Aranzadik Karlistadearen sasoiko hobia topau dau Begoñako kanposantuan

Bizkaie! 2022-02-18 12:44   Kulturea

Begoñako Argia proiektuaren barruan.



Begoñako Argia
memoria historikoaren arloko ikerkuntza, zabalkuntza eta formazino zientifikoko proiektu bat da, Aranzadi Zientzia Alkarteak bultzatua eta Bilboko Udalak diruz lagundua eta hainbat unibersidadegaz alkarlanean dabil gauzatzen.

Joandako urrian hasi ziran beharrean eta ordutik Aranzadi eta Begoñako kanposantuan finkatutako praktikaldietako campusean parte hartzen dabizen ikasle gazteek 1.500 pertsona baino gehiagoren gorpuzkiak desobiratu ditue.

Joan den astean, Santa Teresa A izeneko gunean desobiratze lanetan ebizela (1935eko eta 1937ko hazurdurak ebizan ataraten lurpetik), lehenengo lurperatze-mailapetik, bigarren maila bat topau dabe, lehenagoko sasoi batekoa, zehatz, orpoz gorako jarreran agertu dan gizabanako baten gorpuzkiak topau ditue, gainerako gorpuzki guztien kontrako noranzkoan eta ondorioztatu dabe ez jagokozala ohiko lurperaketa bati. Gainera, hazurdura horretan, botoi batzuk topau ditue, Karlistadetako armada liberal edo gobernuzalearenak izan daitekezanak. Horreetako batean, Chinchilla idazkuna irakurri daiteke, eta koroaren eta lirio lorearen irudiak daukaz.

Indusketa-lanetan aurrera eginda, lehenengo gorpu horretatik hur, beste gizabanako batzuen gorpuzkiak agertu dira, osteko lurperaketa batzuek etenda eta multzoan lurperatuta, ez banaka eta jarrera ezbardinetan eta seinalea izan daiteke hobi komun bat dala.

Horrezaz gan, botoi gehiago be topau dira (bik infanteriako 17. zenbakia daroe eta beste batzuek irakurri ezin diran idazkunak daukiez, baita txanponak be, egoera txarrean.

Hobia zelan desobiratzen dan ikuskatzeko, Paco Etxebarria eta Lourdes Herrasti osteoarkeologoa izan dira gaur goizean Begoñako Kanposantuan; eurekaz batera izan dira Juantxo Agirre, Aranzadiko idazkari nagusia eta Anartz Ormaza eta Carmen Coch, Begoñako Argia proiektuaren arduradunak, baita Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obretako, Uri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia be.

Karlistadak Bilbon eta Begoñan

Bilbo interes handiko gunea izan zan Karlistadetan, baita Begoña be, uriak sufridu zituan setiamendu eta oldarraldietan leku estrategikoan egoalako. Lehenengo Karlistadan, Begoña hautatu eban Zumalakarregik artilleria-bateria bat kokatzeko Bilboko setioaldian. Ordutik, karlistek eta liberalek okupau izan eben Begoña eta santutegia gotorleku bihurtu; horregaitik bonbardaketen helburu izan ziran.

Lau alditan inguratua izan zan uria eta azken setiamendua 125 egunekoa izan zan, 1873aren amaieratik 1874ko maiatzera eta Begoñak berebiziko garrantzia izan eban.

Kontuak kontu, topautako materialak eta gorpuzkiak analizau ondoren, Bizkaiko Arkeologia Museoan gordeko dira (Bilbon), Zazpi Kaleetan , Begoñako kanposantutik hur.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu