Begoñako kanposantuan agertu da Gerra Zibileko Euskadiko hobi komun handiena

Bizkaie! 2022-03-30 13:17   Pil-pilean

Material ugari eta 46 lagunen gorpuzkiak topau ditue indusketetan.

Gauza jakina zan Bilboko Begoñako kanposantuak historiako pasarte garrantzitsuetako aztarnak gordeten zituala, eta horregaitik ekin eutsien Begoñako Argia proiektuari Bilboko Udalak eta Aranzadi Zientzia Alkarteak. Oraingo honetan, 1936ko Espainiako Gerra Zibilari lotutako aurkikuntza baten barri emon dabe, gatazkan hildako soldaduen hobi komun bat hain zuzen.

Beatriz Artolazabal sailburua eta Juan Mari Aburto alkatea buru, hobi komunaren inguruko azalpenak emoteko agerraldia egin dabe Udaleko, Aranzadiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Azaldu dabenez, seguruenez, Euskadin agertutako hobi komunik handiena da Begoñakoa, Gerra Zibilari lotutakoen artean.

Gerran jardundako 46 soldaduren gorpuzkiak dagoz hobian, eta sasoi haretako informazino baliotsua emoten dauen material ugari be agertu da: txanponak, botak, munizinoa, orraziak, labanak...

Hobi komuna lau zatitan banatuta dago, eta hildakoen artean be aldeak dagoz. Gehienak burrukan hildako miliziano eta gudariak dira, Errepublikearen eta Euzkadiko Gobernuaren aldekoak. Baina faxisten aldeko hildakoren batzuk be badagoz. Gitxienez hildako bat ez zan batailan hil, fusilauta baino, buruhazurrean zuloa dauelako eta eskuak lotuta.

Begoñako hilerrian Gerra Zibilean ibili ziranen gorpuak banaka lurperatuta egozala agirietan jasota egon da, baina hobi komunen barri ez da inon egon, eta, beraz, barritasun handia da adituek orain topau daben hau, batez be tamainua kontuan hartuta.

Memoria historikoa lantzea da Begoñako Argia egitasmoaren helburua. Horregaitik, azterlan arkeologiko eta historikoak eginda, lana ez dabe amaituko. Gogora Institutukoek DNA probak egingo deutsez hobi komuneko gorpu guztiei, bakotxaren senideak topau ahal izateko.

Argazkiak: Bilboko Udala eta Aranzadi Zientzia Alkartea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu