bihurtu zan Bilboko kanposantua, hau da, Deriokoa esaten jakona, berez Zamudioko lurretan dagoan arren. Bilbon bertan martxan segidu daben bakarrak Deustukoa eta Begoñakoa izan dira, eta azken hau izan da urte gehien zerbitzuan emon dituana, 2006an zarratu eben.
Beraz, Begoñakoa da Bilboko kanposanturik zaharrena eta luzaroen zabalik egon dana. Uriko pasarte askoren barri emoten deusku, esate baterako, orain dala aste batzuk I. Gerra Karlistako hobi komun bat topau genduan. Hori guztia azaleratzen gabiz orain.
7.- Gerra Zibileko hobi komun handia komunikabide guztietan agertu da. Begoñako Argia proiektuaren barruan ze beste aurkikuntza nabarmenduko zeunkez?
Aitatzekoa da kanposantuaren parte bat umeen eremua zala, horrek informazino ugari emon deusku: zelakoak ziran umeei lur emoteko moduak, ze gaixotasunegaz hilten ziran... Bestetik, izurriei lotutako hobiak be badagoz. Bilbon kolerea zabaldu zan XIX. mendearen amaieran, eta orduko gorpu batzuk topau doguz, kareagaz tapauta. Alde mediatikotik hain deigarriak ez diran aurkikuntzak egiten gabiz, batzuetan gauza txikiak be interesgarriak dira.
8.- Objektuak be topetan dozuez. Zelakoak dira?
Gorpuakaz batera objektu personalak agertzen dira sarri. Gerra Zibileko eremuan, beste objektu askoren artean, lehertu bako granada bat agertu zan. Jente arruntaren kasuan, botoiak, eraztunak, dominak eta halakoak egoten dira, XX. mendearen hasierako hanka ortopediko bat be gogoan dot. Urrezko haginak be ez dira falta. Eguneroko objektuak izan arren, sasoi bakotxeko bizimoduaren pista asko emoten deuskuez.
9.- Hildakoen duintasuna eta zor jaken errespetua beti gogoan izaten dozuez gorpuak lurretik ateratzeko orduan. Hori zelan buztartzen da lan zientifikoagaz?
Ez da erraza, lan zientifiko eta zehatza egin behar dogulako, sistematikoa. Gorpu guztien edadea, sexua, patologiak eta halakoak jasoten doguz, kanpotik ikusita makina baten moduan lanean gabizala emon leike. Baina lan hori egiten gabizan artean loturea sortzen da, zeregin duina da, ez doguz gorpuak edozelan ateratzen. Zientifikoa eta hotza da gure lana, baina sensibilidade moduko bat emoten deutsu. Egunean, gutako bakotxak gorpu bi edo hiru ateratzen ditu, hau da, hiru-lau ordu pasetan doguz hazurdura bakotxagaz. Denpora horretan, ez dot esango lotura emozional bat sortzen danik, baina errespetuzko hartu-emona bai.
10.- Unibersidade askotako ikasleak dabiz Begoñako Argian laguntzen, zentro ugarigaz dozuezan akordioei esker. Zer ikasten dabe halako indusketa baten?
Batez be, hazurrakaz bertatik bertara lan egiten ikasten dabe. Arkeologiatik, Medikuntzatik, Kriminologiatik eta halakoetatik etorten jakuz ikasle asko eta, batzuetan, unibersidadean ez dabe gorpuakaz lan egiteko aukera askorik izaten. Ganera, laborategian edo kanpoan ibiltea ez da bardin.
Normalean, astebeteko egonaldiak egiten ditue geugaz. Aukera hori izatea inportantea da eurentzat, prozesu osoa ikusten dabelako: indusketea, desobiratzea, hazurren azterketea... Aberasgarria da. Espainia guztiko unibersidadeetatik etorten jaku jentea, proiektu honek oihartzun zabala izan dauelako, aukera parebakotzat dabe.
11.- Aurrera doa Begoñako Argia, beste sorpresarik espero dozue?
Ez dakigu lurraren azpian ze sorpresa egon leiteken, hori indusketea egin ahala baino ezin dogu ikusi. Kanposantuaren heren bi inguru aztertu dogu, azken fasean sartu gara. Dana ondo badoa, bi edo hiru hilean amaituko dogula aurreikusi dogu. Azken asteotan sorpresa asko izan doguz, Gerra Karlistetako lurperatzeak topau genduzanetik, eta nork jakin zer etorriko dan gero. Erregistroaren arabera, nobedade askorik ez litzateke egon behar, modu sistematikoan egingo dogu lan, baina eskua sartu arte ezin da ziur esan.
Argazkiak: Aranzadi eta Bilboko Udala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!